Gotzon Garate Euskal Filologian katedraduna
Euskaldunak, euskaltzaleak, abertzaleak
Aitor Euskalerri-ren etxera gizon handi, betilun, sendokote bat hurbildu zen. Eskutik helduta mutikote potolo, zabal, kolore gorri bat zekarren. Gizonak kask-kask Aitor Euskalerriren atea jo zuen. Aitorrek atea zabaldu zuen. «-Bai?; -Zu al zara Aitor Euskalerri?; -Bai; -Ni Poder Espainol naiz eta neure seme Gaztelania honekin nator; -Eta?; -Neure seme hau hemendik aurrera zuen etxean biziko da. Behartuta zaudete zuen familian ondo jaten ematera, gizen eta eder bizi dadin; -Nola hori? Guk geure semea daukagu, Euskara, eta larri-larri gabiltza jaten emateko. Ezin dugu beste inor geurean hartu; -Bada hau hartu beharko duzue, nahi eta ez; -Baina nola? Gure semea Euskara, hil egingo da. Ezin ditugu bi ume geure etxean hazi. Ez daukagu horretarako modurik; -Zuen semea Euskara hiltzen bada, hor konpon! Zenbat eta lehenago hil guretzat hobe. Horixe nahi dugu. Baina gure semea Gaztelania behar-beharrezko duzue haztea eta jaten ondo ematea; -Ez dugu hori inola ere onartuko, -esan zuen Aitor Euskalerrik bizi-bizirik; -Ezetz! Konturatu zara zure etxe inguruan zer dagoen?; -Aitor Euskalerrik begiratu bat egin zuen leihotik kanpora».
Etxea tankez, abioiz eta gudaroste handi batez inguraturik zegoen. Beraz, terrorismo hura zela kausa, Aitor Euskalerri behartuta izan zen Gaztelania mutiko arrotz hura hartzera. Oso gizen eta potolo dago eta Aitorren semea Euskara hiltzen dago.
Hauxe da Euskal Herriaren historia. Espainolen Konstituzioak bere bigarren artikuluan gaztelania beharrezko dela dio Euskal Herrian ere. Seme arrotz bat behartu digu geure familian. Guk ume arrotz hori loditzeko eta hazteko «obligación» daukagu. Geure semea Euskara hiltzen dago. Hor kopon! Zenbat eta lehenago hobe. Istilu gutxiago espainolentzat.
Zergatik ari da hiltzen? Behin eta berriz esaten digute Europako eta Estatu Batuetako hizkuntzalariek. Beharrezkoa ez delako. Geure etxean seme arrotz hori da beharrezkoa, Gaztelania, eta gure seme propioa ez.
Hizkuntzalari beroiek esaten digute munduan 4.000 hizkuntza baino gehiago daudela. Dialektoak kontutan hartuz gero 6.000. Gizaldi honetan horietarik % 70-90 galdu egingo direla. Horien artean geure semea Euskara, Gaztelaniak gizen, eder eta potolo jarrai dezan.
Euskara beharrezkoa izan dadin Espainol Konstituzioaren bigarren artikulu hori erauzi egin beharko genuke. Nola? Bide bakarra independentzia lortzea da. Aitor Euskalerriren etxea independente bihurtu eta Euskararen onetan geure konstituzioa egin.
Lehengo erabakia hauxe izango litzateke: Euskal Herriko haur guztiek, handik edo nondik datozela ere, eskolan euskaraz ikasi behar dute. Horrela egiten dute Estatu independente guztietan.
Bitartean hor ikusiko dugu Euskara hiltzen. «Deia»k lehengo egunean zioenez, Bermeon euskararen erabilera % 60koa da. Gazteriaren herenak bakarrik erabiltzen omen du, ordea.
Gauza bera esan liteke beste herri askori buruz. Ikasi bai, erabili ordea, gero eta gutxiago egiten da. Hori da diglosiaren bigarren urratsa. Luzaroan, hirugarren urratsa: beharrezkoa ez dela ikusi eta emeki-emeki erabat baztertzea eta galtzea da.
«Deia»-k berak (apirilaren lauan) hauxe esaten zuen: «Los adolescentes inmigrantes no perciben la utilidad del euskera». Gure herrian euskarak gutxi balio duela, etorkinek ez ezik euskaltzale guztiok garbi ikusten dugu. Euskal Herrian benetan balio duen hizkuntza kanpotik behartu digutena da.
Zer egin behar dugu bitartean. Lana serio egin.
Euskal Herrian euskaldunak, euskaltzaleak eta abertzaleak daude.
Euskaldunak euskaraz dakitenak dira. Horien artean, ordea, euskaraz jakin arren, asko ez dira euskaragatik arduratzen. Ez dute maite eta galduko balitz gaur berton ez lukete damu handirik izango.
Orain ehun urte, 1907an Elgoibarren Lore Jokoak izan ziren. Alfredo Lafitte jaunak herri horretan hitzaldi gogoangarri bat egin zuen. Euskara galtzen ari zela deitoratu zuen «por nuestra criminal indiferencia». Hitzok gaurko egunerako ere balio dute (eta Laffite berak hitzaldia espainolez egin zuen).
Areago, ezagutzen ditugu euskaldun batzuk euskaraz jakin arren, euskarari gorroto diotenak. Aitzitik, ez dut ezagutzen espainol bat bere hizkuntzari, gaztelaniari, gorroto dionik.
Euskaltzaleek euskaraz jakiteaz gainera, euskara maite dute eta ahal duten neurrian euskararen alde jarduten dute. Gure aurreneko lana euskaldun guztiak euskaltzale egitea da. Euskaldun guztiok euskaltzale bagina, askoz zailago izango litzateke espainolentzat euskara itotzea.
Gu geure hitzez euskaldunak euskaltzaletzen saiatu behar gara. Euskarak zertarako balio duen, ze mesede ekartzen duen buru bihotzetan sartu behar diegu euskaldunei.
Batez ere bertokotzeko balio duela euskarak, Euskal Herrian arrotza ez izateko, baina baita geure burua argitzeko, beste hizkuntzak ikasteko, lana harrapatzeko...
Borroka egin behar dugu. Euskara borroka. Eta ez esan «no hay que usar el euskera como arma arrojadiza». Espainol Konstituzioak bigarren artikuluarekin Bonba Atomika botatzen digu egunero eta gu besoak antxumatuak gelditu behar omen gara.
Egunero sumatzen dugu euskara zapaldua dagoela, auzietan, herrietan, instituzioetan. Azpeitian Ordenanza Municipal batez euskarari lagundu nahi diotela. Berehala agertuko da juez bat España Sakratuaren kontra doala esateko. Horrela etengabe gabiltza.
Eta bost euskaldun gaudela, espainol bat etorri eta guztiok espainolez hastea ez da gizalegea, edukazioa: kobardia hutsa da hori. Espainolen esklaboak garela aitortzea da hori.
Eskerrak ematea gizaki onaren ezaugarria omen da. Euskaltzale guztiok eskerrak eman behar dizkiegu Euskal Gobernutik hasi eta azken andereñoari euskararen alde egiten duten lanagatik.
Eta batez ere Euskal Herrian Euskaraz taldekooi. Horko asko ezagutzen dugu eta maiz beren buruak arriskutan ipinita lan egiten dute. Txalogarria benetan horien lana! Jakin dezatela oso aintzakotzat hartzen ditugula egiten dituzten ahalegin guztiak.
Euskaltzale dena, logika pixka bat badu, abertzale egingo da. Hots, independentziaren alde jarriko da, euskara luzaroan independentziarik gabe galdu egingo delako.
Horixe da benetako abertzale izatea: euskaldun izatea, euskaltzale izatea, independentzia zale izatea.