Urepele «eremu hondatu» izendatu du Prefekturak ostiraleko uholdeak direla-eta
GARA |
Nafarroa Behereko mendietan ostiralean egin euri-zaparrada handiek uholdeak sortu zituzten Urepelen, 18.00ak aldera. Ibaiak bere bideetatik atera ziren, eta lohia eta harriak berarekin eraman zituzten. Herriaren erdigunea lohiez bete zen, eta asteburu guztian herritarrak makineriak lagunduta lanean aritu dira herria garbitzen. Marie-Antoinette Etchebarren Urepeleko auzapezak adierazi zuen Prefek- turak deitu ziola eta jakinarazi ziola herria «eremu hondatu» izendatuko dutela.
Urepelera doazen bideak azkarki kolpatu ditu uhol- deak. Herriko auzapezaren arabera, ia 20 kilometro bide berriro egin beharko dituzte.
Etxe bat ibai baten bi ur korronteren artean harrapatua gelditu zen, eta zenbait orduz bakartuta egon zen. Ezin izan zirenez irten, eraikinean zeuden 9 eta 15 urteko hiru gaztetxok eta haien amak orduak egon behar izan zuten zain, bila etorri zitzaizkien arte. Gaua lagun batzuen etxean pasatu behar izan zuen familiak.
Herri erdigunea urez eta lokatzez bete zen. Makadama hainbat tokitan hautsi zen, bereziki erdiko aldean, elizaren aitzinean. Izan ere, ostiral arratsaldean ordubetez herria ezin izan baitzen zeharkatu ere egin, ura eta lohia zirela-eta.
Senperen lanak aurrera
Bestetik, hilabetearen hasieran Senpere, Sara eta Azkaine herrietan izan ziren uholdeen kalteak pixkanaka- pixkanaka konpontzen ari dira. Senpereko denda asko ireki dituzte, eta etxeetan konponketak egiten jarraitzen dute.
Uholdeak kaltetu dituen biztanleak laguntzeko kontzertu bat antolatu dute igande honetarako, Biarrizko Atabal aretoan. Arratsaldeko hiruretatik goiti, Niko Etxart eta Hapa-Haparen, Roots Systemen, Izateren, Xabaltxen, Daguerreren eta Francis Cabrelen musika entzuteko aukera izanen da.
Senperen eta Azkainen uholdeen eragina txikitzea du xede Lurberri urtegiak, eta hura eraikitzeko lanek izan duten atzerapenaren errua Berdeena eta talde ekologistena dela zabaldu dute azkenaldian zenbait hedabidetan.
Horri erantzuteko, Berdeek azaldu dute urtegia eraiki behar den tokian bizi den intsektu babestu batengatik atzeratu direla lanak.