Maider Albeniz, Rakel Rodriguez, Jokin Aranguren, Oihana Huerta Haur Eskolak Euskaraz Plataforma
Hello Rochapea, hello Azpilagaña... eta «kaixo», noizko?
Aspaldikoa da Iruñean 0-3 urteko zikloaren euskarazko plazen eskaintza murritzaren salaketa. 1995. urtetik ez da euskarazko haur eskolarik zabaldu gure hirian, eta bakarrik 172 plaza daude adin honetako umeentzat; guztiak, gainera, auzo berean. Gaztelaniaz, aldiz, ia 1.000 plaza daude.
Diskriminazio horren aurkako mobilizazioak ugariak izan dira, batez ere 2003. urtetik aurrera. Garai horretan, Errotxapean martxan jarri behar zen haur eskola berria euskaraz izateko ekimen asko aurrera eraman ziren, baina guztion harridurarako Udalaren erantzuna ingelesez irekitzea eta gainera kudeaketaren pribatizazioa izan zen. Datorren ikasturterako, haur eskola berri bat izanen dugu (Hello Azpilagaña) eta berriro ere, zoritxarrez, gurasoen nahiaren kontra aukeratutako hizkuntza ingelesa izanen da eta kudeaketa pribatua ezarriko da.
Euskarazko eskaera oso altua da, horren adierazgarri 2003an haur eskolen aurrematrikulazio garaian egin zen sondeo baten emaitzak: familien %63k haurra euskaraz matrikulatuko luke, auzoan aukera izatekotan. Baina errealitate honen aurrean zein da UPN-CDNren jarrera? Hurrengo haur eskola ere ingelesez irekitzea, Donibanen, hain zuzen ere. Lotsagarria.
Beste aldetik, ezin dugu ahaztu, euskara bertako hizkuntza dela eta norberaren haurra euskaraz hezteko eskubidea bermatu beharko litzatekeela, horrela jasotzen baita Euskararen Erabilpenerako Iruñeko Udal Ordenantzan, 26. artikuluan.
Beraz, UPN-CDN taldeek ez dituzte kontuan hartzen ez hiritarren hizkuntza eskubideak ezta eskaera ere, hori dela-eta, gure Plataformatik Iruñeko Udalari honako hau exijitu nahi diogu: euskarazko plazen kopuru nahikoa eta eskolen kalitatezko hezkuntza proiektua mantentzea.