Egoerari buruz hausnarketa egingo du Milakabilakak
Astiro-astiro aurrera doa Milakabilaka ekimena errespetuan oinarritutako prozesua bideragarriaren bila. Horren seinale dira bildu dituen 5.989 argazkiak eta laster abiatuko duten hausnarketa.
Euskal gizartearen nahiaren gainetik «baikotzaren kalkuluak eta intereses elektoralak» gailentzen ari direla ikusten duten une honetan, Mi- lakabilaka ekimeneko kideek eta Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa sinatu duten eragileek hausnarketa bultzatzeko asmoa agertu zuten atzo Donostian. Victoria Mendoza, Arritxu Santamaria, Israel Arkonada eta Castillo Suarez izan ziren bertan.
Helburuak «egoera korapilatsu honi aurre egitea, gure egitekoa eta gure ekinbibideak zehaztea eta hobetzea» dira, prentsaurrekoan jakinarazi zutenez. «Ez diogu gure erantzukizunari uko egingo. Ez gara etsipenean edo erruak beti besteen lepora eraman nahi duten jokabide maltzurrean eroriko», erantsi zuten.
Horren beharra nabarmentzerakoan, egoera «enkistatu daitekeela» esan zuten. Izan ere, «alderdien arteko harreman politikoetatik ez da sortu akordioa osatuko duen mahaia. Dirudienez, alderdi nagusien artean ez dute adostasunik lortu prozesuak eduki beharreko mamiaz, finkatu beharreko moldeak, erritmoak eta helmugaz», ekarri zuten gogora.
Hala, gakoa «errespetua» dela berretsi du Milakabilakak: «Errespetua Euskal Herriari, errespetua herritarren eskubide guztiei, errespetua herritarren erabakiari».
Ekainaren 13an irekiko da eztabaida; uztailaren 5ean bilkura egingo dute Kursaal Jauregian; eta uda osoan eta irailean hausnarketa hori egingo dute, ondorioak urrian iragarri dute Nazio Eztabaidan aurkezteko. «Molde irekiak» erabilita egingo dute prozesu hori; hasteko, Milakabilaka ekimena babestu zuten 300 lagunei inkesta egin diete.
Bitartean, konponbide prozesuarekiko herritarren ekarpenak biltzen dituen Milakabilakaren kamioak bere bidea egiten jarraituko du uda osoan, herriz herri. Dagoeneko 5.989 argazki bildu egin dituztela jakitera eman zuten atzokoan.
Horren harira, herrietako elkarteengana joaten hasiak direla aipatu zuten. Hainbat ekitaldi lantzen ari dira: esaterako, Benito Lertxundiren kontzertua datorren ekainaren 15ean Durangon edo Gasteizen Milakabilaka Eguna 21ean.