GARA > Idatzia > Futbola

Xabi Alonso Liverpool-eko jokalaria

«Talde bezela lan egitea da gakoa, horrela iritsi gara-eta finalera»

Manex ALTUNA | BILBO

Bigarren Txapeldunen Liga irabazteko aukera izango du Xabi Alonsok Atenasen. 25 urterekin oso futbol jokalari gutxik esan dezakete horrelakorik. Realetik Liverpoolera emandako jauziak hazteko balio izan dio eta erreferentzia bilakatu da ingelesen zelai erdian. Donostian ezagun egin zuten pase luzeak sekulako zehaztasunarekin egiteko kalitatea mantentzen du eta fisikoki gogorragoa egin da Premier Leaguen. Gustura dago eta ondo egokitu dela dio. Murtzian aste bateko egonaldia egin ondoren, prest daude Milani berriz ere irabazteko.

Nola dago Liverpool? Beldurrik al diozue Milanen errebantxa gogoari?

Partida gerturatu ahala, nerbioak igartzen dira, gehien bat Atenasen gaudenetik. Badakigu Milanek gogo asko izango dituela orain dela bi urte gertatu zena bueltatzeko, baina guretzat ere Champions-eko finala da eta gogotsu gaude onena emateko.

Final arraroa izan zen Istanbulen bizitakoa, nola gogoratzen duzu?

Niretzat ahaztezina izan zen. Lehen urtea zen Liverpoolen eta finalera iristea jada izugarria zen. Gainera, gertatutakoak ere hobeak egiten ditu oroitzapenak. Atsedenaldian 3-0 galtzen gindoazen eta ezinezkoa zirudien berdinketak. Baina lortu genuen eta gero penaltietan irabaztea ahaztezina izan zen.

Dudek eta bere mugimenduak izan ziren protagonista penalti jaurtiketa hartan, aurten ere Reynaren geldiketei esker lortu duzue sailkapena.

Argi dago honaino iristeko penaltiak pasatu behar badituzu eta Reyna, oso atezain ona, izatea oso garrantzitsua dela. Entrenatzen ikusten dut eta egunero erakusten du oso maila altua daukala penaltiak gelditzerakoan.

Izenik jarri al zenioten Dudeken egindakoari?

Orain dela hogei bat urte Bruce Grobbelaar-ek, Liverpooleko atezain ohiak, gauza bera egin zuen Txapeldunen Ligako final batean eta hori dela-eta, Carragherrek horrelako zerbait egiten saiatzeko esan zion Dudeki. Jaurtitzaileek kontzentrazioa galtzea zen helburua eta lortu zuen.

Hasiera batean faboritotzat jotzen ez ziren bi talde heldu zarete Atenasera. Zuek esaterako, Chelsea eta Bartzelona talde indartsuak kaleratu dituzue. Txapelketako talderik onena izan zarete edo lehiatzerakoan aurkarira onenen egokitzen dakizuenak?

Bi partidatara edozein talderi gailentzeko gai garela dakigu. Bartzelona egokitu zitzaigunean probatzat hartu genuen eta sekulako konfiantza hartzeko balio izan zigun iazko txapeldunari irabazteak. Chelsea edo PSV-ren aurka ere hasieran ez ginen faboritoak baina merezita gaude finalean.

Zein da Liverpoolen sekretua?

Taldea ona daukagu eta entrenatzailearen lana ere garrantzitsua da. Gauzak ondo prestatzen ditugu. Talde bezala lan egin behar dugu horrela iritsi gara-eta honaino.

Zerk egiten du berezi Benitez?

Nahiko perfezkzionista da. Xehetasun guztiak ondo zaintzen ditu eta gauza guztiak ahalik eta ondoen prestatzen saiatzen da. Gainera, bere inguruan ere oso jende prestatua dauka. Valentzian maila handia eman zuen eta hemen ere bai.

Mourinhori behintzat neurria hartuta dio.

Bi partidatara ondo funtzionatzen dugu eta hiru urte hauetan hainbat aldiz gainditu ditugu. Txapeldunen Ligako finalerdietan bi aldiz eta FA Cup-en ere bai. Ligan, ordea, ez dugu hain ondo funtzionatzen. Kanporaketak jokatzerakoan psikologikoki indartsuagoak gara.

Zer prestatu duzue Milan gelditzeko?

Esperientzia handia daukate eta badakite une bakoitzean nola jokatu eta zer egin. Haien jokalaririk garrantzitsuena Kaká da. Munduko onenetarikoa izango da eta partida hautsi dezake. Asko zaindu behar da; gustura ez badago, alde handia irabazita izango dugu.

Istanbulgo finala galdu ondoren Milanen ziklo bat bukatu zela zirudien Cafu, Maldini edo Costacurtaren adina ikusita. Baina bi urte geroago berriro aurkitu dituzue bidean.

Urteak igaro arren, maila mantentzen dute eta beren esperientziaz baliatzen dira, zer egin eta nola erabakitzeko.

Premier Leagueko hiru talde sailkatu zarete Txapeldunen Ligako finalerdietara aurten, Europako ligarik indartsuena da ingelesa?

Baliteke, taldeak oso indartsuak dira ekonomia eta finantziazio arloko datuak begiratzen badituzu. Diru asko mugitzen da eta partida guztietan sarrera ona egoten da. Gaur egun dagoen ligarik onena dela uste dut.

Nolakoa da Ingalaterrako estadio batean jokatzea?

Ezberdinak dira. Alderik nabarmenena da estadio gehienak ia beti beteta egoten direla. Liverpoolen zaleak esaterako edonon jokatuta 5.000-10.000 zale joaten dira partida ikustera. Guretzat hori oso berezia da .

Hainbesterainokoa da Anfieldeko babesa?

Egia esan asko hitz egiten ari da eta normala da jendeak pentsatzea ez dela hainbesterainoko izango, baina hemen egonda eta partida bat ikusita, jarraian konturatzen zara. Estadioaren egitura oso polita da eta zaleak gertu sentitzea ahalbidetzen du. Horrela jokalariok haien babesa asko igartzen dugu eta eskertzen da.

Bigarren finala da hiru urtetan, baina ligan ez duzue horrelako mailarik ematen?

Aurten esaterako nahiko hasiera kaskarra egin dugu eta horrek diferentzia handia ekarri du sailkapenean. Ezin izan dugu gora egin, saiatu arren.

Euskal jokalari gutxi daude punta-puntako taldeetan jokatzen eta Real edo Athleticen egoera ez da batere ona, zer gertatzen ari da?

Ez dakit arrazoi bakarra dagoen. Gaur egun gero eta zailagoa da goian egotea. Baina ziur nago edozein egunetan berriro ere jokalari garrantzitsuak irtengo direla.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo