GARA > Idatzia > Musika

Bizkaia Arena edo altua izatearen garrantzia

Ez dakit nik Arena deituta saskibaloian aritzeko tokia den eta jende altuak erabili ohi duelako, baina nireak bezalako neurri arruntak dituztenentzat ez zegoen batere ongi atonduta. Soinua ederra, gardena bezain indartsua, bideo muntaia liluragarria, jesukristoren soinu eta argi epikoak... eta eszenatokia baxua, baxuegia alegia

Blanca IZKUE

Musikagintzako langilea

Tenerifeko inauterietako aferak zinez harrituta utzi ninduen. Iaz Zaragozan ikusi arren, berriro The Who ikustera (entzutera, zuzenago esanda) joatea erabakita genuen. Agure errespetagarriok orduan zinez ongi egin zuten, eta esperientzia errepikatzeko asmoz joan ginen. Eskerrak, ordea, nire gogorik sutsuenak iazko kontzertu horretan asebete nituen, ezen joan den larunbatean Barakaldoko BEC-ekoa akaso sekula okerren ikusi dudan kontzertua izan zen -adi, ez dut esan ikusi dudan okerrena, inondik inora-. Harrigarria da batzuetan xehetasun ñimiñoenak zelako garrantzia duen. Bada, Bizkaia Arena horretan, ez dakit nik Arena deituta saskibaloian aritzeko tokia den eta jende altuak erabili ohi duelako, baina nireak bezalako neurri arruntak dituztenentzat ez zegoen batere ongi atondua. Soinua ederra, gardena bezain indartsua, bideo muntaia liluragarria, jesukristoren soinu eta argi ekipoak... eta eszenatokia baxua, baxuegia alegia. Xehetasun hori ez zuten oso kontuan izan antolatzaile eta teknikariek. Ziur naiz ez nintzela bakarra izan batere ikusi ez zuena, nire ondoan zeuden neskek ere antzeko parezido ikusiko zuten: zero. Alboetako pantailak musikariak hobeki ikusi ahal izateko lagungarri izaten badira, kontzertu honetan ezinbesteko bilakatu ziren. Baina horrela ikusteko, ez dakit nik ez ote zidan merezi The Whok Bilboko kontzertua zein bira honetan emanen dituen beste zenbait grabazioz osatuta argitaratuko duen DVDa eskuratu eta etxean goxo-goxo ikustea. Hura erosita, sikiera, Roger Daltreyren gizaldeko asmoekin bat egin ahalko da, haren salmentako etekinak minbiziaren aurka erabiliko omen baitira. Azken aldion ere, kontzertuetan gero eta ugalduagoa dago eskuko telefonoz bideoak grabatzera joaten den turista mota berria. Horiei ere eskertu behar zaie haien ondoan gauden ikusleekiko begirunea, esan nahi da: kantu oso bat besoa tente mantentzea bere oroigarria lortze aldera. Horrela ezin ikusi ez eszenatokirik, ezta pantaila ere. The Who, gaitzerdi, txukun aritu ziren. Haien kantuak zoragarri entzuteak, gaizki ikusteak sorturiko amorrazioa uxatu zuen. Musikariak txalogarriak, bideo muntaketa ederra, soinua ona, bolumena tamainan. Halere, BEC-en antolatuko diren hurrengo kontzertuen iragarkietan honelako argibidea gehitzea estimatuko nuke: «Sarrerak: pistan (1,80 m. goitikoentzat): 40 euro / Harmailetan (altuera horretatik behekoentzat): 55?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo