GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Konpromisoak hartzeko hautagaien borondate eza salatu du Etxerat-ek

Kezka izan da Etxerat-ek plazaratu duen ondorio nagusia. Orain hilabete, hauteskundeon karietara, konpromiso taula osatu zuen alderdi guztietako hautagaiek bere egin zitzaten. Baina euskal preso politikoen defentsan aritzea, antza, ez da hautagai gehientsuenen konpromisoen artean aurkitzen. Ez eta espero zitekeenen artean ere. Hala, NaBaiko hautagaiek uko egin diote sinatzeari, EAJko guztiek bezalaxe.

Gari MUJIKA | DONOSTIA

Kezkaturik agertu da Etxerat, euskal preso politikoen eskubideen defentsan aritzeko konpromisoak hartzeko borondate eskasa ikusi baitu bai alderdi politikoen aldetik eta baita gaurko hauteskundeetan hautagai doazen politikarien aldetik ere. Izan ere, hauteskunde ziklo honen karietara konpromisoak oinarri dituen dekalogo bat osatu baitu euskal presoen seni- deen elkarteak, eta berau eskuan hartuta hautagai guztiengana jo du asteotan. Nahiz eta hautagai eta alderdi bakan batzuk bere gain hainbat konpromiso hartu dituzten, oro har, jasotako erantzunarekin ardura areagotu egin zaiela azaldu du Etxerat-ek.

Euskal preso politikoak Euskal Herrira, beren eskubide guztien jabe, ekarriaraziko dituzten konpromisoen bila joanez, eta «estatuek preso dituzten gure senideen eskubideen defentsa egitea instituzioen ardura delako», herriz herri, ekitaldiz ekitaldi aritu dira Etxerat elkarteko kideak konpromisoen dekalogoa lan tresna gisa hartuta.

«Eta errealitate gordin horrekin -gure nahiz senideen heriotza, ondorio psikiko eta fisiko larriak, odoluste ekonomikoak, auto istripuak...- amaitzeko konpromisoak eskatu ditugunean ondoko erantzunak jaso ditugu», azaldu zuen Etxerat-eko bozeramaile Estanis Etxaburuk, jarraian, eta modu orokorrean, konpromiso bilketaren emaitzak izendatzeko.

UPN eta PP alderdietako hautagai bakar batek ere ez du sinatu dekalogoa; PSOEri eta EAJri dagokionez, udal hautagai bakan batzuk besterik ez dute sinatu; «EA, EB, Aralar eta Nafarroa Bai-ko hautetsi-gaien si- nadurak jaso ditugu. Baina egia esan behar badugu, ordea espero baino gutxiago», adierazi zuen Etxaburuk, ondotik horrek «kezka larria» sortzen diela gaineratzeko.

Zuzendaritzen boikota

EAE-ANVko hautagai guztiek, aldiz, euskal preso politikoen eskubideen defentsan jarduteko dekalogoa bere egin dute eta konpromiso guztiak hartu dituzte. Gainera, Plazandreok alderdiak edo-ta hainbat udal plataformetako ordezkarien sinadurak ere jaso dituztela gaineratu zuen Etxerat-ek.

Baina, konpromisoak hartzeaz beste, alderdiek dinamika honetan izan duten jarrera ere deskribatu zuten Etxerat-eko kideek, baita hainbatena gaitzetsi ere. Udal hautagaien konpromisoak galdegin ditu Etxerat-ek, baina salatu duenez hainbat alderdi politikoen zuzendaritzek baldintzatu egin dute hautagaiek konpromisoak hartzea.

«Egoera ezin larriago honetan egonik, mingarria egiten zaigu arduradun politikoak izaten ari diren jarrera beraiek konpromisoak ez hartuz eta beraien alderdikideei konpromisorik ez hartzeko eskatuz», azaldu zuen Etxaburuk. Egoera ezin larriagoa zioen, izan ere orain bi aste bi euskal presok beren buruaz beste egiten saiatu baitziren, pasa den astean auto istripua jasan baitzuten hainbat senidek eta beste hamarka gertaera latz suertatu baitira asteotan, «espetxe politika kriminal eta hiltzaile honen ondorioz». Zerrenda luze horretan, besteren artean, Juanjo Rego Vidal gaixotasun larriak jota dagoen euskal presoaren egoera nabarmendu zuten, Euskal Herrian kontsulta medikua ukatu baitiote, gaitzek okerrera jarraitzen duten bitartean.

EAJk eta NaBaik ez dute sinatu

Hala, PPko Antonio Basagoitik izandako jarrera nabarmendu zuten lehenbiziko. Izan ere, «hil egiten duen espetxe politika kriminalarekin amaitzeko konpromisoak eskatu diegunean», Etxerat-eko kideek «mehatxatu» egin zutela salatu baitzuen Basagoitik. Gipuzkoako PSEko idazkari nagusi den Miguel Buenekin egondakoan, honek preso gaixoen gerturatzeaz hitz egin daitekeela esan zien Etxerat-eko kideei, baina senideen aburuz askatasuna da gaixo dauden presoei eman beharreko neurri bakarra, eta gainontzeko presoak Euskal Herrira ekartzea.

EAJko Markel Olano, Xabier Agirre eta Jose Luis Bilbaok ere ez dute sinatu dekalogoa, baina hala ere EAJko kideei eskaera bat egin die Etxerat-ek: «Espetxe politika kriminal hau indarrean jartzeko duela 20 urte jarri zuten indar bera orain es- petxe politika kriminal honekin amaitzeko jartzeko eskatzen diegu».

«Kezka larria» sortu du Etxerat-en, esaterako, Nafarroa Bai koalizioko buru diren Patxi Zabaletak, Maiorga Ramirezek edo-ta Uxue Barkosek dekalogoa sinatzeari muzin egitea. Ildo berean, ulertezintzat jo du Eusko Alkartasuneko Onintza Lasak dekalogoa ez sinatzea, eta bai, ordea, Iñaki Galdosek. Edo-ta Ezker Batuko Antton Karrerak konpromisorik ez hartzea eta koaliziokide duen Aralarreko Rebeka Ubera, aldiz, bai konprometitzea.

Eskaintzen duten etorkizuna

«Inpunitateari txeke zuria ematen diete agintariek».

Argi eta garbi hitz egin zuen Etxaburuk jasotako emaitzek ikustarazten duten aldaketa gabeko etorkizunari begira. Hala, konpromiso eza dela-medio, «polizi-etxeetan bortxatu, torturatu egiten da inork txintik esan gabe», salatu zuen, eta espetxe politikak bere krudelkeria guztiarekin jarraituko duela gaitzetsi zuen. Eta ondoko galdera egin zuten: «Zer nolako etorkizuna eskaintzen digute bada herri hau gobernatu nahi duten baina bertako herritarren egoera ezin larriagoaz ahaztu egiten direnek?».

Alta, agintariek etorkizun berdina, iluna, eskaintzen jarraitu nahi badute ere, Etxerat-en esanetan, «egoera honekin amaitzera goaz». Eta egoera iraultzeko bidea, konpromisoak bere egin dituzten hautagaiekin eta milaka euskal herritarrekin batera egingo duela aurreratu zuen elkarteak, hori baita, beren aburuz, gakoa: konpromisoak.

«Konpromisoetatik eratorritako presioa bultzatzen jarraituko dugu, horrek soilik eskaini ahal diezagukelako espetxean, exilioan, torturan eta heriotzan ardaztua ez den beste etorkizunik», gaineratu zuten. Anartean, testigantzak emanez eta euskal presoen bozgorailu gisa lanean jarraituko du Etxerat elkarteak.

«Jarrera honek egoera berean mantentzea dakar»

«Hautagai guztietatik inork ere ez digu esan gure senideak heriotzeraino bultzatu nahi dituztenik edota auto istripu gehiagotara bultzatu nahi gaituztenik, baina inortxok ere ez du ezertxo ere egin ondorio horiek guztiak aldatzeko». Inolako jira-bueltarik eman gabe, Etxaburuk argi azaldu zuen udal eta foru hautagaiek konpromisoak hartzeari muzin egiteak zer-nolako ondorioak ekarriko dituen: gauzak berean mantentzea.

Eta orain arte bezala jarraitze hori zer den, Etxerat-eko kidearen esanetan, egunero pairatzen dute bai euskal preso politikoek eta beren senideek ere. Egunero, baita egunotan ere. Hala, azken egunotan eta asteotan jazotako hainbat adibide plazaratu zituen Etxaburuk.

Orain aste batzuk bi euskal presok beren buruaz beste egiten sahiatu izana; orain egun batzuk hiru haurrek eta bi pertsonak izandako auto istripua senide bati espetxera bisitan zihoazenean; Muret espetxe frantsesean gatibu dauden euskal presoak protestaldia hasi izana komunikazioan dituzten arazoengatik -hala nola milaka kilometro egin eta gero aurretiaz onartuta zituzten bisitak ukatu egiten baitizkiete-; gaixo dauden hainbat presoren egoera okerrera joatea edota orain aste batzuk senide batek jasan behar izan zuen egoera «iraingarria». Semea preso duen euskal herritar bat gerritik behera elbarria da, eta «edadean sartua» egonda, urtean birritan soilik ikusten du semea, bost eguneko bidaia egin behar baitu etzanda. Hala, aurrekoan, espetxera iritsi ostean, «arku detektagailutik arrastaka» pasarazi omen zuten. Etxabururen esanetan, hori guztia eta are eta sufrimendu gehiago da egungo agintariek Euskal Herriari eta herritarrei eskaintzen dieten etorkizuna. G.M.

PP-ren «mehatxuak»

UPNko eta PPko hautagai bakar batek ere ez du dekalogoa sinatu. Are gehiago, Bilboko PPko hautagi Basagoitik «mehatxu» gisa jaso zuen berari konpromiso eske gerturatu izana.

Kezka Na-bairekin

Etxerat-ek «kezka larriarekin» ikusi du Nafarroa Bai koalizioko ordezkari nagusiek presoen eskubideen defentsan aritzeko dekalogoa sinatzeari muzin egitea.

ORAIN 20 URTE

EAJk ere ez du sinatu dekalogoa. Orain 20 urte dispertsio politika indarrean jartzeko egindako ahalegin bera exijitu dio alderdi jeltzaleari Etxerat-ek, orain euskal presoen eskubideen alde ekiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo