GARA > Idatzia > Euskal Herria

Erasoei erantzuteak duen berebiziko garrantzia nabarmendu dute gazteek

Hainbat gazte independentistek agerraldi publikoa egin zuten atzo. Bertan, «independentzia eta sozialismoaren proiektua indartzeko estatu zapaltzaileei, determinazio guztiarekin aurre» egingo dietela iragarri zuten. Horrekin batera, «eremu guztietan pairatzen ditugun erasoak salatzeak eta erantzuteak berebiziko garrantzia du», nabarmendu zuten. Hala ere, nahiz eta erasoak jasan, «ezin izango dute eurekin amaitu», adierazi zuten.

GARA |

Euskal gazteek jasaten dituzten erasoei erantzute aldera, gazte mugimenduko hainbat kidek agerraldi publikoa egin zuten atzo. Bertan, beste behin «dagokigun determinazio eta ausardiarekin estatu zapaltzaileen inposizio guztiari aurre egiteko» apustua berretsi zuten.

Horiek hala, «gazte askeez osaturiko herri aske baten aldeko proiektua indartu egingo dugu, independentzia eta sozialismoaren proiektua indartuta», azaldu zuten.

Gazteen aburuz, egun gauza gutxi aldatu dira norabide horretan jotzeko, «euskal gazteon aurkako kriminalizazioak ez du etenik izan, herri honetako kolektiborik zapalduena izaten jarraitzen dugu eta zapalkuntza hori eremu guztietan ematen da. Euskara, hezkuntza, gazte espazio autogestionatuak, naziotasuna». Eurek azaldu bezala, egungo egoeran «eremua edozein delarik ere hamaika adibide jar genitzake mahai gainean gazteok pairatzen dugun kriminalizazioren erakusle». Ildo horretan, Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeak «terrorista» izendatu zituztenetik «konplexurik gabe, gazteen aurkako erasoak hedatu eta ugaritu» egin direla irmo salatu zuten.

Gazte independentista hauek nabarmendu bezala, «etsaiak oso garbi dauka inposatutako sistema hau desestabilizatzeko eta bestelako eredu bat eraikitzeko determinazio eta ahalmen osoa dugula, justizian, balore iraultzaileetan zein kolektibotasunean oinarritutako eredua eraikitzeko ahalmena». Horregatik, gazte mugimenduko kideen aburuz, «sistemaren eta ondorioz sistema elikatzen duen horien guztien etorkizuna jartzen da jokoan» adierazi zuten.

Egoera hau ikusita, ezinbestekotzat jo zuten euskal gazteek «eremu guztietan« jasaten dituzten «erasoak salatzea eta erantzutea». Bide horretan, sakontzeko asmoz, atzoko agerraldian, eredu gisa Burlatako Gaztetxearen desalojoa arbuiatzeko protestan udaletxera kateatu ziren sei gazteen aurkako epaiketa dugu.

Dena den, arazo honen aurrean «hautua hartuta» daukatela azpimarratu zuten, eta zentzu horretan «espazio autogestionatuen alde jarraituko dugu, oztopoak oztopo».

Gazteek planteatutako adibideen artean, Segiren gainean Espainiako Auzitegi Gorenak plazaratutako epaiaren kontra euren herriko udaletxean protesta egin zuten hiru gazteen aurkako zitazioak ere nabarmentzeko modukoak dira.

Eraso hauen aurrean, gazte independentisten esanetan, «argi erakutsi» behar dute Euskal Herrian «gazteok badugula beste herri eredu bat, egunerokotasuneko borrokaren bidez eraikitzen ari garena, eta ondorioz, nahiz eta erasoak jasan euskal gazteekin ezin dutela amaitu».

Atzo azaldutako guztia praktikara eramateko aukera izango dute gazte andanak gaur Leioako campusean. Bertan, herrialde guztiarentzako manifestazio eta ekitaldia izango baitira 11.30tatik aurrera.

«etsaiak argi du»

Gazte independentistek adierazitakoaren arabera, «etsaiak argi dauka» eurek «inposatutako sistema hau desestabilizatzeko determinazio eta ahalmen osoa daukatela».

Herrialdeko manifestazio eta ekitaldia egingo dute gaur Leioan

Bizkaian, Leioako campusean 11.30etik aurrera egingo diren herrialdeko manifestazioak eta ekitaldiak, iragan den maiatzaren 18an, «Inposaketarik ez! gazteok independentzia» lelopean, Donostian, Gasteizen eta Iruñean eginiko manifestazioekin bat egin dute. Horiek hala, Nafarroako Unibertsitateko Publikoan eginiko protestan, 100 bat ikaslek parte hartu zuten. Bestalde, Donostiako Boulevarretik abiatutako manifestazioan 250 pertsona bildu ziren. Mobilizaziorik jendetsuena (1.000 lagun) Gasteizkoa izan zen. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo