GARA > Idatzia > Futbola

Top 14

Aviron Baionakoak onenen artean jarraituko du heldu den urtean ere

BRIVE 6
AVIRON 9

J.L. | BAIONA

Aviron Baionakoak lortu du helburua, eta heldu den urtean ere maila nagusian jarraitu ahal izango du. Ligaren hasiera hura ikusita sekulakoa dirudi; izan ere, jardunaldi asko izan baitziren lehen partida irabazi ahal izateko, eta gainera, aurrekoek alde handia kentzen zien.

Entrenatzaile aldaketarekin hasi ziren emaitza onak heltzen, eta bigarren zati bikaina egin dute. Amaieran, gainera, zortzigarren postuan geratu, eta azkenean horrela geratuko dira.

Avironek atzoko partida jokatu aurretik ere mailan jarraitzeko txartela ia eskuetan zeukan, eta garbi zeukaten horri nola edo hala eutsi egin behar zitzaiola, eta partida irabaztera joan ziren. Hori bai, galtzeko beldurra ere bazuten, eta arrisku handiegia hartu gabe nahi zuten garaipena.

Horrelakoetan partidak ez dira ikusgarriak izaten, eta atzokoa ere ez zen halakoa izan. Norgehiagoka horietan jaurtiketak erabakigarriak izaten dira, eta Richard Dourthek ez zuen hutsik egin. Lehen zatian bi egin zituen, eta horri esker, 3-9 aitzinetik joan ziren atseden hartzera.

Bigarren zatia hasi bezain pronto, lapurtarren jaurtitzaileak hirugarren zigor-kolpea egin zuen, eta 3-9 aitzineratu ziren. Gero, etxekoek beste zigor bat gauzatu zuen, eta markagailuan gerturatu ziren, baina azkeneko minutuetan eutsi egin zioten emaitza horri, eta amaieran garaipena lortu zuten. Amaieran poza latza bai jokalarien artean, baita bertara joan ziren Baionako zaleen artean ere.

Larretxearen itzulera

Avironek orain heldu den urtea prestatzeari ekin behar dio, aurten izan dituzten larrialdiak ez pasatzeko. Horretarako fitxatze garrantzitsu bat egin du, Daniel Larretxea itzuliko baita taldera. Bi urte eman ditu Avirondik kanpo Ingalaterran jokatzen, baina berriro ere elastiko zuri-urdina janzteko moduan izango da. Dourthek jarraitzen badu, bi jokalari handi izango dira Aviron Baionakoan.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo