GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gizon batek bikotekidea hil du Gasteizen eta polizia-etxera joan da aitortzera

42 urteko gizonezko batek 35eko emakumezkoa hil zuen atzo labanaz, Gasteizko Sansomendi-Lakua inguruan. Biktimak salaketak jarriak zituen tratu txarrengatik eta babesteko neurriak ere eskatuak zituen.

GARA |

Atzo eguerdiko ordu bata aldera emakumeen aurkako indarkeriak hildako bat eragin zuen Arabako hiriburuan. Sansomendi-Lakua inguruan, etxebizitza bateko atarian emakume bat larri zaurituta zegoela jakinarazi zioten Ertzaintzari, eta poliziakide batzuk eta anbulantzia bat joan ziren leku horretara. Larrialdi zerbitzuetakoek ezin izan zuten 35 urteko gaztearen heriotza baieztatu bertzerik egin.

Ertzainek erasotzailea bilatzeari ekin zioten orduan, baina hirurak aldera 42 urteko gizonezko bat joan zen polizia-etxera bikote-laguna hil zuela aitortzera eta atxilotu egin zuten. Gainera, labana bat ere aurkitu zuten, ustez emakumea hiltzeko erabili zuen arma.

Arratsaldean gertatutakoa argitzeko ikertzen jarraitzen zuten eta biktimak bikote-lagunaren aurkako salaketa batzuk paratuak zituela ikusi zuten, nahiz eta elkarrekin bizi ziren. Abenduan, babesteko neurriak eskatu zituen; epaitegiek, ordea, ukatu egin zioten laguntza hori.

Hildakoak 19 urteko alaba bat dauka, eta, haren ezagunek GARAri azaldu ziotenez, azken hilabeteotan hagitz kezkatuta ibili da etxeko egoera kaskarra zela-eta. Amonarenera joana zen bizitzera. Iturri horiek kontatu zutenez, erasotzaileak hildakoaren ahizpa baten etxera deitu zuen mehatxuka.

Atxilotuak Irun eta Oiartzunen

Gipuzkoan, bi gizon atxilotu zituzten atzo bikote-lagunari erasotzeagatik. Ertzaintzak azaldu zuenez, horietako batek behatza hautsi zion emakumeari borroka batean. Oiartzungo kanping batean izan zen, eguerdiko ordu bata aldera. Badirudi gizona mozkortuta zegoela eta emakumeak ez ziola egoera horretan gidatzen utzi nahi. Ertzaintzaren idatzian azaltzen denez, eztabaidan eta borrokan hasi ziren horregatik. Biktima erietxe- ra eraman zuten.

Bertzalde, Irunen, 50 urteko gizona atxilotu zuten, bikote-lagunari aurpegian telefono mugikorrarekin jotzea, ukabilarekin hainbat kolpe ematea eta barruko arropetan furgonetatik botatzea leporatuta. Emakumea hurbileko hotel batean babestu zen eta handik hots egin zion Ertzaintzari. Poliziakideak biktimari laguntzera joan zirenean erasotzailea agertu zen poltsarekin eta arroparekin eta atxilotu egin zuten. Badirudi bertze egun batean martxan zegoen kamioi batetik bota nahi izan zuela gizonak emakumea.

Azpeitian, elkartasuna

Joan den astean salaketa paratu zuten Azpeitian hiru gelakidek 14 urteko neska bati eraso egin ziotelako. Berria jakin ondoren, «herriko egoera eta iritziak kontuan hartuta eta erantzuteko betebeharrari jarraituta», adin guztietako emakume talde batek adierazpenak egin zituen atzo komunikabideen aitzinean eta heldu den asteartean, arratsaldeko zortzietan, udaletxe parean kontzentrazio isila egitera deitu zituen herritarrak.

Babes osoa eskaini zioten neska gazteari, baita edozein unetan erasotuak sentitu diren emakume guztiei ere, eta emakumeek eraso matxistak egunero sufritzen dituztela oroitarazi zuten. Erantzukizunak hartzeko exijitu zieten udalei eta beharrezkotzat jo zuten norbanakoek jokabideak hausnartzea eta jarrera aktiboa izatea.

azpeitiko eskaerak

Hezkidetza programa integralak eta benetako berdintasun plan berritua gauzatzeko exijitu zien udal berriei Azpeitiko emakume talde batek, eta hezkidetza integrala lantzeko eskatu zien ikastetxeei.

bilgune feminista

Bilgune Feministaren iritziz, instituzioen neurriak desegokiak eta eraginkortasunik gabeak direla frogatzen du Gasteizko hilketak. Justizia soziala eta gizartea errotik aldatzeko beharra aldarrikatu zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo