PSEk ez du berpiztu nahi kutxek bat egiteko asmoa
Hauteskundeetako emaitzek Vital Kutxak, BBK-k eta Kutxak bat egiteko asmoari bidea ireki diezaiokete. Hala ere, Gregorio Rojo Vital Kutxako presidenteak eta PSEko kideak ez du erakutsi gaia bultzatzeko asmorik. PSEk beren agendan ez dagoela nabarmendu zuen.
GARA |
Gregorio Rojo Vital Kutxako presidenteak esan zuens BBKrekin eta Kutxarekin bat egiteko egitasmoa «arabarrek esaten dutena» izango dela. Udal hauteeskundeen emaitzak ikusita hiru kutxek bat egiteko egitasmoa berpiztu dela ukatu zuen Rojok. Haren ustez, oraindik udal eta foru gobernuak osatu arte itxaron beharko da. «Bere unean arabarrek esaten dutena izango da, eta alderdi guztien arteko elkarrizketak esango du beharrezkoa den edo ez», azaldu zuen. Vital Kutxako presidentea «kudeaketa egokiari» eustearen alde agertu zen, «historiako memento onenetariko batean» dagoelako.
Rojok ez zuen argitu gobernuen aldaketak bat egiteko egitasmoa erraztu dezakeen. Diputazioarekin eta Udalarekin harremanak orain arte «bikainak» izan direla eta horrela izaten jarraitzea espero duela adierazi zuen. Egitasmoa berriro mahai gainean jartzen badute, denen artean lanean eta hitz egiten hasi beharko dutela azaldu zuen, baina beti «hain garrantzitsua den gertaera batek eman behar duen lasaitasunarekin».
Rojok ez zuen garbi esan gai horren inguruan bere asmoa zein den, nahiz eta aurrekoetan bat egin beharra aipatu duen. Betiko borondatea izaten jarraituko duela esan zuen, «elkarrizketa» eta «adostasuna». «Elkarrizketa eta adostasuna baldin badago egin egingo da», esan zuen. PSEk ere ez zion gai horri garrantzi handirik eman nahi. Txarli Prieto ahaldun nagusigaiak esan zuenez, kutxek bat egitea «ez dago PSEren agendan». Gainera, «koldarra eta gezurtia» izatea egotzi zion PSE egitasmo horren alde dagoela esaten duen edozeini. «Gezurtatu nahi dut bat egiteko politika hori berreskuratu nahi dugula eta kutxei buruz edozein elkarrizketa bat egiteko gaiaz hitz eginda hasiko dela», esan zuen. Kutxei buruz mintzatzean, «lasai eta ikuspuntu ugaritik» egingo dela esan zuen. «Baliteke abertzaleen eta beste batzuen asmoa izatea, baina Araban beti elkarlan estrategikoetan oinarritu gara, bakoitzaren izaera gordetzen», esan zuen.