Idiazabalgo gaztetxea husteko saiakeran lau lagun atxilotu dituzte
Ertzainek lau idiazabaldar atxilotu zituzten Txomenane etxe okupatua utzaraztean. Horietako bi, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko teilatura igo zirenak, goizean eraman zituzten eta arratsaldeko laurak aldera bueltatu ziren herrira. Beste biak, eraikin barrenean kateatu zirenak, arratsaldean hartu zituzten gatibu: 22.00ak aldean utzi zituzten aske. Bertzalde, Atarrabiako gazte asanbladak protesta egin zuen. Gaztelekuko teilatura igo ziren autogestioa eskatzeko.
GARA |
Ostegunerako zegoen iragarria Idiazabalgo Txomenane etxe okupatua utzaraztea eta atzo goizean goiz joan ziren ertzainak asmo horrekin. Herritarren erresistentziarekin egin zuten topo, ordea. Txome barrenean jendea zegoen eta, gainera, ia bi urte etxe horretan eman dituzten bi idiazabaldar teilatura igo ziren husteari aurre egiteko. Gaztesarea.net webgunean jakitera eman zutenez, poliziakideek «modu harroputzean» hartu zuten herria -beren baimena behar zen plazan ibiltzeko-, jaitsiarazi egin zituzten teilatuan pankarta eskegi zuten lagunak, baina erresistentziakoek etxean segitzen zuten. Ez hori bakarrik, batzuek porlanez bete zuten beren burua.
Ertzainak eta sei gazte Txomenane barrenean zeuden bitartean, plaza herritarrez betetzen joan zen, txometarrei babesa adierazteko eta etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko. «Desalojatu ditzagun espekulatzaileak», esaten zuen pankartak. Geroago, aldarrikapen hori etxe okupatuaren ondoko garabira igo zuten hiru pertsonak.
Utzaraztea ekiditeko teilatuan egon ziren bi lagunak atxilotu zituen Ertzaintzak eguerdian, eta joandakoei beren aurka jotzeko mehatxu egin zien. Arratsaldeko laurak pasata bueltatu ziren atxilotuak Idiazabalera eta lau gaztek erresistentzian segitzen zuten eraikin okupatuaren barrenean, kateatuta edo ezkutatuta. Lotuta zeuden bi pertsonak atxilotuta eraman zituzten. Bertze biak gauean aske utzi zituzten.
Herritarrez gainezka zegoen plaza eta ertzainek horietako batzuk identifikatu zituzten, «Ez, ez, ez, desalojorik ez», «Alde hemendik», «Utzi bakean» eta «Txome bizirik» garrasiak belarrietan taupadaka. Herritarrek jakinarazi zigutenez, ertzainek etxeko ate guztiak irekita utzita alde egin zuten eta ez zen inor gelditu eraikinean. Bizilagunek plazan lo egiteko asmoa zuten.
Atarrabiako gazteen protesta
Atarrabiako gazte asanbladak protesta ekintza egin zuen atzo Gaztelekuan. Lau gazte teilatura igo eta tximiniari lotu zitzaizkion «Kudeaketa modu honek ez digu balio» pankarta zabalduta. Gazte andana bildu zen eta «Zinegotzi arduragabeak: lau urtetan bost gaztetxe hustu dituzue» irakur zitekeen. Hamabost bat gazte eraikinaren barruan gelditu ziren protestan.
Gaztetxetik bota zituztenean, Udalak Gaztelekua eskaini zien. Bertan herriko hainbat talde biltzen dira eta Gazte Kontseilua koordinatzen dituena da. Gazte Asanbladakoak, ordea, ez daude ados; Gaztelekuaren kudeaketa enpresa pribatu baten esku dagoela salatzen dute; euren kabuz moldatzeko gai direla adierazi zuten. Horregatik, autogestioa aldarrikatzen dute.
Gaztelekuan irrati saio bat egitekoa zen atzo, Atarrabiako udal taldeetako zerrenda buruek mahai-ingurua egiteko. Hautagaiek gazteekiko erakutsiko duten jarrera ikusi nahi izan zuten gazteek. Politikariak iristeko zain, batukada batek animatu zituen egoitzaren atean bildutakoak. «Iruñerria piztera goaz» ekimenekoak ere egon ziren «bizi-festazioan». PSN, EAE-ANV, IU-NEB, CDN eta NaBai taldeek Udalerako dituzten hautagaiak iritsi zirenean, gazteek konpromiso bat hartzeko eskatu zieten, behingoz arazoa konponbidean jartzeko. PSNek ez zuen hitzegin nahi izan, eta UPNtik ez zen inor agertu. Gainerakoak Gazte Kontseiluarekin biltzeko hitzordu bat jartzeko prest agertu ziren.