GARA > Idatzia > Mendia

«Pizgarri ederra izan da `Powerade'»

Josune BEREZIARTU

Eskalatzailea

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Beste behin, kemenez indartsu dabilela erakutsi digu eskalatzaile gipuzkoarrak. Urte asko darama zailtasun gorenean, urte mordoa darama sakrifikatzen, makina bat urte darama motibazioz blai... eta oraindik den-dena ematen jarraitzen du.

Zure azken kateatze esanguratsua Powerade (8c+, Vadiello) izan da. Konta iezaguzu haren historia.

Aitortu behar dut Vadiellorekin erabat harrapatuta nagoela: lasaitasuna, jende jatorra... Sasoia hartzeko Huescako hainbat eskalada eskola ditut gustuko, eta horien artean, jakina, Vadiello dago. Powerade probatzen orain dela pare bat urte hasi nintzen, baina ezin nuen kateatu. Urte honen hasieran, beste gauza batzuk egiten ari nintzen bitartean, berriro joan nintzen. Pixka bat trabatuta nengoen bide honekin. Niretzat oso berezia da, besteak beste, indarrekoa delako. Nirekin ez doazen hainbat ezaugarri ditu eta, horrela bada, lasai asko esan dezaket ez dela Josunerentzat bide aproposa. Eskuarki, alderdi horretan hezetasuna dago; beraz, baldintza egokirik apenas aurkitzen duzun. Baina pasa den maiatzaren 15ean dena aldatu zen. Egun biribila egin zuen; lehorra eta hotza, eta azkenean atera zen.

Zure laugarren 8c+ izan da. Non kokatuko duzu 8c+ berri hau? Garrantzirik eman diozu edo beste 8c+ bat besterik ez da?

Bada, niretzat oso garrantzitsua izan da. Ikusi dut oso sasoiko nagoela. Eta jakin badakit maila gorenean egoteko burua behar duzula indartu. Uste dut pizgarri ederra izan dela. Ez dut bere garaian bezala egundoko goraldia izan; ez, urte asko daramat hor goian eta kateatze horiek modu ezberdinean hartzen ditut.

Aurreko galderan garrantziari buruz hitz egin dizut, ze hedabide zein jende askok, zure ibilbidea ikusita, esan dezake soilik 8c+ da eta Josunek 9a/+ dauka.

Oraindik orain honako eragozpen edo oztopoa ikusten dut: emakume kirolariarena. Jakina denez, emakumeok ez dugu gizonezkoen jarraipen bera. Hori bai, kasu berezi bat denean, niri tokatu zaidan bezala, «errekor» bat dela edo gizonezkoen mailara iritsi naizelako, orduan bai, hedabide guztiek ateak zabaltzen dizkizute. Hori ala da. Emakumeok gauza estratosferikoak egiten ditugunean garrantzia ematen digute; bestela ez. Eta ez da soilik eskaladan gertatzen. Nik ez diot inori azaldu behar 8c+ zer den. Ez dut uste jende askok hori kokatzen dakienik...

Powerade aurtengo planifikazioaren une egokian iritsi al da? Zazpi hilabete dituzu aurretik: kateatze gogorragoak aurreikusi al dituzu? Edo, Josunek beste bide bat hartuko du?

Nire helburuetako bat beste 8b+ bat bistan egitea da. Rodellarren gertu ibili naiz, baina ez da atera. Bistan eskalatzea niretzat arriskutsua da, eta kristoren garrantzia ematen diot. Aurreko erantzunean aipatu dudan bezala, uste dut bai bistan egindakoei bai paretetan lortutakoei ez zaiela merezi duten tratamendua ematen. Niretzat, kalitatezko bide asko egiteak asko laguntzen dit. Bai, Powerade iritsi da, baina mementoz ez dut beste goi mailako landutako kateatzerik aurreikusi. Uste dut bistan eskalatzen jarraituko dudala.

Profesionala zara eta, den-dena emateaz gainera, beste eite batzuk eduki behar dituzu kontuan. Besteak beste, hedabideon zein jendearen presioa. Hauek guztiek gehiegi exijitzen al dizute?

Nahi izanez gero, ilargia eska dezakete. Baina jakin behar dute ni ez naizela jainkozkoa, estratosferikoa... Josune gizabanako soil bat da. Publikoak jakin beharko luke Josune ez dagoela bere nahiak betetzeko; ahal badut, oso ondo, baina hori beti ezin dut lortu. Inor desilusionatzen badut, bada sentitzen dut. Jakina da ezin dudala urte mordoa pasa gauza handiak egiten. Ni neure bidea egiten ari naiz, berezko erreferentzia sortzen... Aurretik ez dut inor izan.

Oraindik zailtasunean gauza bikainak egiteko gai zarela argi dago, baina jakin ere badakigu Josunek beste bide batzuk aukeratu dituela. Besteak beste, pareta. Zailtasunean asko eman duzu (eta ematen ari zara), eta asko ziur dira paretan ere zureak eta bi egingo dituzula.

Paretaren apustua egina daukat dagoeneko. Egun, gehiago betetzen nau. Jakina zailtasunean bezala paretan ere zer edo zer emateko prest nagoela, hori baita nire helburuetako bat. Hala ere, esan behar dizut bide klasiko errazenek ere betetzen nautela. Baina profesionala naiz, eta oreka bat egon behar du. Une batean obligazioa bezala ikusten badut, dena uzteko garaia izango da. Pozik bizi nahi dut, 35 urte ditut eta ez dut inori ezer saldu beharrik.

Pareta aipatu dugunez, zergatik aukeratu duzu? Beste esperientziak bizi ahal izateko? Zailtasun gorenak ez zaituelako betetzen? Beste etapa bat delako?

Beste etapa bat da. Eta oso erakargarria. Ravierren eta enparauen Pirinioetako liburua erosi dugu, hain zuzen ere, pirineismoa aldarrikatzen dutenak. Hauek oso gauza garrantzitsuak egin dituzte, eta baita historia idatzi ere. Asko ematen duten kolektibo horietako kideak dira, eta nire miresmen osoa dute. Rikar eta biok Fraucatako Divina Comedia askatu genuenean pirineismo horretan ekarpena egiten saiatu ginen. Gainera, Pirinioekin maiteminduta nago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo