Idi-probak Apustua
Garmendiaren eta Agerrezarren uztarriak nagusitu dira Azkoitian
J.L. | DONOSTIA
Igande arratsaldean eta herenegun gauean, jende pila ederra hartu zuen Azkoitiko probalekuak han jokatu ziren bi apustuak ikusteko asmoarekin. Bietan ez zuten izan damutzeko betarik, bertara batutako jendetzak bi desafio bikain ikusi baitzituen.
Igande arratsaldean, Garmendiaren eta Txausonen idiak neurtu ziren Sander harriarekin. Lehenengoaren uztarria lehen aldiz plazaratu zen, ezezagunak ziren zaleentzat. Txausonenak, berriz, azkenaldian dena irabazten ari zirenak ziren, baina Garmendiarenek irabazi zuten. Lehenengo berak plazaratu ziren Olasagasti eta Urrutia itzain zituztela, eta 41 plaza, 4 zinta eta 1,20 metro egin zituzten. Jarraian agertu ziren Txausonenak, Lopene eta Iketza itzain zirela, eta haiek 41 plaza, zinta 1 eta 2,85 metro egin zituzten. Garmendiaren idiek sekulako marka egin zuten, lehen aldiz plazaratu baitziren eta egungo onena menderatu baitzuten. Emandako itxura ere bikaina izan zen, eta jendea txundituta geratu zen.
Herenegun, berriz, Lopeneren eta Agarrezarren idiak neurtu ziren Ipintza harriarekin, eta azkeneko horren uztarriak irabazi zuen. Lopeneren idiak atera ziren lehendabiziko lanera, Lopene eta Urrutia itzain zirela, eta 44 plaza, zinta 1 eta 3,85 metro egin zituzten guztira.
Atzetik agertu ziren Agerrezarren idiak nagusia eta Iketza itzain zirela, eta 47 plaza egin zituzten ordu erdian. Hala, apustua irabazi zuten.