GARA > Idatzia > Ikusmira

Eta beste epaiketa bat torturak salatu ondoren

Gaur Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten hiru gazteen eta laugarren baten tortura testigantza erdiragarriak eta epailearen aurreko salaketak ez dira nahikoa izan inkomunikazioan egindako deklarazio hutsetan oinarritutako auzia eteteko. Nahikoa izan dira, ordea, Guardia Zibilaren eskuetan egindako deklarazioak gazte haietako bi atxilotu zituztenetik, orain dela bi urte, kartzelan atxikitzeko eta gaurko epaiketan hirurei 10 eta 12 urte bitarteko kartzela zigorra eskatzeko. Zoritxarrez, ez da Lege Antiterroristako aldian egindako lehen epaiketa, ez da Lege horrek dakarren inkomunikazio egoeran egindako deklarazioak oinarri bakarra duen lehena. Gazte horiek epailearen aurrean bakartze egoeran egindako deklarazioak ukatu eta jasotako tratu txarrak salatu zituzten. Jarritako salaketak, ordea, artxibatu egin dituzte, bi gazteren kasuan bi aldiz eta beste biak babes helegitearen zain daude. Ez da harritzekoa, Lege Antiterrorista horrek Estatuko Administrazioaren sostengua baitu eta, giza eskubideen aldeko erakundeek behin eta berriz kolokan jarri eta salatu badute ere -atzo bertan Amnesty Internationalek egindako moduan-, ez dirudi giza eskubideen errespetua tortura arriskuaren eta susmoen gainetik jartzeko prest daudenik. Zuzenbidezko estatu bati eskatu behar zaion gutxieneko baldintza izanik ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo