GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bil ta Garbi sindikatuaren aldeko eta kontrako iritziak zabaltzen ari dira

GARA |

Sarrikotapea Zuberoako herriko Terre Verte elkarteak batzar nagusia egin zuen joan den asteburuan. Izan ere, Ipar Euskal Herriko barnealdeko zaborren lurperaketa zentroa bere eremuan hartuko luke herriak. Ehun bat pertsona elkartu ziren bilkuran, eta Bil ta Garbi hondakinen kudeaketaz arduratzen den sindikatuaren erabakiak zalantzan jarri zituzten. Zaborrak kare bizian tratatzearen alde agertu ziren.

Terre Verteko kideek jakinarazi zuten zaborrak tratatzeko beren proposamena aztertzeko eta ikerketa konparatibo bat egiteko diru-laguntzen bila hasiko direla. UDFko Jean Lassallek eta Jean-Pierre Domecq sozialistak finantzazioa Kontseilu Nagusiari eskatzea gomendatu zuten. Elkarteko kideek nabarmendu zuten hondakinen tratamendua beren herrian egitearen kontra ez liratekeela agertuko; bai, aldiz, zaramak lurperatzearen kontra.

Berdeak sindikatuaren alde

Hondakinak lurperatzeko Hazparneko Hazketa zabortegia baliatzen dute, eta haren kudeaketa Herriko Etxeko hautetsiek ordez Bil ta Garbik eramateaz pozik agertu zen Berdeak alderdi politikoa. Berdeek Hazparneko Herriko Etxearen utzikeria salatu zuten, eta gaur egun zaborrek sortzen dituzten ur eta aire kutsadurak hobeto kontrolatuko dituztela nabarmendu zuten.

Bil ta Garbik hondakinak kudeatzeko egin aukera ekologikoa babestu zuten Berdeek. Aldi berean, errausketa baztertzeko egin programak aurrera jarrai dezan etengabeko zaintza egiten jarraituko dutela adierazi zuen alderdi ekologistak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo