GARA > Idatzia > Kultura

Sakabiren partiturak kaleratu berri ditu Trikitixa Elkarteak

GARA | DONOSTIA

«Soinua Paperean» bildumako hirugarren alea aurkeztu berri du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak, «Faustino Azpiazu Sakabi (1916-1995)» partitura bilduma, hain zuzen. Aurreko bi lanak Manuel Sodupe Gelatxo (1888-1953) eta Jazinto Rivas Elgeta (1906-1964) trikitilarien inguruan egin ziren.

Egitasmoa trikitiaren aro berrirako oso baliagarria delakoan daude: «Batetik, errepertorio zaharra eta jotzeko estilo zaharrak biltzen ari garelako, eta bestetik, pixkanaka-pixkanaka jasotzen ari garen guztia belaunaldi berrien eskura jarri nahi dugulako, jotzeko molde berrien oinarrian gure estilo zaharrak eta historia egon daitezen. Izan ere, lehengo ondarea hedatzeko bidea da, aldatu gabe, baina gaurkotuta, gaurko formatura bihurtuta. Hau da, ez dadin trikitiaren lekuko soil bihurtu, eta bihur dadin egungo trikitiaren parte».

Faustino Azpiazu Sakabi 1916an jaio zen Lasturren. Etxetik zetorkion zaletasuna, eta Donostiako Egia auzotik ekarritako Larrimaga-Guerrini batekin hasi zen, osaba Antton Baltzolarekin lehenengo, Madarixa Txikiarekin gero, eta Elgetarekin azkenik. Ezagutarazi zituen piezen artean, «Madalen Madalen», «Anttoni eta Antton» eta «Zure urtebetetzean» ditugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo