GARA > Idatzia > Kirolak

automobilismoa XXXVI. Arratera Igoera

Euskal Herriko mendiko automobilismo proba zaharrena izango da Arraten

49 pilotu izango dira eta Gipuzkoako Txapelketarako puntuagarri izango da

Arnaitz GORRITI | EIBAR

Larunbatean jokatuko da 36. Arratera auto igoera, Gipuzkoako Mendi Txapelketarako puntuagarri izango den proban. Horrezaz gain, 2008an Espainiako Mendi Txapelketan puntuagarri izango denentz erabakitzeko aurreinspekzioa ere larunbatean bertan egingo dute.

Eibarren, Portaleako Ikastaro Gelan eman zen ezagutzera Euskal Herrian zaharrena den mendiko automobilismo proba horren 36. ekitaldiaren berri. Arratera igoera antolatzen jardun du Eibar eskuderiako Ruben Morok eta bera izan zen prentsaurrekoa eraman zuena eta, hurrenez hurren, Eibarko alkateorde Miguel De Los Toyos, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendari Iñaki Ugarteburu, Manolo Villaverde, Euskadiko Automobilismo Federazioko Presidente eta babesle nagusi «Grupo Gem Taldearen» izenean Angel Mari Ansola izan ziren bertan.

49 pilotu

Orotara 49 parte-hartzaile izango dira Arraten larunbatean eta horien artean izen arras garrantzitsuak; hala nola Jose Antonio Lopez Fombona, egungo mendiko Espainiako txapeldun dena, Gorka Apalantza, CM Kopako gaur egungo txapelduna.

Horretaz gain, partaidetza garrantzitsu hau osatzeko, besteren artean, Arraten hiru bider irabazle Pantxo Egozkue eta Txus Jaio markinarra, Estatu espainoleko lur gaineko rally txapelketa birritan irabazi duena, ere bertan izatekoak dira. Bestetik, Ander Vilariño, azken bi urteetan garaile izan dena, Arrateko maldetan ez da izango.

Arraterako bidea 09.00etarako itxiko bada ere, entrenamendu saioak ez dira 14.00ak arte hasiko, ordu horretan baitira izatekoak entrenamendu libreak. Saio ofizialak, aldiz, 15.30ean izango dira. Lasterketa bera, igoera bakarrera jokatzekoa dena, 17.00etatik aurrera hasiko da.

Aurtengo urteko berrikuntzetako bat saio erabakigarrian izango da: partaideak, minutu erdiren aldeaz aterako dira eta baita ere, turismoak eta CM mailako autoak nahasian aterako dira, lehenago ez bezala.

Euskadiko Txapelketatik at

Bestalde, polemika ere izan zen. Manolo Villaverde, Euskadiko Automobilismo Federazioko Presidenteak hitza hartu beharra izan zuen, Arrateko igoera Euskadiko Mendi Txapelketatik at zer dela-eta geratu zen erantzun behar izan baitzuen.

Manolo Villaverderen esan zuenez: «`Formulek' eta `Barketek' ezin dute Euskadiko Txapelketan parte hartu eta Arraterako izena emanda zutenez gero, parte-hartzaileok bertan behera ez uzteko hartu dugu erabaki hori».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo