GARA > Idatzia > Jo puntua

Floren Aoiz Idazlea

Hausnar dezagun, beraz!

Hausnarketa eguna dugu gaurkoa, eta beharbada ez da aukera txarra kanpainatik urrundu eta gauzak beste ikuspegitik begiratzeko. Maila batean, hauteskunde giroak kezkarako arrazoiak eskaintzen baditu, azterketa sakonagoak irudi ilunagoa ekartzen ahal du. Finean, ezker abertzalearen zerrenden inpugnazioa oso seinale txarra da, eta EAE-ANVko batzuk legaltzat jo izanak ez du urratsak egiteko borondate eza estaltzen. Operazio politikoa egin dute batzuek legalizazioarkin: helburua nahasketa zabaltzea izan da. Asmo zital horrek ez du deus onik aurreratzen.

Ados. Gainera, kanpainaren bukaeran Batasunak ozenki esan du prozesua egoera larrian dagoela. Esan dute behin baino gehiagotan, baina hilabeteak aurrera doazen heinean, gero eta kezkagarriagoa da larritasuna areagotzen dela antzematea.

Eta dena den, panorama goibel honen erdian aintzat hartu beharreko datuak agertu dira, etorkizuna aurreratzen dutenak. Norbaitek uste bazuen oraingoan gorpuztu duten iruzurrak egoera jasanezina ekarriko ziola ezker abertzaleari, makur dabil. Ekitaldietan izugarrizko energia agertu da nonahi, eta erakutsi da ezker abertzaleak atxikimenduak lortzen dituela, eta egoerarik latzenean ere aurrera jarraitzeko prest daudela lagun aunitz.

Inpugnazioak egin dira ezker abertzalea ahultzeko, baina gerta daiteke maiatzaren 28an ezker abertzalearen posizioa hobea izatea, erronka gainditu ondotik. Eta horrela izanez gero beste batzuek izanen dute arazoa. Hurrengo hauteskundeak erabakiorrak izanen dira PSOErendako, Monkloan jarraitzeko aukera kolokan baitago. Eta horren aitzin ez da ihesbiderik izanen Rodriguez Zapaterorendako. Aitzakiak baztertu eta zerbait egin beharko du, aspaldi bukatu baitzitzaion konfiantza mailegua.

Beste biderik? Jakina, errepresioarena dute begian aurrean, eta ematen du PSOEko sektore batzuek horixe lehenesten dutela, baina jadanik frogatuta dago bide horrek ez duela gatazka indargabetzen, indartzen baizik.

Zer eginen dute, orduan? Hausnarketa eguna denez, orduak ematen ahal ditugu erantzunak bilatzen, baina uste dut emankorragoa litzatekeela aztertzea zer eginen dugun Euskal Herrian. Gure herriaren borrokak sortarazi du prozesuaren aukera eta prozesuak etorkizunik baldin badu, herriaren borrokaren bidetik izanen da. Bihar izanen dugu hauxe adierazteko parada, bada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo