GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Torturatzaileak aurrez aurre agertu zitzaizkidan zubi baten azpian»

Zaine Rekondo eta Mikel Ziaurriz
auzitegi nazionalean auzipetuak

Antsoaingo Mikel Ziaurriz 2005eko martxoaren 15ean atxilotu zuen Guardia Zibilak, Gorka Diez eta Eder Ariz gazteekin, eta handik bi egunera Zaine Rekondo lesakarra. Inkomunikatuta egon ziren bost egunez, eta torturak salatu zituzten. Ziaurriz absolbitu dute; bertzeak gaur epaituko dituzte.

Jasone MITXELTORENA |

Euskal Herrian anitz dira torturak salatu dituztenak. Bereziki esanguratsua da torturak salatu eta inkomunikazioan deklaratu dutenak ondoren Auzitegi Nazionalean epaitu dituztela. Horietako kasu bat da gaur Madrilen epaituko dena. Sarekada horretan Zaine Rekondo eta Mikel Ziaurriz harrapatu zituzten bertze bi lagunekin.

Nola gertatu ziren atxiloketak? Azalpenik eman al zizueten?

Zaine REKONDO: Guardia Zibilak egin zituen lauron atxiloketak, eta goizaldean etorri ziren gure bila. Nire kasuan, 3.00etan etorri zitzaizkidan etxera, eta azalpenik eman gabe, inkomunikazio egoeran atxilotuko nindutela abisatu zidaten. Nik ez dut ikusi atxilotze agindurik, galdeketak hasi zirenean ikusi zen arrazoia. Amaren etxera eraman ninduten, eta atea aizkoraz lehertuta ikustean, amaz kezkatu nintzen. Ez nuen inorekin egoterik izan bost egun pasatu arte. Iruñera eraman ninduten, ziegan sartu eta toki ilun eta zikinean biluztarazi ninduten. Handik Berako etxea miatzera eraman ninduten. Miaketa zehatz eta zorrotza izan zen; dena eraman zuten. Madrilerako bidaia beldurgarria izan zen; errepide bazterretan gelditu eta amildegitik botako nindutela mehatxu egiten zidaten. Epailearen aurrera iritsi arte, bost egunez tratu txar fisiko eta psikologikoak jasan nituen. Auzi medikuari egunero eman nion nire egoeraren berri, baina ez zuen inolako neurririk hartu. Epaileari ere laurok adierazi genion tratu txarrak jasan genituela, behartu gintuztela deklarazioa egitera. Bere erantzuna gu kartzelaratzea izan zen.

Zer sentitzen da torturak jasan eta gero, horietan oinarrituta epaitzean?

Z.R.: Ohartzen zara beraien eskuetan zaudela. Sistema oso bat da, atxiloketa egiten dutenek, auzi medikuak, Auzitegi Nazionaleko epaileek osatzen dutena. Beraien interesen arabera atxilotzen zaituzte eta haiek erabakitzen dute noiz aske utzi. Gure esku dagoen bakarra salaketa jartzea eta idatzirik uztea da, aukerarik pasatzen utzi gabe. Hori bai, kontuan izanik nire pertsonaz haratago, herri ekimen oso baten kontrako erasoa dela.

Horrek laguntzen du?

Mikel ZIAURRIZ: Sartzen zarenean, ateratzean... herritarren babesa sentitzen duzu. Momentu oro ez zaude bakarrik.

Z.R.: Herri honen proiektuan sinesten dut eta atzean dagoen jendearen babesean. Gauza bat da niri zer gertatuko zaidan, baina bertzetik, Euskal herrian sinesten dut, eta herri gisa defendatzen dugunetan, ni bat gehiago naiz. Zoritxarrez, anitz gara, bai kartzelan bai baldintzapeko askatasunean epaiketaren zai gaudenak eta ez da egoera xamurra. Politikoki erabiltzen gaituzte.

Mikel, kaleratu eta absolbitu zaituzte, lauretan bakarra.

M.Z.: Absoluzioa loteria gisa izan da, edozeini suerta zekiokeen, beraien interesen arabera. Nik okerrago pasa nuen baldintzapeko askatasunean atera nintzenean. Polizia etxean nintzela bila etorriko zitzaizkidala abisatu ninduten. Kaleratu eta bi hilabetera, bi torturatzaileak agertu zitzaizkidan aurrez aurre, zubi baten azpian. Ahotsengatik jakin nuen haiek zirela. Haiekin kolaboratzeko eskatzen zidaten, zitak jartzen, mugikorrera deitzen, kalean segitzen... kolaboratu ezean, anaia eta neskalagunarengana joko zutela mehatxatzen ninduten. Horrek helburu bat baino gehiago izanagatik ere, nagusia, beldurra sortzea da. Niri horrela esan zidaten: torturen berri ematea nahi zutela beldurra sortzeko.

Z.R.: Herritarren eskubideen aldeko borroka, mozteko erabili nahi dute. Hala ere salatu beharra dago: Kontabilizatzeko, Europara iristeko... salaketek bide motza dute, baina egoerarekin amaitzeko garrantzitsua da. M.Z.: Beraiek badakite salaketak ez duela ondorio txarrik izanen, babestuta daude eta baimenduta daude. Bertzela ez dago azaltzerik torturatzaileak aurpegia agertzea, hain lasai.

Nola gainditzen da bizi izandakoa?

Z.R.: Zerbaiten parte sentitzen naizelako hartzen dut arnasa. Kartzelan izan dudana duintasuna da: Herri bat gara, sufrimendua ere badago, baina duintasunez eramaten da. Ilusioa dut, sinesten dut Euskal Herriaren aldaketan. Aske geratzean, berriro itzultzen zara gatazkaren agertokira. Zu gatazkaren parte zara eta zaila da egoera horretan bizitzea.

M.R.: Nik uste dut biktimak garela. Ez dugu inolako omenaldirik nahi, baina erresoluzioaren momentuan tortura politikoki erabili dela aitortu beharko da. 7.000 lagun torturatu dute, eta hori norbaitek aitortu beharko du.

Z.R.: Aipatu bezala, salaketa aurrera eraman behar da. Nire kasuan salaketa bigarren aldiz artxibatu ondotik, Entzutegi Konstituzionalean dago babes-helegitea. Hor itxi ezkero, Estatu espainolean egin ahal zezakeen bidea bukatu da. Bitartean, inork ez nau deitu deklaratzera, ez diot inori azalpenik eman.

Aipatzekoa da Torturaren Aurkako Taldeak emandako laguntza. Bertako abokatuen taldeak emandako laguntza garrantzitsua da, ate guztiak jotzen dira aukera bat utzi gabe.

M.Z.: Gorka Diez eta ni deitu gintuzten deklaratzera, baina abokaturik gabe eta torturatzaileekin batera eraman gintuzten epailearen aurrera. Adierazpenak egiteari uko egin genion.

Z.R.: Nire helburua da ni izatea azkena, horretarako behar dira neurri eta bermeak izatea. Hasteko, errotik moztu behar da inkomunikazioa. Horrek ematen die eskumena. Epaitzen gaituena auzitegi berezia izanik, dagokion auzitegiak egin dezala. Bermeak hartu behar dira, horretarako protokoloak badaude. Taxuzko bat onartu eta betearazi behar da. Eskaera egiten diet Euskal Herriko agintari eta politikoei fundamentuzko zerbait egin dezatela horrelako egoerekin amaitu eta gatazka konponbidean jartzeko. Torturen aitortza egin behar da eta berriz ez gertatzea bermatu, gisa horretan herritarron hitza errespeta dezaten.

duintasuna

«Nire helburua da ni izatea azkena. Horretarako behar diren neurri eta bermeak hartu behar dira; hasteko, inkomunikazioa errotik moztu». «Zerbaiten parte sentitzen naizelako hartzen dut arnasa, horregatik segitzen dut aintzinera»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo