GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Urrezko lehiaketa

Izeta aita-semeak izango dira azken saioko faboritoak

Aiako bikoak orain arte jokatu dituen saio guztiak irabazi ditu, eta igandean Azpeitian jokatuko den finalean ere horrela jarraitu nahi du

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Igandean Azpeitiko kiroldegian Urrezko Lehiaketako lau final jokatuko dituzte, eta horien artean egongo da harri-jasotzaileena ere. Izeta aita-semeak Zelailuzeren eta Ostolatzaren aurka neurtuko dira.

Aiako bikoak orain arteko saio guztiak irabazi ditu, eta igandean ere haiek dira faborito. Hala eta guztiz ere, gauzak ez ditu horren garbi ikusten Izeta II.ak. «Nik hemen denak ongi ikusten ditut, baina lehiaketak aurrera egin ahala, denok egin dugu gora. Ostolatzak asko egiten du, eta kontuz ibili beharko da. Gainera, finalak beti final izaten dira, eta edozer gerta daiteke», adierazi zuen.

Izeta II.ak aurten semea du alboan, eta ilusio handiarekin dabil. «Guretzat sekulakoa izango litzateke, inoiz ez da horrelakorik gertatu, eta irabaziko bagenu, gauza handia izango litzateke. Biok elkarrekin oso gustura eta ilusio handiarekin gabiltza», esan zuen.

Semearentzat ere aitarekin aritzeak lasaitasuna ematen diola onartu zuen Joxeramonnek. «Bai dudarik gabe, bera gaztea da, eta nire babesean aritzeak lasaitasuna emango dio, baina finalean beti izaten da presioa eta urduritasuna, eta ikusiko dugu zer geratzen den», azaldu zuen. «Gure harririk gustukoena kubikoa da, eta hor erabakitzea gustatuko litzaiguke, baina ez da erraza izango», erantsi zuen aiarrak.

Joseba Ostolatzaren ustez, izetatarrak dira faborito. «Nik uste dut baietz. Lehen fasean ere irabazi ziguten, eta gero saio guztiak bereganatu dituzte. Bikoak egin zirenean ere haiek jo nituen faboritotzat, eta orain arte horrela doa», esan zuen kirolari zestoarrak.

Horiek azkeneko lanera bitarte eutsi nahi diete, gero bolarekin erabaki ahal izateko. «Guretzat kubikoa da harririk zailena; eta ongien, berriz, bolarekin moldatzen gara. Horregatik, gure asmoa azkeneko harrira bitarte besteei eustea da, eta gero bolarekin erabakitzea, baina ez da erraza izango. Dena dela, alde handirik ez da izango amaieran», esan zuen.

Ostolatzak aurten Zelailuze du lagun, eta gustura ari da berarekin ere. «Hasieran ez zegoen oso ongi, baina orain oso lan onak egiten ari da, eta oso gustura ari gara elkarrekin lanean», esan zuen. Datorren igande eguerdian Azpeitiko Landeta kiroldegian jokatuko den saioan erabakiko da auzia.

Kubikoa eta bola

Kubikoa eta bola; horiek dira kirolarien gustukoenak. Lehen harria izetatarrena da, eta han erabakita utzi nahi dute finala. Bestea, berriz, Ostolatzarena eta Zelailuzerena da, eta horien asmoa harri horrekin erabakitzea da.

Aurrekariak

Igandean finalean arituko diren bi bikoak lehen fasean ere neurtu ziren, eta orduan izetatarrek ongi irabazi zuten. Zelailuze min hartuta zegoen, ordea, eta Urrutia izan zuen lagun Ostolatzak.

Kirolariak gustura daude aurtengo lehiaketarekin

Aurten arazo asko izan zituen txapelketa honek, eta jarraipena nahiko kolokan egon bazen ere, azkenean jokatu dute. Gainera, parte hartu duten kirolariak gustura daude. «Bikotekako lehiaketa oso garrantzitsua da, batez ere, gazteentzat, bestela oso aukera gutxi baitituzte», esan zuen Izeta II.ak.

Ostolatza bat etorri zen aiarrarekin: «Nik uste dut lehiaketa oso polita izan dela. Bizi-bizia eta ikusgarria, eta kirol honentzat honelako txapelketak beharrezkoak dira».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo