GARA > Idatzia > Errugbia

errugbia Agilera

Biarritz aurten ere Liga irabazteko lehian sartu da

Lapurtarrek finalerdiak jokatzeko txartela segurtatu zuten, eta finalaren atarikoa datorren ostiralean jokatuko dute Bordelen Stade Françaisen aurka

BIARRITZ 32
CASTRES 17

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Biarritzek ez zuen hutsik egin, eta finalerdiak jokatzeko txartela lortu zuen atzo. Badaezpada ere irabazi egin behar zuen, eta garaipena lortzeaz gain, puntu gehigarria ere lortu zuen.

Emaitza horren ostean, lapurtarrak sailkapeneko laugarren postuan amaitu dute eta lehen fase honetako lehenengoaren aurka jokatu beharko dituzte finalerdiak, Stade Française taldearen aurka, alegia. Kanporaketa partida bakar batera erabakitzen da, eta bietako inorena ez den zelai baten jokatzen dute. Partida datorren ostiralean izango da 21.00etatik aurrera Bordelen. Beraz, Biarritz taldeko zaleek ez dute etxetik oso aparte izango partida hori.

Hasieratik erasora

Biarritzek asko zuen atzo jokoan eta ez zuen barkatzeko asmorik. Lehen minututik atera zen erasora. Presioa aurrean egiten hasi ziren, eta Castrese berahala hasi zen ezinean, eta bosgarren minuturako euskaldunak 10-0 aitzinetik ziren. Hirugarrengoan, Yachvilik zigor-kolpe bat gauzatu zuen, eta bi minutu geroago Boschek lehen entsegua egin zuen, eta lapurtarren jaurtitzaileak ez zuen transformazioarekin huts egin.

Castresek ez zuen ezer jokoan, eta ez zuen aparteko estutasunik sortu, nahiz eta bi entsegu egiteko gai izan ziren. Biarritz saiatu zen lehen zatian dena erabakitzen, baina presak ez dira lagun izaten, eta aukera batzuk alferrik galdu zituzten.

Bigarren zatian ere nagusi izan ziren, eta amaieran garaipen erosoa lortu zuten jokalari zuri-gorriek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo