GARA > Idatzia > Euskal Herria

Oiartzun petaloz, artez eta naturari buruzko gogoetaz beteko da

Asteburu honetan Loriartzun Loreen eta Landareen Jaiaren hirugarren edizioa izanen da Oiartzunen, eta tximeleta koloretsu bat pasatuko da haranaren gainetik, gibelean petaloak, artelanak, hausnarketak, umeentzako lantegiak, artisauen obrak eta naturarekin lotutako bertze hamaika ezusteko utzita. Berrogeita hamar erakusmahai baino gehiago paratuko dituzte Arditurriko bidegorrian, bertako eta kanpoko loreak, zuhaixkak eta zuhaitzak ikusteko eta erosteko.

Maider IANTZI |

Euskal Herriko eta Europako bertze hainbat txokotako saltzaileen topaleku izanen da Arditurriko bidegorria asteburu honetan. Landare exotikoak, bonsaiak, tillandiak eta kaktusak ikusi eta erosten ahalko dira Oiartzunen, bertako eta denboraldiko lore eta zuhaitzekin batera. Natura babestea helburu duen Loriartzun besta berrikuntzekin heldu da, eta baserritarrentzako produktuak eta modu ekologikoan ekoitziak eskainiko dituzte aurten.

Bertze gozagarri batzuk ere prestatu dituzte ekaineko lehenbiziko aste bukaerarako: artisauen txokoa, haurrentzako lantegiak, eskulanak eta jolasak -bertzeren artean, metak eta txorimaloak egiten ikasteko-, eta Herri Musika Eskolako ikasleen, Lartaun abesbatzaren eta Oiartzungo Erraldoien Konpartsaren emanaldiak ere bai.

Gipuzkoako herri horretan bada Euskal Herriko eta Japoniako kulturen arteko zubi lana egiten duen elkarte bat Honbu Japoniar Zentro Kulturala izena duena. 1982an sortu zuten Ekialdeko artearekin maitemindutako herritar batzuek, eta gaur egun laurehun bat pertsona biltzen dira Honbun, 5 eta 75 urte bitartekoak, Japoniako kulturaren «edertasuna, lasaitasuna eta oreka» gure gizartera ekartzeko. Gune bat izanen dute Loriartzunen, eta manga-natura marrazkiak egiten erakutsiko dute, Tai-chi saioak izanen dira, baita Capoeira eta Kenpo Kai arte erakustaldiak ere. Bertzalde, Irun Bonsaik landare horien zaintzaren inguruko azalpenak emanen ditu eta Gureak taldeak txakurren erakustaldi berezia eginen du.

Carmen Arrazola bestaren arduradunak eta Angel Irastortza Gipuzkoako Aldundiko ordezkariak prentsaurrekoa eman zuten atzo Donostian, eta bertan, Loriartzun dinamizazio proiektuan parte hartzera animatu zuten jendea. 10.30etik 19.00etara gozatzen ahalko da azokaz eta ekitaldiez, eta ez da sarrera ordaindu beharrik izanen.

Proiektu irabazleak

Gainera, herriak ezohiko itxura hartuko duela azaldu zuen Arrazolak, artelanez jantziko baita. Ingurumen Instalazioen Lehiaketako garaileen obrez. Maria de Bernarda Corralek eta Idoia Beratarbide Arrietak prestatutako proiektuak «2020 Lorategia» izena du eta Elizalde auzoan etorkizuneko irudi bat ikusteko aukera emanen du. Zein bilakaera izanen du naturak gizakiok egun ditugun joerak nagusituz gero? Nolakoak izanen dira urte batzuk barru loreak, transgenikoekin egiten diren esperimentuak loregintzara gero eta gehiago eramaten ari badira?

Arditurriko bidegorrian, tunel aitzinean gelditu eta gogoeta eginaraziko die Maitane Bernardo Eizagirrek bisitariei, «Mugak» kolorezko gortinen bidez, eta Oielekura goitituz gero, une batez pago izanen dira herritarrak, Soraya Agirre, Lander Lopetegi eta Amaia Odriozola artista gazteek eraikitako egituren barrenean. Bi zulo dituzte kartoizko hodiek, bat sartzeko eta ateratzeko, eta bertzea, begiratzeko.

aulkiak plazan

Soraya Agirrek, Ana Bastidak eta Laura Estevezek aulki urdin, zuri, gorri, berde eta laranjak paratuko dituzte taldeka Oiartzungo plazan, bizilagunek bere egin ditzaten. Instalazio aldakorra izanen da.

Desiren tumuluak

Bidegorrian harri multzo magikoak izanen dira, Irati Laboak, Lorena Ibarzabalek eta Samia J. Cortesek paratuak. Nahi bat da harri bakoitza, eta bisitariak berea utz dezake, denen artean ametsak gauzatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo