Sokatira
Goiherrik lortu du estreinako txapela
J.L. | DONOSTIA
Goiherrik esku-eskura zuen 680 kiloko lur gaineko Euskal Herriko txapela. Bizkaitarrek ez zuten hutsik egin eta txapela jantzi zuten.
Azkenengo jardunaldia jokatu zen atzo Zamudion, eta bizkaitarrek, orain arte bezalaxe, saioko tiraldi guztiak irabazi egin zituzten, eta amaieran txapela haientzat izan zen. Garbi geratu da pisu horretan onenak izan direla, eta eztabaidarako ez zuten tarterik utzi.
Atzo bigarren postuan Gaztedi sailkatu zen. Bizkaitarrek ez zuten aurreko jardunaldian saio ona egin, baina atzo txapeldunekin bakarrik galdu zuten. Halere, sailkapen nagusian ezin izan zuten bigarren postua eskuratu ahal izan.
Aurreko saioan bezalaxe, Areso izan zen hirugarren postuan amaitu zuena, aurreko biekin galdu, eta Mutrikuri eta Gaztedi B taldeari irabazita, baina sailkapen nagusian laugarren geratu zen. Atzoko ezustea Mutrikuk eman zuen, laugarren geratu baitzen. Gaztedi B azkena izan zen.
Atzoko saioaren ostean, Mutriku eta Gaztedi berdinduta zeuden, eta bigarren postua erabakitzeko kitarakoa jokatu behar izan zuten. Amaieran gipuzkoarrek irabazi zuten, eta bigarren geratu ziren. Honela geratu da sailkapen nagusia: Lehenengo, Goiherri 15 punturekin; bigarren, Mutriku 9,5 punturekin; hirugarren, Gaztedi A 9,5 punturekin; laugarren, Areso 8 punturekin eta azkena, Gaztedi B 3 punturekin.