GARA > Idatzia > Pilota

Angeluko Berezkoen Torneoa

Hutsik gutxien egin duen bikoak jantzi du txapela

Larretxeak eta Etxetok ez zuten partida handiegia egin behar izan Loquillo eta Waltari mendean hartu, eta amerikarren bolada onari amaiera emateko

LOQUILLO - WALTARI 35

LARRETXEA - ETXETO 40

Jon LEUNDA | ANGELU

Jendeak uste zuen bezalako finala ez zen izan atzo Angelun. Trinketea erabat bete zuten, baina norgehiagoka ez zen gustagarria izan, nahiz eta amaierako emaitzak bestelakorik pentsatzera bultza dezakeen norbait.

Waltarik EPB enpresarekin sinatu zuenetik, lehiaketa guztiak irabazten ari zen, baina atzo lehenengo finala galdu zuen. Astelehenean biko baten aurka galduta zetorren, eta atzo finala galdu zuen.

Eta noren aurka galduko, eta azkeneko bi txapelak lortzen lagundu dion lagunaren aurka, Thierry Etxetoren aurka, alegia. Partida luzea izan zen, baina erritmo gutxikoa. Geldialdi asko izan zituen, gehiegi akaso. Partidaren hastapenean Etxetok aldageletara joan behar izan zuen kolpe dezente bat hartuta. Gero, Loquillok ere gauza bera egin behar izan zuen, bai eta Waltarik ere, horrek zangoetan min zuelako.

Partidaren hastapenean, amerikarrak jarri ziren aurretik. Lehen kintzean adostu egin zuten, baina gero Kubakoak eta Mexikokoak aurrera egin zuten, baina berriro ere hamazortzigarren kintzean berdindu egin zuten, eta hortxe amaitu zen Ameriketako bikoaren nagusitasuna.

Lapurtarrak partidan aitzineratu egin ziren, eta berdinketa dezente izan baziren ere, ondorengo tantoetan euskaldunak beti aitzinetik ziren. 34 eta 34 izan zen azkeneko berdinketa, eta hortik amaierara ziztu bizian joan ziren pilotari euskaldunak.

0-5eko partziala lortu zuten, eta 34-39 jarri ziren aurertik. Orduan, amerikarrek kintze bat lortu zuten, eta bazirudien berriro ere finalean sartzeko parada izanen zutela, baina ez zen horrelakorik izan, eta Olivier Larretxeak eta Thierry Etxetok falta zitzaien kintzea egin, eta Angeluko Torneoko txapela jantzi zuten.

Aurrez aipatu bezala, finala txikia izan zen. Erritmo falta handia izan zen, eta pilotariek ere ez zuten eman espero zitekeen maila. Amerikarrengan ikusmin handia zegoen, baina ez ziren ongi aritu. Waltari sasoi betean dago, baina Loquillorekin gibelean jokatzen du, eta garbi ikusi da postu horretan ez dela eroso aritzen.

Loquillok ez zuen partida handia egin, baina kintzeak finitzerakoan Larretxea baino hobeto aritu zen. Atzo berak egin zituen sake guztiak, eta garbi dago ez dela kubatarra bezain ongi moldatzen lehen jokaldiarekin. Bi amerikarrek huts asko egin zituzten, eta 18 pilota galdu zituzten. Beraz, irabazleek egindako tantoen erdiak, aurkarien opariak izan ziren.

Larretxeak ez zuen partida ikaragarri hoerietakoa egin, baina botearekin min egin zuen, eta hori izan zen bere jokaldirik onena. Etxeto, berriz, seguru aritu zen, eta bera izan zen finaleko onena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo