GARA > Idatzia > Kultura

«El pez plomo» film laburra grabatu berri du Paul Urkijo zuzendari gasteiztar gazteak

Sinesgarritasuna du funtsa Paul Urkijoren film laburrak, zientzia eta magia mundu biren artean mugitzen baita Urdaibaien grabaturiko lanak. Uztailerako estreinatzea aurreikusten du gasteiztarrak.

Josune VELEZ DE MENDIZABAL | GASTEIZ

Zientifiko ingeles baten liburuan mota bereziko arraina dagoela irakurri eta «berun arraina» bila abiatzea erabakitzen du Itsas-Zientzietako ikasle batek. Ikerketak kostaldeko herri batera eramaten ditu. Baina hango mari- nelek horrelakorik ez dela existitzen behin eta berriro dioten arren, ikasleak bere nahian aurrera egiten du, arraina ikusi duela ziurtatzen duen agure batekin topo egin arte.

Horrelaxe laburtu du Paul Urkijok (Gasteiz, 1984) maiatzean grabatu berri duen «El pez plomo» film laburraren nondik norakoa. «Agureak lamia baten inguruko istorioa kontatzen dio eta, azkenean, ikaslea istorioan nahasi egiten da. Zientzia eta magiaren munduen arteko jolasa da. Sinesgarritasuna du funtsean filmak», nabarmendu du gazteak.

Marinelen giroan

Urdaibain grabatu berri du Urkijok azken lan hau. Sukarrietan, Elantxoben eta Mundakan ibili zen taldea lau egunez. Hasiera bateko zailtasunak gaindituta, hala nola eta, besteren artean, «txalupetan eta itsasoan» grabatu beharra, zuzendari gaztea pozik geratu da emaitzarekin. Txema Blasco aktore arabarrak parte hartu du filmean, baita Patxi Lazkano aktoreak ere, Arte Ederretako fakultateko irakasle Javi Morenok eta joxean Morlesin lagunak.

Orain, lana muntaketa fasean dago, eta, Urkijok aurrez ikusten duenaren arabera, uztailean estreinatzeko prest izango da. «Gasteizen nahiko nuke aukeztu», nabarmendu du.

«El pez plomo» da orain arte Urkijok gauzatu duen lanik serioena baina ez, ordea, bakarra. 2005ean «Yo» izenburua zuen eskolako lanarekin Fant Lehiaketan finalista izan zen. Iaz berriz animazioko minutu bakar bateko film laburra egin zuen. «Hilabete bat egon nintzen etxetik atera gabe», aitortu du. Eta denbora hori ondo inbertitu zuela ziurta daiteke,«Iltzeak» filmak EITB Kulturako lehiaketa irabazi baitzuen. Bertatik jasotako dirua oraingo lana egiteko erabali duela neurri batean.

Gazteari ideiak ez zaizkio falta. «Beti ditut istorioak baina, mementuz, honekin nabil eta asmoa dut ahal beste jaialditara aurkezteko», esan zuen animoso erabat.

Paul Urkijo Arte Ederretako azken urtea ikasten ari da Leioako fakultatean. Berezitasunen artean marrazketa eta ikus-entzunekoak hartu zituen. «Istorioak kontatzea atsegin dut eta gure belaunaldia ordenagailu eta teknologiarekin hazi dela kontuan hartuta, zinea dut gustuko», ondorioztatu du.

BERUN ARRAINA

Arte Ederretako ikaslea da egun, baina ikusentzunezkoetan badu eskarmentu; izan ere, iaz «Iltzeak» animazioazko lanarekin EITB Kultur Lehiaketa irabazi zuen.

Fitxa

Izenburua: «El pez plomo».

Zuzendaria: Paul Urkijo .

Aktoreak: Txema Blasco, Patxi Lazkano, Javi Moreno eta Joxean Morlesin.

Estreinaldia: Muntaia fasean dago eta uztailerako Gasteizen aurkeztea aurrez ikusten dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo