GARA > Idatzia > Herri-kirolak

SEGA EUSKAL HERRIKO TXAPELKETA

Goikoetxea izan da lehen kanporaketako onena

Arteagak bigarren postua lortu zuen, eta Baliarraingo segalari gazteak ere finalerdiak jokatzeko txartela lortu zuen atzo Berastegiko saioan

Jon LEUNDA | BERASTEGI

Ez zen ezusterik izan atzo Berastegin, eta Andoni Goikoetxeak irabazi zuen Euskal Herriko Txapelketako lehen kanporaketa. Hiru segalari ziren lehian, hirurak A multzokoak, eta helburua berriz, finaledietan izateko txartela lortzea zen. Horretarako orduerdia izan zuten lanerako, eta estreinako biek hurrengo kanporaketan izateko aukera izango dute.

Goikoetxea zen faborito garbia, eta egungo Euskal Herriko txapeldunak ez zuen hutsik egin. Atzo irabazteaz gain, bigaren postuak ere balio zuen, baina hastepenetik ikusi zen Gaztelukoa besteen gainetik zebilela, ordea. Hala ere, lau zigor jaso zituen, eta horrek 80 kilo kentzen zizkiotela esan nahi zuen, eta horrek nolabaiteko kezka sortu zion.

Belar handia zegoen, eta euria eginda zegoenez, kilo asko zeuden han, baina orduerdia ez da denbora asko, eta horrenbeste kilo kenduta arriksu hori hor zegoen, baina amaieran berak moztu zituen kilorik gehien, eta bigarren sailkatuari hamaika kilo eta erdi kendu zizkion, eta 60 eta erdi Kanflankari. Atzoko ezusterik gozoena Arteagak eman zuen. Lehen aldiz plazaratu zen atzo, eta finalerdietarako txartela lortzeaz gain, bera izan zen belarra ongien moztu zuen segalaria. Hirugarren Kanflanka sailkatu zen, eta horrek zigor bat jaso zuen, baina horrek ez zuen inongo eraginik izan amaierako sailkapenean.

Honela geratu zen sailkapena: Lehenengo, Goikoetxea (1.880,5 kilo); bigarren, Arteaga (1.869,5 kilo) eta hirugarren, Kanflanka (1.820,5 kilo).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo