Celsa Kataluniako taldeak Baionako ADA altzairutegia erosi dio Galiziako Añoni
Duela hamabi urte Uzin taldeak Baiona-Bokalen sortutako ADA altzairutegiaren jabetza, berriro ere, eskualdatu egin da. Aurrerantzean, Celsa izango da jabe berria, Siderurgicas Añon Galiziako enpresa taldeari erosi baitio, «Estatu frantseseko merkatuan» sarrera ahalbidetzeko.
GARA |
Celsa Kataluniako taldeak Galiziako Añon siderurgiako enpresak erosi ditu 425.000 milioi euroren truke. Erosketaren barnean ADA (Aciéries de l'Atlantique) dago eta, dirudienez, Baiona-Bokaleko altzairutegi elektrikoa eskuratzea izan da operazioaren helburu nagusia.
Izan ere, Celsak interes handia zuen Estatu frantseseko merkatuan sartzeko, Francisco Rubiralta presidenteak adierazi duenez: «Europako burdingitza esparruan Frantzia herrialde oso inportantea da». Gainera, bertako energiaren kostu apalak eta txatarra merke lortzeko aukera nabarmendu ditu Rubiraltak. Bera eta bere anaia Jose Maria dira Celsaren jabeak eta Gasteizen dagoen Laminaciones Arregi, SL ere berea dute.
Operazioa erabat finkoa izateko Europako Lehiaren Epaitegiaren oniritzia falta du baina, dirudienez, laster batean lortuko dute.
Lantegi osasuntsua
ADAk altzairuzko totxoak fabrikatzen ditu eta Añon taldeak 2004an Acelorri erosi zionetik, produkzioa izugarri emendatu da. Duela hilabete batzuk, Iñaki Arberas ADAko zuzendariak azken urteotako bilakaera «mirakulutsua» izan dela eta, Galizan beste fabrikazio planta bat ezartzekotan zirenez, Baionako produkzioa milioi bat tonara heltzea espero zuela esan zuen. Beste labe berri bat instalatu eta produkzioa bikoizteko aukerak ere aztertzen ari ziren.
Hain zuzen ere, Añon taldearen hedapena, bai Galizan zein Baionan eta laister baita Brasilen ere, izan omen da Celsaren erabakia eragin duena. Galiziako taldeak Mediterraneoko Labe Garaia ohien eremuan fabrika eraikitzeko asmoa zeukan, Celsarekin lehia zuzenean sartuko zena. Horregatik, egin omen dio Añoni «errefusatu ezinezko eskaintza».
ADAk ia 250 langile ditu egun Baionako fabrikan eta berriak ezustean harrapatu ditu. FO langile sindikatuak, langileen ordezkariei ez informatzea salatu du, lantegia Celsak erosi duela astebete jakin baitzuten barne-ohar baten bidez. Aldi berean, bere kezka azaldu du «lanpostuen etorkizuna argi ez dagoelako» eta «operazioak lanpostuetan izan zitzakeen ondorioez erne» izango direla adierazi du.
ADAko langileek badute beren lantegiaren eskualdaketaren eskarmentua. 1995. urtean Ucin taldea instalatu zen bertan, Forges de l'Adour aspaldiko fabrika hainbat urtetan hutsik egon eta gero. Gerora Arcelor taldean sartuko zen Acelaria taldeak erosi zuen eta, horrek, berriz, Añon Galiziako taldeari saldu zion 2004an.
Siderurgicas Añonen hedapenak eginen zion lehia zuzenari aurrea hartzeko eta merkatu frantsesean sartzeko erosi ditu Celsa taldeak Añonen hiru enpresa, horien artean, Bokalen, portuko eremuan dagoen ADA.
Marcel Uzin Bizkaiko taldeak 1995an ADA sortu zuenetik, salerosketa ugari izan ditu lantegiak. Acelariak erosi zuen; gero Arcelorren eskutara igaro zen eta handik, 2004an, Añon taldearenetara.