GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN

Lau urteren buruan, haize berri eta itxaropentsuak datoz Hernaniko «gotorleku itxira»

Lau urte pasatzear dira, Hernaniko Udala herriaren borondatearen aurka eratu zela. Orain ordea, legedi espainolak ezarritako trabak gainditu eta EAE-ANV alderdiak haize berri eta itxaropentsuak dakartza Hernani aldera, herriari hitza eta erabakia emateko asmoz.

Ilusioa, lanerako grina, itxaropena. Horixe da hernaniarren artean topa daitekeen zirrara eta sentimendua. Lau urte pasatu dira jada, 3.661 hernaniarren bozei muzin egin eta Udala «gotorleku itxi» bilakatu zutenetik. Orain ordea, haize berria iritsi da Hernani aldera, eta legedi espainolak ezarritako traba eta oztopoak gainditu ostean, EAEANVko zerrenda `legala' da Hernanin.

Orain lau urte, Bildu Hernani plataformak eskuratu zuen herritarren boz kopuru handiena, baina hauteskundeak igaro bezain laster argi islatu zen ezker abertzaleari ezarritako apartheida. Udalaren eraketa ere horren seinale izan zen. Udaleko aretoa hernaniarrez lepo zegoen bitartean, Jose Antonio Rekondo eta gainerako alderdi politikoek Donostian osatu zuten Udala, hernaniarrengandik urrun.

Eta horrelakoxea izan da agintaldi osoa: «hernaniarrengandik urrun eta haiei bizkarra emanaz egin da udal lana». Bildu Hernaniko hautetsia izan beharko lukeen Ixiar Minerrek, tristuraz azaldu digu azken lau urteetan hernaniarrei biziarazi dietena, «oso gogorra» izan baita haren aburuz. Udala osatu bezain pronto, sarrailak aldatu eta ate nagusia lau urteetan itxia egon dela salatu du Minerrek; gainera, ezker abertzaleko hautetsi izandakoek beren ondasunak jasotzeko betarik ere izan ez zutela esan du.

Rekondok alkatetza hartu zuenetik aldaketa ugari izan dira. Udaletxea kontrol sozialerako kameraz jostea, udaltzaingoko buru gisa ertzain bat izendatzea, udalbatzetan sartu ahal izateko identifikatu behar izatea edota euskal preso politikoen argazkiak udaletxetik kentzea eraldakuntza horren seinale dira baina, Bildu Hernaniren arabera aldaketa «tamalgarriena» herritarren parte-hartzearen aurka hartutako erabakiak dira.

Herritarrek edota taldeek aurkezten dituzten mozioak udalbatzetan tratatu beharrean, publikoak ez diren bozeramaile batzordeetan jorratzen dira, eta hortaz mozioa aurkezten dutenek ez dute aukerarik ez bertan egoteko, ez mozioaren inguruan eztabaidatzeko. Horren adibide argia joan den abenduan, Urumea Bailara Bizirik plataformak, 5.000 sinaduren babesarekin, errausketaren aurka aurkeztutako mozioa da. Plataformak bi hilen ostean, prentsa bidez izan zuen mozioaren emaitzaren berri: Hernaniko Udalaren osotasunak errausketaren aldeko jarrera erakutsi zuen.

Hirigintzaren alorrean Udalak egindako lana ere gogor kritikatu du Minerrek, eta «Hernanik behar ez dituen proiektu faraonikoak» egin izana leporatu dio Rekondori.

Horien artean hernaniarren artean famatua bilakatu den `plisti-plasta' igerilekua gogorarazi du eledun abertzaleak. Urtean asko jota lau hilabetez erabili daitekeen azpiegiturak 3 milioi eurotik gorako kostua izan ostean, urtero 180.000ko diru galera ekarriko duela nabarmendu du Minerrek. Era berean, Udalak aurkeztutako Arau Subsidarioen Berrikuspen Proiektua «desastrea» izan dela adierazi du.

itxaropenez aurrera begira

Lau urteetako balantze «beltzaren» ostean, etorkizunari begiratzerakoan ilusioa pizten da hernaniarrengan. ezker abertzaleak alkatetza eskuratuta, legegintzaldian zer egingo duten azaltzeko eskatu diegu eta inolako zalantza izpirik gabe, herritarren parte-hartzea sustatzea da euren helburua. 1999ko agintaldian, EHk egin zuen bezalaxe, aurrekontu parte-hartzaileak abian jarriko dituztela adierazi dute; era honetan interes pertsonalen ordez, «herriaren beharrak garaile» aterateko direla azaldu du.

Alokairuzko etxebizitzen parke publikoa osatzea ere ezker abertzalearen lehentasunetan kokatzen da.

Hirigintzan egindako «desastrea» dela-eta, arau subsidarioak gelditzeko, ezker abertzaleak aukeran dauden bide guztiak erabiliko ditu: «udalekoak zein epaitegietakoak». Era berean, herri ereduaren inguruko eztabaida bultzatu nahi dute, «etorkizunean zer Hernani nahi dugun erabakitzeko».

`Plisti-plasta' proiektuaz galdetu ostean, «besteena ez bezala, eskabadora sartzea ez da gure estiloa» erantzun digute, eta haren mantentze-lanak nola bideratu aztertzear dagoela adierazi dute.

Lau urteko apartheidaren ostean, hernaniarrak Udala herritarrei parez pare zabaltzeko irrikaz eta ilusioz dira. Dirudienez, Hernaniko «gotorleku itxiaren» istoria bukatzear da.

Oihana LLORENTE

EUSKADI IRRATIA

Mariam Beitialarrangoitiak Faktoria saioko esatari nagusiaren lana betetzen zuen. Orain, EAE-ANVko zerrendaburua izanagatik irratiak mikro aurreko lanetik kentzea ebatzi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo