GARA > Idatzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Gauza bakoitzari bere izena

Ohiturik egon beharko genuke, baina ezin. Haruntzago ez zutela joko uste genuen, baina marka ondu egiten dute hurrengoan, soka tenkatu berriz ere, apurtezina delakoan, sistema, edozer gertatuta ere, biziraun daitekeelakoan. Malgutasuna ez da amaigabea. Eten egin daiteke.

Non ikusi da alderdi politiko legal baten zuzendaritza kartzelara uretebetez sartzea bideoa bat hedatzeagatik hauteskundeetan debaldeko tarte publizitarioetan. Urtebete kartzelara. Bideoaren mezua mintzatzen zen bake prozesuari hasiera emateko. Elkarrizketaren aldarria egiten zuen. Ba kartzelara.

Antzeko asmoa adierazi zuten gazteek antolamedu berria aldarrikatu zutenean. Nazioarteko legeetan onartutako gauzak aldarrikatu zituzten: nork bere burua determinatzeko eskubidea, torturarik ez jasatea, pentsamendu librea izatea. Konklusioa: kartzelara. Taldea eratze soilagatik. Jarrai izan, Haika izan edo Segi. Izena, bost. Kartzelara.

Ikusi dugu nola epaitu dituzten gure ikasle unibertsitarioak terroristak izatearen salaketapean Bolognako Prozesuaren aurka kritika egin zutelako. Edo LOU kolokan jartzeagatik. Kritika akademikoa. Kartzelara.

Kanposantuan loreak hautsi zituzten nerabe burubakoak terroristatzat jo zituzten. Froga bat gehiago adierazteko terrorea ez dagoela ekintzailearen buruan, ikuslearen begietan baizik; nahikoa baita norberaren okindegian kartel bat ipini nahi ez izatea izutuaren begietara terrorista moduan agertzeko.

Iritzi librea adieraztea, aukera ezberdinen artean hautatzea, izatez, ez da ekintza terrorrista, noski, nazioarteko legeek babesten dute dibertsitatea, bultzatzen dute pluraltasuna, demokraziari horrek ematen diolako zentzua, ezberdinen artean ibilbide komunak ibiltzeari.

Zoritxarrez, normaltzat eman izan da disidentziari terrorismoa deitzea. Honela bakarrik justifika daiteke eskubide politiko oinarrizkoenak ukatzea eta normala dela esatea. Nola izan da posible hainbesteko degradazioa? Gainontzeko politikariek nola utzi diote tamaina honetako degrazioari? Sistema osoa usteltuta dago eta kiratsa dario, eta politikaren batek egiatan sinistuko balu Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean (NBEk 1948ko abenduaren 10ean onartua) ezin izango luke permititu alimaleko degrazioa ontzat ematea: pertsona bat boto bat da, urrezko legea. «Edozein gizon-emakumek du, nonahi, lege-nortasundun dela aitor diezaioten eskubidea (2. atala). Gizon-emakume guztiak berdinak dira legearen aurrean eta denek dute, bereizkeriarik gabe, legezko babesa izateko eskubidea (7. atala). Nornahik du bakean biltzeko eta elkartzeko eskubidea (20. atala). Pertsona orok du bere herrialdeko gobernuan parte hartzeko eskubidea, zuzenean nahiz libre aukeratutako ordezkarien bitartez (21. atala).

Bitartean, 83.000 hiritarrek adierazi dute nahi dutela hautaketan parte hartu, eta sei epailek erabaki dute ezetz. Nik auzo-lotsa sentitzen dut. Politikariek ez?

Demokrazia batean, ezin dira ideia bakezaleak debekatu, eta debekatzen badira, hori ez da demokrazia. Gauza bakoitzari bere izena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo