GARA > Idatzia > Musika

«Trikiari dagokionez, kanpoan guk baino aurreiritzi gutxiago dute»

Ines Osinaga

GOSE taldeko trikitilari eta abeslaria

Trikitixa eta musika elektronikoaren uztarketa arriskutsuak abiatu zuen Gose talde zirikatzailea. Hitz probokatzaileak ahoan hartuta, egun Carlinhos Brown brasildarrarekin batera dabil batetik bestera hirukote arrasatearra, «Eutsi!» filmaren soinu bandako protagonista izan ostean.

Anartz BILBAO | BILBO

Oihuka disko etxearen eskutik 2005ean agertu zen plazara Gose hirukote arrasatearra. Tadeosek, Iñakik eta Inesek azken bi hauek buruan zerabilten ideia gauzatu eta trikitia bere ohiko esparrutik atera zuten, betikotasunetik atera eta berrikuntzak eman asmoz.

Ekin eta ekin, Donostiako sex-shop batean aurkeztutako egitasmoak egin du bere bidea. EITBk, esaterako, hirukotea gonbidatu zuen Bilboko egoitza berria zabaltze egunean jotzeko «Bondage» kanta zentsuratu eta urtebetera. «Eutsi!» filmaren soinu bandan ere izan du bere pisua egun agertokietan Carlinhos Brownekin batera dabilen taldeak. Bestalde, Tadeosek taldea utzi eta Osoronek ordezkatu du gitarran. Intentsitate handiko garaiak bizi ditu, beraz, dagoeneko bigarren lan luzea prestatzen ari den Gosek. Eta ase ezinik dabilela dirudi.

Taldea Gasteizko gaztetxean jotzekoa da bihar, eta larunbatean Carlinhos Brown izar brasildarrarekin ematekoa duten azken kontzertua joko dute Segovian. Honen guztiaren berri jasotzeko, Inesekin solasaldi atsegina egin dugu, asteburu honetan Gasteizko gaztetxean Harresian Zulo-rekin eta Segovian Carlinhos Brownekin azken kontzertua eman aurretik.

Non sortu zen uztarketa berezi hau egiteko ideia makurra?

Iñakik eta biok aspalditik ezagutzen dugu elkar. Ni trikitixa mundutik nator eta asko maite dut nire musika tresna. Baina banuen, Iñakik bezala, beste esparru batera eramateko gogoa. Egiten genekiena eta buruan genuena uztartu nahian maketa bat grabatu genuen, gerora disko bihurtu zena. Guretzat ikaragarria izan zen gure egitasmoa disko bihurtu ahal izatea, are gehiago zuzenera eramatea, hori baitzen hasieratik nahi genuena.

Eta orain arte jasotako harrera?

Asko harritu gaitu izandako harrerak. Argi genuen guk nahi genuena egin behar genuela, harrera ona izan edo ez izan. Guk uste dugu hor dagoela sekretua, egiazkotasun horretan. Gustatuz gero, on egin!, eta bestela... beste zerbait frogatu.

Zuzeneko andana emateko aukera izan duzue baina.

Bai, harrera ona izan dugu. Eman ditugun pauso txiki guztiak handi egin zaizkigu. Zuzenekoak emateko deiak heltzen hasi ziren, eta azkenean Fangoriarekin ere jo genuen. Hasieran ez zitzaigukeen burutik pasatu ere egingo horrelakorik. Oso ibilbide intentsoa izan da, eta emandako pauso txiki guztiek indarra eman digute aurrera egin eta lanean jarraitzeko. Ez da beste sekreturik, lana eta zorte pixka bat.

Sex shopean lana aurkeztu eta EITBren jai batean jotzeraino.

Kontu bitxia da hori. Zuk esan duzun moduan, sex-shopean aurkeztu genuen diskoa. Hasieratik izan gara zirikatzaile samarrak, nekatuak geunden betikoaz.

Gure telebista publikoan «Bondage» kanta zentsuratu zuten, «y pasear mi lengua por tu sexo» esaldia hain zuzen, eta handik urtebetera, ez dakit moda kontuengatik edo -batzuetan modernoek gisagabekeriari tokitxo bat egiten diote- gorbatadunen aurrean jotzera gonbidatu. Grazia pixka bat egin zigun.

Ikusi dugu oraindik jendea asaldatzen duela euskaraz gauza batzuk entzuteak, batez ere emakume baten ahotan. Hausnarketarako ematen du.

Eta Euskal Herritik kanpo?

Lehenengoz iaz atera ginen Bartzelona aldera. Egia esan Kataluniak eta Euskal Herriak badute harremana eta hemengo taldeek badute bertan jotzeko aukera. Graziako jaietan jo genuen, baita Apolo aretoan ere, 750 sarrera salduta. Hor hasi ginen konturatzen ez zela horren garrantzitsua hizkuntza ulertu edo ez ulertzea. Ez da hizkuntza kontua, komunikazio kontua da. Cadizen hipotesia berretsi genuen. Euskaraz piperrik ulertu gabe Gose ulertu duen jendea bada, euskara ulertuta taldea ulertu ez duena dagoen bezala. Adibidez, bertso bat daramagu espainolez grabatua, etxean zein kanpoan ulertu arren ezberdin hartzen dena.

Trikitixari buruz, zer esaten dute?

Andaluzian, adibidez, batzuei gustatu zitzaien eta beste zenbaiti ez (beldurtuko ginatekeen denek gustuko izan balute), baina, orokorrean, guk baino aurreiritzi gutxiago dute, alde horretatik oso birjinak ziren. Ez dute tresna folklorikotzat hartzen, akordeoi bat baino ez da. Euskal Herrian askoz aurreiritzi gehiago ditugu, konplexuz beteak bageunde legez.

Nola sortu zitzaizuen «Eutsi!» filmeko soinu bandan parte hartzeko aukera?

Beste hainbat talderen lanekin batera, disko etxeak esan zigun gure diskoa bidali zutela filmaren ekoiztetxera, hauek musika eske ari zirela eta. Horrez ahaztuta geundenean, hara non gurea gustatu eta ideia batzuen gainean lanean hasi ginen. Gidoia irakurri eta sintesi txiki bat egiten saiatu ginen. «Eutsi!» pelikulan jorratzen diren gaien inguruko gure ikuspuntua egiten saiatu ginen bertan.

Zuzenekoetan, gainera, alde «bisualak» ere badu bere tokia.

Bai, hori beste elementu bat da, «gauez eta azpikeriaz» zaintzen duguna. Garrantzia ematen diogu estetikari, Gose estetika konkretu bati lotua dago.

Gatozen gaurkora. Carlinhos Brownekin jotzen ari zarete.

Bulegoetako negozioen bitartez izan genuen aukera gure diskoa pasatzeko eta hortik atera zen telonero lanak egiteko aukera. Carlinhos disko berria aurkezten ari da eta han joan ginen hiru gixajo triki eta ordenagailuekin. Baina La Riviera beteta zegoen eta jendeak hankak mugitu zituen, ez da gutxi.

Izan al duzue bera ezagutzeko betarik?

Bai, harremana izan ahal den neurrian. Beste funtzionamendu bat da, 25 lagun ditu inguruan lanean eta berarengana heltzea ere nahiko zaila da. Baina gurekin oso ondo portatu dira eta oso ondo tratatu gaituzte. Bitxikeria bezala, esan diskoan bagenuela lehendik «Renato» izeneko kantu bat, egun berari eskainia.

Zuen proposamen musikalak harritzen al ditu?

Ez pentsa. Harritzen dituena formazioa da, perkusiorik zuzenean ez eramateak, hemen bateria ez eramateak jendea harritzen duen gisara. Ez ditu harritzen euskarak edo trikitiak, bai ordea oholtza gainean hiru lagun baino ez izateak, haiek hamabost bat dira eta.

Etorkizunera begira, zertan da taldearen erronka?

Gure asmoa urte hau lasaiago hartu eta disko berria prestatzea zen. Baina ezin izan dugu eta... gelditu ez gara egingo, sekula ere ez. Lanean ari gara beste jardun guztiak uzten digun neurrian. Disko berria buruan dugu eta erdia jada egina dago. Asmoa Durangorako prest izatea litzateke. Bagabiltza.

Estrainekoaren bide bera jarraituko du?

Bai, baina disko ezberdina izango da. Gure inguruko gauzak aldatzen doazen neurrian, Gose ere aldatuko da, eta gure inguruko gauzak berdin jarraitzen duten neurrian, Gosek ere berdin jarraituko du.

MUSIKA

«Hasi ginen konturazen ez zela horren garrantzitsua hizkuntza ulertu edo ez ulertzea. Ez da hizkuntza kontua, komunikazio kontua baino»

zentsura

«Hausnarketarako ematen du gurean oraindik gauza batzuk euskaraz entzuteak, batez ere emakume baten ahotan bada, jendea asaldatzen duela ikusteak»

Fitxa

Gasteiz: Bihar,

Harresian Zulorekin batera.

Lekua: Gaztetxea.

Ordua: 20.30ean.

Sarrerak: 5 euro.

Segovia: Larunbata,

Carlinhos Brownekin batera.

Lekua: La Albuera.

Ordua: 22.00etan.

Sarrerak: 18/21 euro.

«eutsi!» filma

«Gidoia irakurri eta sintesi txiki bat, `Eutsi!' pelikulan jorratzen ziren gaien inguruko gure ikuspuntua egiten saiatu ginen egin genituen kantuetan»

Gose, el insaciable trío glotón de arrasate

Fusionando trikitixa y electrónica, Gose nació ávida de provocación al presentar su debut homónimo en Oihuka (2005) en un sex-shop de Donostia. En esta intensa andadura han participado activamente en la banda sonora de la película «Eutsi!», con dos temas expresamente creados para un film pionero, que la semana pasada llegó a las salas cinematográficas de Girona, Madrid, Valencia y Barcelona (en euskara y con subtítulos en castellano). También han sido invitados para abrir los conciertos de Carlinhos Brown n la sala La Riviera de Madrid y en el pabellón Pisuerga de Valladolid y harán lo propio este sábado en Segovia. Actualmente Osoron ha sustituido a Tadeos en la banda, que prepara ya lo que será su próximo lanzamiento, previsto para la Feria de Durango.

A. BILBAO

carlitos marroia

«Hogeita bost lagun ditu inguruan lanean eta berarengana heltzea ez da erraza, baina gurekin oso ondo portatu dira, primeran tratatu gaituzte»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo