Sonia Gonzalez Idazlea sagarroiak@gmail.com
Pantomima
Bihar daukate egun handia «hauteskunde demokratikoekin» zoriondu, gozatu eta alaitzen diren horiek. Hainbat udaletan eskuak jadanik gastatuta eduki behar dituzte, poztasun keinu ezagun hori errepikatzeaz. Kalkuladora atera eta «a ver a cuánto cacho tocamos» lelopean adurra ere jausiko zaie hainbat eta hainbati.
Eta gaur pantomima horren azken aurreko eguna daukagu: hausnarketa eguna. Zerbait pentsatzeko balego legez. Oraindik denak ondo erretratatuta ez baleude legez. Benetako higuina sentitzen dut.
Garrantzia badaukate hauteskunde hauek, batez ere gure herrietan triskantzak egiten jarraitzeko «Aita Santuaren bula bedeinkatua» lortu dutelako askok. Baina horiek ez bezala, batzuek badakigu boto zenbaketa eta aulki banaketa ez dela inportanteena une honetan. Horiek horren truke dena saldu arren, batzuek badakigu jokoan egon dena eta dagoena gure herriak merezi duen etorkizuna dela.
Gazte askok oraindik ezin izan dute bozkatu, nahiz eta hamazortzi urte aspaldi bete. Gazte -eta ez hain gazte- askok errepresioa besterik ez dugu ezagutu «demokrazia» deitutako honetan. Euren konstituzioa, euren legeak, euren polizi eta juezak, euren biolentzia estruktural instituzionala... eta orain zer? Orain badauzkazue aulkiak eta milioiak, orain jarraitu ahal duzue lagunei farolak eta mila euroko paperontziak erosten, jarraitu ahal duzue etxeak eraiki- tzen eta koinataren enpresa aberasten, jarraitu ahal duzue soldata igotzen eta esne mamitan bizitzen... Eta horren guztiaren on- doren, zer? Jarraituko al dugu pantomimatik pantomimara?
Ezker abertzalea gaiztoa izan da benetan, hauteskunde demokratikoetako ekitaldietan bere presentzia gogaikarri eta deserosoaz ez du utzi kanpaina normalizaturik aurrera eroaten. Eta, jakina, askoz salagarriagoak dira hiru lagun kartelekin, bulegoetan burutzen diren eraso faxistoideak eta apartheid politikoa baino. «-A! baina guk jadanik esan genuen alderdien legearen kontra gaudela...», esango dute goizeko tertulietan «-Guk ere salatu egin genuen», prentsaren aurreko adierazpen interesatu batzuetan. Hala ere, horren kontra pausurik ez. Nork egin du mugimendu ñimiñorik hauteskunde antidemokratiko hauen fartsa eteteko? Nork altxatuko du, gerora sikiera, bere popa handia aulki eroso horietatik herriaren benetako borondatea errespetatua izan dadin?
Baina lehen esan dudan legez, biharko eguna ez da inportanteena. Eta ez dut artikulu hau amaitu gura, Eva Foresten izena aipatu barik. Norbaitek esan zuen moduan: horiexek dira ezinbestekoak. Horiexek dira garrantzitsuenak. Benetan ardura duena begi bistan da, sasoi onetan zein sasoi txarretan hortxe irauten duen jendea, kantsaezin, beti bere balio eta printzipioei fidel. Hortxe gure bermea, irauteko, jarraitzeko, borrokatzeko.
Hausnarketa eguna da gaurkoa. Oxala batzuek benetan honetan guztian hausnartuko balute.