GARA > Idatzia > Gutunak

Arantza manterola odriozola Haurtzaro Ikastolako Kontseilu Errektoreko guraso ordezkarien izenean

Ikastolaren etorkizuna

Oso hurbiletik ukitzen gaituen hauteskunde kanpainan, gure etxeetako gutunontziak publizitatez gainezka ditugu. Askotan, paper horiek guztiak irakurri gabe birziklatzea botatzen ditugu. Baina horietan agintzen denak garrantzi handia du, bertan jasotzen baita datozen lau urteetan herriko ordezkarigai bakoitzaren eskutik gauzatuko dena.

Haurtzaro Ikastola erakunde apolitikoa da, eta ondorioz, ez dagokigu balorazio politikorik egitea, baina Aralar/EB-Berdeak koalizioaren adierazpenak irakurri ondoren oso-oso kezkatuta gelditu gara.

EBk Ikastolarekiko erakutsi duen jarrera negatiboa oso nabarmena izan da. Aralarren kontua beste bat da. Azken lau urte hauetan alderdi horrengandik jaso dugun mezua eta hauteskundeetako propagandan jasotzen dena ez datoz bat. Gure esparruari dagokionez, «Elizalde Herri Eskolaren...» aldeko apustua egiten du. Non gelditzen da orain lau urte Aralarren programan jasotzen zen Euskal Eskola Publikoak eta Pribatu Kontzertatuak izan behar zituzten betekizun eta baldintzei buruzko eztabaida?

Honen ordez adierazten zaiguna hau da: «Ez dugu onartzen egun Udalak ikastetxe pribatu kontzertatuari ematen dion dirutza (...) Lurzoru publikoa eskola publikoari bakarrik lagako zaio».

Ez dugu ulertzen herri ordezkari izateko asmoa duen inork, herrian ikasle gehien eskolatzen duen ikastetxea, Ikastola, bere programatik kanpo uztea, eta gainera, zeharka kontrako intentzioak adieraztea.

Aralarrekin bildu garenean inoiz ez digu horrelako adierazpenik egin. Haurtzaro Ikastolak Oiartzungo herrian duen nortasuna eta identitatea partekatzen genuela aipatu digu beti.

Aralar-EBren eskubidea da, eta bere betebeharra ere bai, bere egitasmoa gardentasunez adieraztea. Eta gurea ere bada, modu berean, herritarrei aurreikusten dugunaz informatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo