GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN

PP-ren mehatxuak mehatxu, gogor eutsi diote EAE-ANV-ri lizartzar eta elduaindarrek

Datorren igandean, Elduainen eta Lizartzako bizilagunek PP izango dute hautes-zerrenda `legal' bakarra eta hortaz alkatetza haien esku eror daiteke. Mehatxuen gainetik, ezker abertzaleak gogor eutsi dio bereari eta EAE-ANV bozkatzeko deia lau haizeetara egin du.

Oihana LLORENTE

Hauteskundeen atarian, Estatuko abokatuak eta Fiskaltzak eskatutakoa aintzat hartu eta Auzitegi Goren eta Konstituzionalak hartutako ilegalizazio erabakiek harri eta zur utzi dituzte Lizartzako eta Elduaingo biztanleak. Datorren igandean egingo diren udal hauteskundeetan PP da balizko zerrenda bakarra Tolosaldeko bi herri hauetan eta hortaz, biek ala biek izan dezakete Marino Rajoy buru den alderdia udaletako buru.

Elduainen 188 biztanlek dute botoa emateko eskubidea, baina Estatu espainoleko epaitegiek Euskal Herrian ezarritako apartheid egoera dela-eta, elduaindarren gehiengoaren boz eskubidea urratu eta haien aukera baztertuko dute. Gainera 250 biztanletik beherako herria izanik, jarriko dituzten hautestontzietan, PPren aldeko boz bakarra eskuratuta nahikoa izango litzateke Mariano Rajoy buru duen alderdia garaile ateratzeko. Azkeneko hauteskundeetako emaitzak kontuan hartuta, ez dute erraza izango, azken herri bozketan ez baitzuen boto bakar bat ere eskuratu.

Lizartzan aldiz, balioko bozen %5 eskuratu beharko ditu PPk Udaleko buru izateko. Herriatarren boz oro aurkeztutako bi zerrendei emanez gero, hau da, bozka zuririk eman ezean, bakar batek PP hautatzea nahikoa izango litzateke Mariano Rajoy buru duen alderdia garaile ateratzeko; EAE-ANVren aldeko bozak baliogabetuta, balioko bozen %100 lortuko bailituzke. Baina boto zurien araberakoa izango da azken emaitza; 95 lizartzarrek boz zuria emango balute, PPk 5 boto lortu beharko lituzke boterea eskuratzeko.

PPk agintea lortzeko ezinbestekoak dituen bozak eskuratu ezean, azken udal hauteskundeetatik eratutako udalbaltzak, behin-behineko izaeraekin jarraituko luke agintean. Horiek hala, bai Elduainen bai eta Lizartzan ere, EAJ-EA koalizioak jarraituko luke karguan, nahiz eta hauteskunde hauetan aurkeztu ez.

Orain lau urte, ezker abertzalearen plataformei ezarritako apartheidaren ondorioz, lehenengo indarra izan zena alboratu eta EAJ-EA kolazioak hartu zuten herri horien agintea. Gaur lau urteren ostean, ez EAk ezta EAJk ere ez dute zerrenda aurkeztu baina boz zuria emateko deia egin dute, agintea beste lau urtez haien eskuetan mantetzeko.

Gipuzkoako Buru Batzarreko buru eta Lizartzako alkate Joseba Egibarrek kanpainan egindako prentsaurreko batean, PPk Lizartzako Udala eskuratu ez dezan, bozka zuria emateko eskaria egin die lizartzarrei, hala aurreko udalbatza mantenduko baita. Orain lau urte, zergatik aurkeztu ziren itaunduta PPk alkatetza lortzea ekiditeko egin zutela azaldu zuen, baina aurtengoan aurkeztu ez eta beste lau urtez Udala mantentzeko saiakeran da EAJ.

Ezker abertzaleak ordea gogor eutsi dio bereari, eta elduaindar eta lizartzarrei datorren igandean EAE-ANV bozkatzeko deia egin dute. Prozesuaren aldeko indar bilketa egin behar dela deritzote eta era berean, hauteskunde demokratikoen aldarria zabaldu nahi dute haien bozekin.

Iruran, 2003ko hauteskundeetan ezker abertzaleko plataforma nagusitu arren, emaitza ofizialek EAJ-EA koalizioari eman zioten garaipena. Baina, Elduaien eta Lizartzan ez bezala, Iruran, Aizarnazabal, Leaburu, Itsasondo eta Hernialden inork ez zuen kargurik hartu eta 1999ko hauteskundeen ostean eratutako udalbatza mantendu da azken lau urteetan guztietan. Egun, ordea, Iruran EAE-ANVko zerrenda baliogabetu dutenez gero, PSOEko eta PPko `legezko' zerrendak dira Irurako Udala eskuratzeko lehian dauden bakarrak. Irurako Herriak du Hitza herri ekimenak ordea, herriko agintariak herrikoak izaten jarraitu dezaten eta PPk eta PSOEk balioko bozken %5 lor ez ditzzaten bozka zuria eskatzea ebatzi du.

Herritarrak haserre eta nazkatuta

Lizartzako Jose Mari jatetxeko langile Maribik egoerak haserretzen eta nazkatzen duela adierazi du; hala ere, ez du uste PPrekin gauzak okerrera joan daitezkeenik. Orain lau urte, Lizartza egoera berean zegoela gogorarazi du. «Kanpoko jendea kargua hartzeko zain zegoen» adierazi du. Haren aburuz, aldaketa bakarra alkateak Joseba Egibar izena izan edota Santiago Gandarias izatea da.

Azken lau urteetan, alkate eta udal gabe egon direla pentsatzen dute lizartzar gehienek, eta egoerarekin «erabat nazkatuta» daudela aitortu dute.

Kanpotarrak. Lizartzatik kanpo zetozen herritarrek osatzen zuten orain lau urte aurkezteko beta izan zuen zerrenda bakarra, EAJkoa. Orain, lau urteren buruan, egoera antzekoa da. Lizartzarrez osatutako zerrenda bakarrak, EAE-ANVkoa eta Lizartzako Abertzale Sozialistena, hauteskunde-lehiatik at utzi ditu Estatu espainolak. EAJk, herriko jendearekin zerrenda bat aurkezteko saiakerak egin dituen arren, ez du aurkitu Lizartzan beharrezkoa zuen babesik, eta horregatik PPkoa da hauteskundeetan egon daitekeen indar bakarra. Baina herritarrek ez dakite nor diren hautagaiak, ezta herriari zein ekarpen egin nahi dioten ere.

Tolosaldeko herri horietako egoerak komunikabide ugariren arreta piztu badu ere, une oro han-hemenka aurki daitezkeen kazetariek ez dute PP alderdiko zerrendagai bakar bat ere aurkitu, lan hori eguerdian ilargi bila aritzea bezala baita. Santiago Gandarias madrildarra da Lizartzako PPko zerrendaburua, eta atzetik anaia Alvarok jarraitzen dio.

Familiak pisu handia omen du eskuineko ideologian, eta hori izango da Irurako zerrendaren zergatia, Caruncho Llaguno sendia baita jaun eta jabe PPko hauteskunde-zerrendan. Baina horrakoa ez da adibide esanguratsu bakarra. Izan ere, Agustin Diaz de Mera PPko eurodiputatu eta M-11 epaiketan txit ezaguna egin den Polizia Nazional espainoleko buruetako bat Oiartzunen alderdi espainoleko zerrendagaia da.

PPko buruzagi Carmelo Barriok «erabat demokratikotzat» jotzen du herri guzti horietan bizi den egoera. Era berean, beharrezkoa duten boz kopurua eskuratuz gero, hauteskunde-zerrenda osatzen duten eta euskal herritarrak ez diren hautagaiek haien karguari muzin egingo diotela adierazi du, eta horien ordez, Arabako, Gipzkoako edota Bizkaiko kideek hartuko dituzte beharrezko ardurak, Barrioren arabera.

 
EAJ-k aginteari eutsita

EAJk ez ditu zerrendak aurkeztu Elduaienen eta Lizartzan, baina boz zuria emateko deia egin du PPk alkatetza eskura ez dezan arguadituta. Ez dute esan, ordea, era horretan datozen lau urteetan ere boterea manteduko dutela.

Egoerak

Irura

2003 hauteskundetan ezker abertzaleko plataforma garaile atera bazen ere, emaitza ofizialek EAJ-EAri 6 zinegotzi eta PSEri bat egozten zizkieten. Inork ez zuen, ordea, kargua hartu eta ordutik 1999an hautatutako udalbatzak jarraitu du agintean. Egun, EAE-ANVren zerrendak ilegalizatu ostean, PP eta PSOErenak dira aurkeztu daitezkeen bakarrak. Irurako, Herriak du Hitza herri ekimenak ordea, boza txuria emateako deia luzatu du.

Hernialde

Azken udal hauteskundeetan, ezker abertzalea izan zen boz gehien eskuratu zuen indarra, baina Alderdi Legearen ezarpenak EAJ-EA kolizioari eman zion garaipena. Horiek, ordea, ez zuten ofizialki zegozkien zazpi karguak hartu eta aurreko udalbatzak jarraitu zuen, zinegotziek eta alkateak dimisioa eman zuten arte. Geroztik hiru urte igaro dira eta Irurako Udaletik kudeatu izan da herria. Datorren igandean Hernialdeko Herritarrak eta PP izango dira lehian.

Aizarnazabal

Azken udal hauteskundeetan, ezker abertzalea izan zen garaile baina Alderdi Legearen ezarpena dela-eta, Udaleko zazpi hautetsiak EAJ-EA koliazioaren esku erori ziren. Horiek ordea ez zuten kargurik hartu, eta aurreko udalbatza mantendu da azken lau urteetan. Datorren igandean, ordea, EAE-ANV, EAJ eta PPko hautagaitzak izango dira lehian.

Leaburu

Azken bozketan ezker abertzaleak irabazi zuen, baina emaitza ofizialek Udaleko zazpi hautetsiak EAJ-EA koliazioaren esku utzi zituen. Hauek karguei muzin egin eta aurreko udalbatza mantendu da. AS eta EAE-ANVko zerrendak ilegalak dira Leaburun eta honen ondorioz, Bide Berria Hautesle Elkartea eta PPren artean jokatuko da alkatetza datorren igandean.

Itsasondo

2003an ezker abertzalea garaile izan bazen ere, Udaleko zazpi hautesiak EAJ-EA koliazioaren esku erori ziren. Hauek ordea ez zuten kargurik hartu eta aurreko udalbatza mantendu da azken lau urteetan zehar. Igandean ordea, EAE-ANV eta PPren artean izango da lehia.

Elduaien

2003an ezker abertzalea garaile izan bazen ere, Udaleko zazpi hautesiak EAJ-EA koliazioaren esku erori ziren. Beste herrietan ez bezala, kolizioak haien karguak hartu eta azken lau urteetan bertako Udala EAJ-EAren esku egon da. Igandeko hauteskundeterako ezker abertzalea berriz ere, ilegalizatu dute, eta soilik PPko zerrenda izango da lehian. Ezker abertzaleak, «konbentzimendu osoz» EAE-ANVri boza ematea ebatzi du.

Lizartza

2003ko hauteskundeetan, ezker abertzalea izan zen garaile baina Alderdi Legearen ezarpena dela-eta, Udaleko zazpi hautetsiak EAJ-EA koliazioaren esku erori eta horiek onartu zituzten. Joseba Egibar izan da Lizartzako alkatea azken lau urteetan eta aurten EAJko zerrendarik aurkezten ez bada ere, bozka zuria emateko deia egin du. PPk beharrezko duen balioko bozen %5 eskuratu ezean, EAJ segituko da hurrengo lau urteetan. Ezker abertzaleak ez du boz zuriaren alde egin, eta herritarrei EAE-ANV bozkatzeko deia egin die.

Egibarrek kasurik ez

Lizartzako ezker abertzaleak atzo eginiko agerraldian azaldu bezala, egoera konpontzeko xedez Egibarrekin bilera egiten saiatu da, baina EAJ-ko buruzagiak eskaerei muzin egin eta ez die hitzordurik eskaini Lizartzako herritarrei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo