Akordio berriak edo truke zaharrak
Botoen zenbaketa bukatu bezain azkar, alderdiek kalkulagailua martxan jarri dute. Nafarroan, akordioak lotzeko prozesuak abiadura berezia hartuko duela aurrez ikusten da. UPN-CDNk gehiengo osoa ez dute eskuratu, eta beste koloreko gobernua osatzeko aukera zabaldu da. Foru Hobekuntzaren aldaketak badu bere eragina abiadura handiko prozesu horretan. Orain arte Miguel Sanzek berotu duen aulkia eskuratzeko 26 boz behar dira. Eta adostasunak bilatzera behartzen du horrek. Are gehiago, legeari so eginez, hilabete eskasa dute alderdiek hautesleek egin ez zutena berek lortzeko: hots, gehiengo osoa izango duen hautagaia aurkitu.
Fernando Purasek begi onez ikusten du NaBaik kanpainan egindako itxura aldaketa. Baina akordio bikoitza sinatzeko Patxi Zabaletak egin dion eskaintzak arazoa sortzen dio PSOEri. NaBaiko zerrendaburua, Uxue Barkos, Iruñeko alkate izatearen truke Puras presidente egingo luke koalizioak. Hori zen aldez aurretik margoturiko planoa; ilegalizazioaren testuinguruaz baliatuz diseinaturiko egitasmoa, alegia. Baina ezker abertzalea presente da Udalean, eta, are gehiago, giltza hartu du. UPNren boteregunetik zera argudiatu dute: ANV legez kanpo utzi izan balute, gehiengo osoari eutsiko ziokeen Yolanda Barcinak. Hori izango omen litzateke egoera «normala».
Akordioa martxan ikusten zutenentzat egoera ezerosoa bilakatu da, baina benetan kezka sortu beharko lukeena egoera bera da, Iruñekoak argi utzi baitu noraino Alderdien Legeak mapa politikoa desitxuratu duen. PP-PSOEk sorturiko legea berriro ere arazo bilakatu da, dagokigun kasuan, nafar ororentzat, bere boto eskubidea guztiz murriztuta geratu delako, bai eta legea agindu dutenentzat ere, eta horiekin batera legea kritikatu baina betetzeko prest agertzen direnentzat ere. Egoera honetan, molde zaharrak erabilita truke berriak asmatu ordez zuzenago dirudi gako politiko nagusiari erantzuteko baliagarri izanen den akordio demokratikoa bilatzeak. Herritarren nahia da giltzarria.