GARA > Idatzia > Mendia

eskalada Rockmaster 07

Dima izarren bilgunea

Ekainaren 8 eta 9an, Dima Rockmaster 07 eskalada txapelketa jokatuko da. Hirugarren ekitaldi honetan zailtasunak izango du berriro ere protagonismoa.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Kirol eskaladako lehiak edo ikuskizunak beste hitzordu garrantzitsu bat izango du aurki. Nazioarteko zirkuituan jarduten diren hamabi espezialista bilduko dira Bizkaiko Diman ekainaren 8 eta 9an. Dimako Rockmaster 07 ekimenari buruz ari gatzaizkizue. Dagoeneko, lehiaketa pribatu honek hirugarren aldia beteko du eta, aurreko biek izan zuten arrakasta ikusita, seguru datorren hilabeterako antolatu dutenak bide beretik jarraituko duela.

Lehenengo ekitaldian zailtasuna izan zen errege; bigarrenean, berriz, zailtasuna eta blokea uztartu zituzten. Hirugarrenak, bestalde, hasierako bidea hartuko du; zailtasunarena, alegia. Aurreko edizioetan bezala, antolatzaileek lan eskerga egin dute ikuskizuna maila gorenean mantendu ahal izateko eta, hori dela eta, aurtengorako hainbat berrikuntza garrantzitsu dakartzate.

Lehenbizikoa datari dagokio. Egutegi ofiziala dela eta, Dima Rockmaster 07 ekitaldia aurreratu egin da; ekainera, hain zuzen ere. Bigarrena, berriz, Baltzolako haitzuloan izaten den proba dugu. Aurreko ekitaldiek «maratoi» kutsua izan zuten, hots, zenbat eta bide gehiago egin orduan eta puntu gehiago jaso.

Frogatzen ziren bideak antolatu zituzten; ekaineko lehian, aldiz, bistaz egindako bideek izango dute garrantzi osoa. Gainera, eskalatzaileak estutu nahi dituzte eta, horretarako, antolatzaileek benetako lan zaila jarriko diete Baltzolako pareta bisitatuko duten eskalatzaile gonbidatuei. Horrela bada, mutilak 8c/c+ zailtasuneko bidea kateatzen saiatuko dira, eta neskak 8b gradukoa. Gizonezkoen kasuan, prestatutako bidea norbaitek gaindituko balu, marka berria jarriko luke. Izan ere, bistaz eginiko gradu gorena 8c da. Mikel Maeso Piwi ekipatzaileari dagokio «buruhauste» horri forma ematea; dagoeneko, izena badu: Nuska. Nesken bidea ekipatuko duena Iñaki Marco Congui da; haren, obra: Standa. Ekipatzaileen proposamena baieztatu ahal izateko, Josune Bereziartu, Iker Pou eta Dani Andradak probatuko dituzte.

Eliteko hamabi eskalatzaile

Antolatzaileek, dagoeneko, aurreratu dizkigute Baltzolako proban parte hartuko duten eskalatzaileen izenak. Guztiak ala guztiak bai arrokan bai lehiaketetan munduko espezialista nagusietakoak dira. Guztiek ala guztiek curriculum itzela dute eta, inolako zalantzarik gabe, irakurleak ezagutuko ditu. Nesketan, sei eskalatzaile hauek gonbidatu dituzte: Angela Eiter austriarra, Muriel Sarkany belgikarra, Emily Harrington estatubatuarra, Irati Anda euskal herritarra, eta Maja Vidmar eta Lucka Franko esloveniarrak. Mutiletan, berriz, honakook lehiatuko dira: Serik Kazbekov ukrainarra, Tomas Mrazek txekiarra, Alex Chabot frantsesa, Klemen Becan esloveniarra,Christian Bindhammer alemana eta Patxi Usobiaga euskal herritarra. Horietako batzuek, Eiter, Vidmar, Mrazek, Chabot eta etxekoek, errepikatu egingo dute.

Baltzolako bistazko lehia jokatu ondoren, hamabi eskalatzaile hauek beste proba gogor bat izango dute biharamunean. Ekainaren 9ko gauean, Dimako enparantzan jarriko duten eskalada murruan ariko dira nor baino nor. Duela bi urteko egitura bera altxatuko dute, eta ekipatzaile lanetan berriro ere Ion Gurutz Lazkoz eta Ander Gardeazabal jardungo dira. Horrela bada, zailtasuneko txapelketa izango da.

Nahiz eta ez duen nazioarteko izaera, beste norgehiagoka bat prestatu dute. Egun berean, ekainaren 9an, baina goiz eta arratsaldez, herri mailako irekia jokatuko da. Orain dela bi urte Euskal Herriko Txapelketa antolatu zuten egitura berean izango da. Aurten ez du izaera hori izango, baina ziur gaude hemengo eskalatzaile onenak deialdi horretan izango direla.

Eta Dima Rock Master 07 biribiltzeko, antolatzaileek beste berrikuntza bat aurkeztu digute. Hitzordua, ekainaren 8an, gauez izango da: dry-tooling erakustaldia. Arrokan eta izotzean eskalatu ordez, egitura artifizial batean jardungo dute. Hain zuzen ere sei espezialista saiatuko dira ikuskizuna ematen: Jonatan Larrañaga, Carlos Logroño, Manu Cordova, Israel Blanco, Jordi Tosas eta Carlos Garcia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo