GARA > Idatzia > Euskal Herria

Torturarekin lotutako lau deklaraziotan epailearen jarrera salatu du TATek

Atzo Donostiako 1. Instrukzio epaitegian torturarekin lotutako lau deklarazio egin dituzte. Torturaren Aurkako Taldeak «Instrukzio epaileek bere lana ez betetzean inpunitateari ateak irekitzen dizkietela» eta «torturak bizirauteko beharrezkoa duen arnasa» hartzea salatu zuen.

GARA |

Torturaren Aurkako Taldeak, Iker Olabarrietak jarritako tortura salaketa dela-eta, atzo izandako deklarazioetan instrukzioko epaileak izandako jarrera salatu zuen. Donostiako 1. Instrukzio epaitegian lau deklarazio egin zituzten atzo; auzitegiko medikuak Olabarrieta atxilotuta zegoen bitartean egin zion txosten medikua berretsi zuen. Orduan atxilotuari egindako azterketan lesioak atzeman zituen eta hala jaso zuen. Auzitegiko medikuaz gain, atxiloketan izandako hiru polizikidek ere epailearen aurrean deklaratu zuten. Olabarrieta bera ez dute deklaratzera ekarri, «notifikazioa ez baita garaiz iritsi», TATek azaldu zuenez. 2005eko martxoaren 25ean Polizia espainolak Iker Olabarrieta atxilotu zuen Donostian. Bost egun inkomunikatuta egon eta gero torturak salatu zituen.

TATek aditzera eman zuenez, hiru poliziakideek «akusazioko abokatuari ez diote erantzun nahi izan, eta legeek aurreikusten dizkien eskubideez baliatuta, nahi izan dutena deklaratu dute. Hau da, gezur borobilak erantzun dizkiote epaileari», Olabarrieta ez zutela torturatu adierazita, azaldu zutenez.

Torturak amaitzea, denon lana

Atzo gertatutakoaren harira, TATen salaketa instrukzio epaileen jarreran oinarritzen da. Jakinarazi zuenez, «deklarazioetan parte hartu duen epailea ez da epaitegi horretako instruktorea eta gure ustez, ez dira gertutasun eta ahozkotasun printzipioak errespetatu». Kasu horretan eta gainerakoetan ikerketa eskatzen du taldeak, baina «inkomunikazio egoerak batetik eta Poliziaren, Ertzaintzaren edo Guardia Zibilen `profesionaltasuna'-k bestetik, tortura zantzuak aurkitzea» zaila egiten omen du. Epaileaz gainera, torturarekin amaitzeko lana guztiona dela adierazi zuten.

torturari arnasa

TATek adierazi zuenez, «instrukzio epaileek ez badute bere lana arduraz eta ganoraz betetzen, inpunitateari ateak irekitzen dizkiote eta torturak beharrezkoa duen arnasa hartzen du».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo