Ibardin, Behobia eta Dantxarinea, etengabeko berrikuntzaren adibide
Mugako kosmos txikia ezagutzeko asmoz, Ibardingo lepoan eta Behobia eta Dantxarinea auzoetan izan gara, bentetako giroa bizitzen eta langileen eta bezeroen sentipenak, iritziak eta kezkak jasotzen. hona hemen bildutakoa.
Maider IANTZI
Maiatzaren 8a besta eguna zen Estatu frantsesean, eta Bera eta Urruña artean dagoen Ibardin mendira goititu ginen. Goizeko 10.00etarako etengabea zen autoen mugimendua; tarteka, autobusak eta karabanak pasatzen ziren, eta Harley Davidson estiloko motor ikusgarrien ilara batek ere eman zigun arreta. Urtero bi milioi bisitari izaten da bista zoragarriko kasko horretan: iparraldean Donibane Lohizune, Baiona, Biarritz eta Lapurdiko kostalde osoa ikusten da; mendebaldean, Aiako Harria, Artikutza aldeko muinoak eta Donostia ingurua; ekialdean, Pirinioak; eta hegoaldean, Bortziriak, Malerreka, Ultzama eta Irati. Jende olatu batek hartzen du Ibardin igandero, jaia den aldiro eta udaro, baina ez halako paisaia ederrak ematen duen pozarengatik, salgaiak -alkohola eta tabakoa batez ere- Ipar Euskal Herrian baino merkeagoak direlako baizik.
Hamaika zerbitzu ematen duten hogeita lau kantina daude Ibardingo lepoan, eta Gorria Benta da azpitik hasita lehenbizikoa, lehenbizikoa eta zaharrena ere bai, 1932koa. Orduan egurrezko etxola zen eta guardia zibilen kuartela zuen aitzinean. 75 urte geroago, hantxe zegoen Pedro, Gorria sortu zuenaren biloba, barran zerbitzatzen. 14 urte zituela eskola utzi eta aitari kantinan laguntzen hasi zen: ostatuan, dendan, biltegian... behar zen lekuan, eta nagusia da orain. Dagoeneko adiskide ere baduen bezero bati kaña atera eta guregana etorri zen solastatzera. «Gure aitatxirena zen benta bakarra, 1957an edo 1958an bigarrena ireki zuten arte -hasi zitzaigun kontatzen-. Garai hartan ahal zena saltzen zen; mutil koxkorra nintzenean ardo anitz eta telak izaten zirela oroitzen naiz, baina zerbitzuak berritzen joan dira ordutik, heldu denaren arabera aldatu behar izaten baitugu».
Aldaketa handiak
Urte anitz daramatza Pedrok mugan saltzen, eta sumatu du aldaketarik denbora horretan: «Lehen baino alkohol eta tabako gehiago pasatzen uzten diete, baina horregatik ez dute gehiago eramaten. Guri dagokigunez, dendan edo ostatuan beharrean, tabakoa makinan saldu behar dugula erran digute eta nola antolatu pentsatzen ari gara», azaldu zuen. Bezeroekin duten harremana ere ez dela lehengoa jakinarazi zigun: «Lehenago ezagunak izaten ziren eta kontu-kontari aritzen ginen, herriko dendetan bezala. Orain ere badira beti etortzen direnak, baina gutxiago».
Pedro agurtu eta kantinaren atarian zakutoak eskuetan ikusi genuen gizona, Ezponda senpertarra, azken horietakoa da; as-tean behin joaten da Gorriara «lagun gisa», semeak ezagutzen dituelako eta herrian baino merkeago erosten duelako. Ohitura duen bezala mendian ibilalditxoa egitera joaki zela erran zigun, eta berekin abiatu ginen maldan goiti; berekin eta eguzkiaren goxotasunarekin. Txori Lepo, Peio eta Arri Benta zeharkatu genituen; produktuz betetako gurdiekin ibilki ziren familiak begietan, irratiko musika alaia belarrietan eta lapikoetako usain sarkorra sudur zuloetan. Sukaldariek dena prest utzia zuten hamaika eta erdietarako atean izaten diren bezero gosetuak asetzeko, eta bazkaltzen eta atseden hartzen ari ziren.
Hurrengo kantinan sartu ginen, Benta Berrin, Inaxio Irazokirekin egoteko. Ostatuko mahai batean eserita, bentako jabea eta Ibardingo Merkatarien Elkarteko presidentea 1993an muga-zerga kentzeak ekarri zituen aldaketen inguruan azalpenak ematen hasi zen: «Aduanak irekitzean aiseago pasatzen zen jendea, baina orduan oraindik pezeta zen. 1988an txanpon horri balio handiegia eman zioten eta frankoak guti balio zuen. Prezioen aldea ez zen hain handia eta gaizki ibili ginen. Gero, 1992 inguruan, euroa sortuko zutela zabaltzen hasi zenean eta pezeta debaluatu zutenean, prezioak ongi gelditu ziren eta altxatzen hasi ginen. Ez zen aduanak ireki zituztelako bakarrik izan, denak izan zuen eragina».
Gorriako Pedro bezala, Benta Berriko Inaxio ere ez da berria Ibardinen: 13-14 urterekin hasi zen udan eta 18-19rekin egunero. Orain 45 ditu. Mendi kasko horretako salmenta Berako herriarentzat garrantzitsua dela uste du, diru iturria delako eta bizilagun anitzentzako lan aukera ere bai. 390 langile inguru ari dira, gehienak beratarrak, eta udan gazte ugari joaten da negua pasatzeko sosak irabaztera. Anitz dira Ibardinek ematen dituen zeharkako lanpostuak ere. «Herrian ez dugu sentipen hori sumatu, ordea. Salmenta honek ez du inoiz fama hagitz onik izan», kexatu zen.
Jarraian, Ibardingo Merkatarien Elkarteaz mintzatu zitzaigun: «Konpromiso batzuk hartu genituen Ibardin moldatzeko, eta horretan ari gara, Europako laguntza batekin. Informazioa emateko etxola bat irekitzeko asmoa ere badugu; adibidez, mendiko itzulien berri emanen dugu, Ibardinera etortzen den jendeak, erosketak egiteaz gain, inguru guztia ezagutzeko».
Benta Berritik atera eta goiti segitu genuen. Izarra, Agirre, Sorkunde, Beola Etxea... Zelaieta parera ailegatu ginenean lurrin dendako usaina aditu genuen, eta kristal hotsa ere bai ondoko aparkalekutik. Botilak, bidoiak eta kaxak maletategietan sartzen ari ziren familiak: William Lawson, Ricard, Moscatel, Malaga, Porto, Sangria Maison, Ballantines... Amaigabea da izenen zerrenda. Beno, bertze produktu batzuk ere eraman zituzten, baina, tabakoarekin batera, alkohola gailentzen zen Ipar Euskal Herriko, Paueko, Toulouseko, Bordeleko eta Landetako matrikuladun autoetan. Mandonnet sendiarena zen horietako bat. Urtean lauzpabost aldiz etortzen dira umeak, gurasoak eta aitatxi-amatxiak Landetatik, erosi, bazkaldu, mendian ibili eta eguna pasatzera, Morice senar-emazteak Bordeletik bezala. 1957tik ezagutzen dute moricetarrek parajea, eta aduanak kendu zituztenetik errazago etortzen direla aitortu zuten.
Ibardindik Behobiara
Menditik hirira joan ginen, Irungo Behobiara. Kamioi, auto eta jende ilarak, zarata, beroa, familiaz eta lagun taldez betetako terrazak... eta zurrunbilo horretatik kanpo, Bidasoa ibaiaren ondoko parkean, gizon bat mahai baten gainean etzanda, hankak erlaxatzen, iturriaren hots lasaigarriarekin. Arantxa dendako saltzaile batekin egon ginen, Mertxerekin, eta langile gehienak irundarrak direla erran zigun, bera bezala. Hiru urte eta erdi daramatza eta antzeman du aldaketarik: «Lehen jende gehiago izaten genuen eta, hortaz, salmenta handiagoa», azaldu zigun ilaran paratutako tabako kartoiak kontatu bitartean. Gehien saltzen dituztenak Elixir, Marlboro, Camel eta Chester direla erran zigun. Botilei dagokienez, whiskia, vodka eta Absinthe izena duen edari espirituala aipatu zizkigun Benta Bordako Mari Marrek. «80 gradu alkohol izan ditzake azken horrek eta Redbulle- kin hartzen dute», argitu zuen.
Bi urte daramatza Mari Marrek salgai horien, jostailu bitxien, gozokien eta mota guztietako objektuen tartean, eta 8.30erako erosleak atean esperoan izaten ditu, oraindik lo dauden umeak besoetan batzuk.
«Hiru Philip Morris kartoi normal eta bertze bi Peter Stuyvesant, mesedez», galdetu zion mutil gazte batek frantsesez. «Marlboro kartoi bat eta lau Gitanes», bertze batek. Egunero saltzen dute tabakoa, baina bereziki igande arratsaldetan, estankoa itxia dagoelarik, pre- zioak baxuagoak baitira han.
Ipar Euskal Herriko eta Estatu frantseseko jendeaz gain, ingelesak hurbildu ohi dira Irungo auzora, Aste Santuan eta udan batez ere, eta hainbat tokitako kamioilariak ere bai: portuges anitz, alemaniarrak, suediarrak, Errusia aldekoak... «Azken horiek vodka ugari eskatzen dute eta oso ondo heziak dira. Ulertzen ez diegun arren, beti agurtzen gaituzte». Guk ere agur erran baino lehen, Behobiako proiektu baten berri eman zigun Mari Marrek: «Denda eta ostatu txikiak bota eta Alcamporen antzeko eraikin baten barruan egin nahi dituzte».
Dantxarineako baserriak
Urdazubiko Dantxarinean dagoeneko badira Alcampo edo antzeko saltoki handiak, eta horietan, eskailera eta ate mekanikoetatik sartzen da era guztietako denda eta ostatuen erreinura. Hala ere, anitzez zaharragoak diren eta baserri ere badiren bentetan hasi genuen ibilbidea. Hilaren 17a zen, gorriz margotutako eguna Estatu frantsesean, goizeko 11.00ak. Lasaitasuna errekaren ondoko bidexkan barna. Txoriak eta behiak genituen lagun, Mikelen Bordara ailegatu arte. «1974an hartu genuen guk, baina orain 60 urte ireki zen benta. Laborari etxea delako izena du Mikelen Borda», kontatu zuen Maritxu Tomasena etxeko andreak.
Benta txikia handitu zuten Maritxuk eta senarrak; 1990ean ostatua eta jateko lekua egin zituzten. Euskaldun anitzen topalekua izan ohi da eta bisitaren unean ere ugari ziren katilu beroa eskuetan barra gibeleko lagunarekin kontu-kontari ari zirenak. Izan ere, «hurbileko be- zeroak ditugu, aspaldiko urteetan etortzen direnak. Langileak, berriz, Ipar eta Hego Euskal Herrikoak gara».
Denda txikia ere badute, familiakoa, eta denetarik dauka: «Elikagaiak, burdindegia, harategia, fruituak eta opariak ditugu», azaldu zuen sukaldera sartu aitzinetik. Gustuko du Maritxuk eltze tartean aritzea eta horregatik dio maite den lana ez dela gogorra egiten. Ostatua eta jatetxea, gainera, lagungarri zaizkie bezeroak dendara erakartzeko.
Iriartea benta
Pantxo eta Bazter Etxea pasatu eta 1970ean sortutako Iriartea bentara ailegatu ginen. «Lehenago, aduanak zeudenean, ez zen erraza saltzea. Gradu gutxiko alkohol eta janari pixka bat bakarrik pasatzen ahal zen. Horregatik, jendeak gordeka eramaten zituen produktuak», ekarri zuen gogora 37 urte lanean daramatzan Herme Iriartek.
1978an supermerkatua handitu eta barra egin zuten. Arropa, bitxiak eta poltsak lehenbiziko urteetatik dituzte. Anitz saltzen ziren garai hartan larruzko txaketak. Orain, tabakoa, alkohola eta janaria dira nagusi.
Lasaitasunetik jendetzara egin genuen salto, benta txikietatik hamaika zerbitzuko saltoki handietara: gasolindegia, sagardotegia, diskoteka, jolastokia, lurrin denda... Autobus, auto eta karabana tartean ikusi genuen Soubes sendia, noizbehinka Bordeletik etortzen dena, bazkaldu, erosi eta ongi pasatzera. Gurekin egon zirenean sagardotegian jatekotan ziren eta menuari buruz ari ziren solasean.
Michel Kupela sagardotegiko langilea da. «2003an ireki genuen, diskotekarekin eta upeltegiarekin batera, eta jende anitz ibiltzen da». Bortzirietako gaz- teak ere izaten dituzte bezero eta musika dela-eta kexatzen direla kontatu zigun saratarrak: «Hau zaharrena da!», erraten dute. Kontent ari da bera la- nean, tresna «izugarri ederra» baitu, eta gogoz zegoen zerbitzatzeko.
Mugan aldaketa handiak gertatzen dira eta kantinetako langileak prest daude unea ailegatzean eskaera berrira moldatzeko. Adibidez, duela hamabost urte jatetxe bakarra zegoen Ibardinen, eta bi mila lagunek bazkaltzeko tokia dago orain mendi kaskoan.
Ipar Euskal Herria, Paue, Bordele, Landak, Toulouse... Toki horietako jendea biltzen da Dantxarinean eta Ibardinen. Udan, Estatu frantses osoko turistak, eta Behobian, hainbat kamioilari ere bai: Portugalgoak, Errusia aldekoak, suediarrak...
Dantxarineako Mikelen Borda bentan fraile frantsesak bizitu ziren XX. mende hasieran eta Ainhoa, Urdax eta Zugarramurdi herrietako haurrak hezi zituzten. Eliza eta Estatua bereizi zirelako babestu ziren mugan eta 15 urte eman zituzten bertan.
«18 urtetik gorako pertsona bakoitzak 20 gradu baino gehiagoko 10 alkohol litro eraman ditzake gehienez; 20 baino gutxiagoko 20; eta 6 tabako kartoi. Hortaz, amona ere ekartzen dute Behobiara, gehiago erosteko», erran zuen Mari Mar saltzaileak.
Ibardingo langileek kontatu zigutenez, lehen, 13 urteko neska-mutikoak uztailaren 1ean sartu eta irailaren 15ean ateratzen ziren bentetatik, ez zuten egun librerik eta goizetik arratsera aritzen ziren. Orain ordutegi hobeak eta besta egunak dituzte.
Estatu frantsesean espainolean baino ia bi aldiz gehiago balio du tabakoak, 58-59 euro 10 paketeko Marlboro kartoiak. Alkoholaren prezioen aldea txikixeagoa da, %30ekoa. Edari kontsumoa jaisten ari dela erran ziguten langileek.
ibardingo, behobiako eta dantxarineako langileen adierazpen batzuk