HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN
«Gure 'baiezko borobila' bere egiteko eskatuko diegu gainerako alderdiei»
Donostialdeko hautes-barrutiko EAE-ANVren zerrendaburua da, baina, ezker abertzaleak Gipuzkoan historikoki indar handia izanagatik, ez du eserlekurik izango hurrengo Batzar Nagusietan. Egoera berean daude herrialde horretan indar abertzale historikoak aurkeztu dituen gainerako hiru zerrendetako kideak ere. Baina, ilegalizazioak ilegalizazio, itxaropentsu ageri da igandeko hitzorduarekin. Milaka boz espero ditu, eta baliogabetzerik gertatu ez den herrietako erakundeetan «aldaketak» iragarri ditu: «Ezker abertzalea egotearekin, buelta etorriko da egoera askotan».
Mikel JAUREGI |
Historikoki, Gipuzkoa da ezker abertzaleak babesik handiena izan duen herrialdea, eta EAE-ANVk Batzar Nagusietarako aurkeztutako lau zerrendak baliogabetu dituzte. Non aurkeztu nahi zuen eta non ez hautatu duela esaten dutenak agerian uzten ditu horrek...
Badakite, eta oso ondo gainera, hori gezurra dela. EAJk jakin badaki, aspalditik, Gipuzkoan lehenengo indarra izan garela; beraz, horrelakoak esatea... Zerren- dak baliogabetzea oso eraso larria da, eta hori PSOEren eta EAJren estrategiaren barruan kokatu beharra dago. Eta EAJri galdetzen diogunean igandetik aurrera zer egingo duen, bai prozesuaren alde bai erakunde demokratikoen alde, PSOEren jarrerarekin eta politikarekin bat eginez erantzuten du.
«Baliteke urrunegi joan izana, baina pasatu egin da». Nola sentitu zineten EAE-ANVko hautagaiak Estatuko fiskal nagusiaren hitzok entzundakoan?
Hauteskundeak oro har dira ez demokratikoak. Eta halako erabaki larri batean halakoak esatea, eta «batzuk pasa dira eta besteak ez» planteatzea... Mesedez, gaia serioa da eta egoera bere larritasun eta tristezia osoan ikusi beharra dago. Gu erabat baztertzeko eta zokoratzeko asmo guztiarekin jokatu dute. Prozesuaren, elkarrizketaren eta herri borondatearen aurkako jarrera dago horren atzean. Baliogabetzearena ez da erabaki juridikoa, politikoa baizik, eta hitz horiekin nabarmen geratu da. Baina sinestuta gaude Euskal Herriak erantzungo diola egoera ez demokratiko horri. Horregatik egin nahi diegu berriz dei herritarrei: hilaren 27an EAE-ANVren bozak hartu eta bere zerrenda guztien, eta guztien esan dut, alde egin dezatela, erakunde guztietan ezker abertzalearen presentzia bermatzeko.
Azken egunetan ezker abertzalearen aurkako hitzak areagotu egin dira, ilegalizazioaren aurkako protestak direla-eta. Ulertzen dituzu kritika horiek?
Ezin da inoiz ahaztu hauteskunde antidemokratikoak direla horiek. Eta egunotan ikusi ahal izan ditugun erantzun eta aldarrikapen horiek guztiz baketsuak izan dira, eskubide demokratikoen aldekoak. Beraz, larria iruditzen zaigu gainerako alderdiek jarrera biktimista hori hartzea, indarkeriako ekintzak direla esanda. Ez, baketsuak izan di- ra. Eta horren adibide argia gaur goizean bertan [atzokoagatik] gertatu da, Aitor Bezaresekin eta Patxi Ruiz de Samaniegorekin: era baketsuan ETBko eztabaida batera joan dira, beste hautagai guztiekin batera parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatzera, eta atxilotu egin dituzte. Beste alderdiak, gai honekin, modu erasokorrean jokatzen ari dira eta gezurrak zabaltzen dituzte, horrelako atxiloketak gerta daitezen. Nolabait, eremua prestatzen ari dira. Hauteskunde ez demokratiko hauetan duten ardura gainetik kendu nahi dute, eta beste norabait desbideratu.
Hala ere, alderdi gehienek onartzen dute egoera ez demokratikoa dela eta osatuko diren erakundeetan gabezia handia eragingo duela ilegalizazioak. Esate baterako, Markel Olanok GARAri adierazi zion beren esku «dagoen guztia» egingo dutela egoera iraultzeko. Zer espero duzue EAJren eta gainerako indarren aldetik?
Guk gauza bat eskatzen diegu: hauteskunde ez demokratiko hauek salatzea eta, nolabait, haiek ere adieraztea honek ezin duela horrela jarraitu. Zoritxarrez, aurreko legegintzaldiaren eskarmentua daukagu, oso argi erakutsi baitzuten zein den beren borondatea. Hau da, gauza bat da hedabideetan Alderdien Legearen aurka zer esaten duten, eta bestea zer egiten duten. Eta azken lau urteetan erakutsi digute ez dutela hitza betetzen. Tamalez, ez dugu askorik espero, baina eskatu eta exijitu, asko exijituko diegu. Batik bat, igandetik aurrera ezezko fronte horretatik baiezko frontera gertura daitezela, eta gu kanpaina ho- netan aldarrikatzen ari garen «baiezko biribila» haiek ere bere egin dezatela: baiezkoa hauteskunde eta erakunde demokratikoei, baiezkoa prozesuari...
Joan gaitezen igandera. Zer emango diote hautestontziek EAE-ANVri Gipuzkoan? Zer espero duzue?
Guztiz sinestuta gaude historian ezker abertzalearen esku egon diren eta azken legegintzaldian, ilegalizazioa medio, kendu dizkiguten alkatetzak lortuko ditugula. Batzar Nagusiei begira, espero dugu milaka boz lortuko ditugula eta indar nagusienetarikoa izango garela. Hainbat zerrenda baliogabetuta daude, egia da, baina, hala ere, ehunka hautetsi lortuko ditugu, eta horrek aldaketak eragingo ditu erakundeetan. Ezker abertzalea egotearekin, buelta etorriko da gai eta egoera askotan.
Astelehenetik aurrera asko hitz egingo dute balizko gobernu itunez, hauteskunde programen inguruko negoziazioez... Eta zuek zer egingo duzue?
Kanpainarekin aurrera jarraituko dugu. Gure lana eta gure eskaerak egun hauetan mahai gainean jarri ditugun puntu ho- rien inguruan mugituko dira, lehen esan dudan bezala, beste alderdien baiezko biribilaren bila: alegia, baiezkoa hauteskunde eta erakunde demokratikoei, baiezkoa prozesu demokratikoari, baiezkoa Euskal Herriari, baiezkoa erabakitzeko eskubideari, eta baiezkoa bakeari.
Ezin aipatu gabe utzi herrialdeko kanpaina aztoratu duen afera: Irungo Ogasun bulegoan gertatutako ustezko iruzurra. Auzia haiek agerrarazi dutela nabarmenduta, Foru Aldundiak eta EAJk beren jokamoldea defenditu dute. Zein iritzi duzu? Zer gertatu da hor?
Gauza bat argi daukat: oso ondo etorri zaiela ezker abertzalea Gipuzkoako erakunde nagusian ez egotea, makina bat trikimailu estali ahal izateko. Kasu horretan, EAJk, nolabait, bere burua behartuta ikusi du azalpen bat ematera. Pertsona batzuk kargutik kendu ditu eta «hemen ez da ezer pasa» adierazi die herritarrei, «gu gara hori atera dugunak» esanda, gainera. Baina beren jarrera, lau urteotan, hona- koa izan da: «Ezker abertzalea ez dago; eskuak libre ditugu jendearen ilusioarekin jolasteko».