GARA > Idatzia > Euskal Herria

Alderdiak, sindikatuak eta bestelako eragileak, presoen alde Arrasaten

Urte osoan antolatzen dituen ekimenen bideari jarriki, Portaloira Topaguneak euskal preso politikoak eta iheslariak Euskal Herrira ekartzeko eta beren eskubideak errespeta ditzatela eskatzeko Elkartasun Eguna antolatu du datorren ekainaren 9rako. Ekimenen artean nabarmentzekoa da egingo duten manifestazio isila, eta are eta gehiago, lortu duten atximendua. Alderdi, sindikatu eta eragile askok bat egin baitute.

GARA |

Hainbat alderdi politikok, sindikatuk eta eragile askok bat egin dute, ekainaren 9rako Arrasaten antolatu duten Elkartasun Egunean egingo duten manifestazioarekin. Herritarrei parte hartzera deitu dieten alderdien artean daude Batasuna, EAE-ANV, EB, EA, Aralar eta Zutik.

Elkartasun Eguna euskal preso politiko eta iheslariak Euskal Herrira ekartzeko beren eskubideak errespeta ditzatela aldarrikatzeko herritarren topagune Portaloirak antolatu du beste behin, urte guztian euren helburua erdiesteko egin ohi dituzten ekimenei jarraiki. Atzo egindako agerraldian gogorarazi zutenez, Arrasateko bizilagunek hainbatetan eskatu dute preso politikoen eskubideak errespetetatzeko, eta horretarako hainbat ekimen egin dituzte: «Ion Agirreren askatasuna eskatzeko egindako manifestazio erraldoiak, iazko maiatzeko azken ostiralean preso politikoen eskubide guztiak errespetatzeko eta Ionen askatasuna eskatzeko egindako lanuzteak, herriko hainbat taldek Ibaetako dokumentuari emandako atxikimendua...».

Egoerak okerrera

Eskeak eske, ordea, egoerak okerrera egin duela nabarmendu zuten. «Ion Agirre Espainiar eta Frantziar estatuen espetxe politikaren argazkia dugu. 62 urterekin 26 urte bete ditu espetxean aurten, gaixo larri egon arren ez diote 92. artikulua aplikatu eta orain beste 4 urtez eduki nahi dute espetxean, zigorra betea izan arren», azaldu zuten. Agirreren kasuarekin batera, egun indarrena dagoen espetxe politika ankerraren adibide jarri zituzten Iosu Urikaetxeberria -92. artikulua ukatzen diote- Jose Ignacio Gaztañaga -iaz zigorra bete zuen arren, beste 13 urtez eduki nahi dute espetxean- Xabier Urizar eta Jesus Mari Zabarte -zigorraren hiru laurdenak beteta izan arren espetxean mantentzen dituzte- eta ehunka kilometrora espetxeratu dituzten eta eskubideak ukatzen dizkieten Arrasateko gainerako presoak ere.

Horiek hala, Estatu espainolari eta frantserari, besteren artean, larri gaixoturik dauden presoak eta zigorra beteta duten presoak aska ditzatela eta euskal preso politiko guztiak, eskubide guztien jabe, Euskal Herrira ekar ditzatela eskatu diete.

Hain zuzen ere, eskaera horiek bete daitezen aldarrikatzeko Elkartasun Egunean egingo duten manifestazio isilean parte hartzera deitu diete arrasatear guztiei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo