GARA > Idatzia > Alaves

Jokalarien egoera fisikoak dudak sortzen dizkio Quique Yagueri

J.O. | GASTEIZ

Asteazkeneko entrenamenduan talde jakin batekin lan egin zuen arren, Quique Yaguek zalantza handiak ditu biharko partidarako; izan ere, hainbat jokalari -Jandro bereziki- fisikoki oso eskas daude eta entrenatzaileak ez daki partida osoa jokatzeko moduan ote dauden. Horregatik, ez daki hasieratik zelairatu edota, Poli Ejidoren aurka horren ondo irten zen bezala, arerioak nekatuta dauden arte itxaron ateratzeko.

Hamaikakoaz galdetuta, Avilakoak esan zuen ezin duela Mendizorrotzan frogatutakoa aterako duenik ziurtatau, «izan ere, astean egindako partida horiek dudak handitu baino ez baitituzte egiten. Sarri talde bat prestatzen duzu astea osoan, horiekin jokatuko dut pentsatzen duzu eta entrenamendua ikusi eta gero, zalantza gehiago sortzen zaizkizu. Sarri petoak banatzen dituzu eta jokalariek, presioagatik edo nik zer dakit zergatik, titular izango ez direnek hobeto egiten dute».

Alaveseko entrenatzaileak onartu zuen buruak egoera hauetan eragin handia izaten duela, baina jokalari askok, nahi izanda ere, fisikoki batere ondo ez daudela aitortu zuen, eta astebetean ez dagoela alor fisikoan miraririk egiterik.

«Ez dugu ezer egin»

Baina kezka bakarra ez da fisikoa, Yaguek nolabaiteko erlaxazioa nabaritu du, batere gustatzen ez zaiona, bere mutilen artean Poli Ejidori larunbatean irabazi ostean.

«Aurrekoan irabazi izanak antsietatea apur bat jeitsi du, baina ezin dugu besorik jeitsi, ez zait horrenbesteko erlaxaziorik gustatzen. Izan ere, oraindik ez dugu ezer egin. Partida oso garrantzitsua irabazi genuen baina aste honetakoa hura bezain garrantzitsua da gutxienez. Ez gara haurrak eta taldeak badaki Xerezeko hiru puntuen garrantzia zein den, salbazioaren %80 izan daiteke. Baina bereizten jakin behar da, antsietatea gauza bat da, baina ezin da inola tentsiorik galdu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo