GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Inazio Agirre Arregi Ezker abertzaleko kidea

Legez agindu gabe enpresak euskalduntzea idealista da

Sailburuordeak aipatzen dituen bi baldintzak -enpresen borondatea eta euskalduntzeko tresnak izatea- baldintza beharrezkoak dira, baina ez dira baldintza nahikoak enpresak eta arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko

Franco hil dela 30 urte igarota, sozioekonomiaren arloan «hutsaren hurrengoa» egin da. Hori adierazi du Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordeak euskara enpresetan zabaltzeko tresna berriak aurkezterakoan. Jaurlaritzaren helburua hurrengoa da: «Euskadiko enpresetan euskara erabiltzeko ekintzak nahiz euskara planak, laguntzak eta baliabideak ezagutaraztea eta horiek abian jartzeko gonbidapena egitea». Jaurlaritzak enpresak gonbidatzea ondo dago, baina ez da aski enpresa guztiak euskalduntzeko. Horretarako, zerbait eragingarriagoa behar da.

Quebecen frantsesa zabaltzeko, enpresaren betebeharrak legez agintzen dituzte, besteren artean, honako artikulu hauen arabera:

«136. artikulua: Ehun pertsona edo gehiago enplegatzen dituzten enpresek frantsesaren erabilera lehenesteko batzordea eratu behar dute. (...) Batzordeak enpresaren analisi linguistikoa egingo du Hizkuntza Frantsesaren Bulegora bidaltzeko. (...) Frantsesaren erabilera lehenesteko programa prestatuko du eta hori nola aplikatzen den zainduko du. Frantseste ziurtagiria ematen zaionean, enpresak ahalegina egin beharko du frantsesaren erabilerak orokorra izaten jarrai dezan».

«139 artikulua: Berrogeita hamar pertsona edo gehiago enplegatzen dituen enpresak Hizkuntza Frantsesaren Bulegoan erregistratu beharko du».

«143 artikulua: Enpresak frantsesaren erabilerak lehenesteko programak aurkeztu beharko dizkio Hizkuntza Frantsesaren Bulegoari».

Quebeceko planteamendua hurrengoa da: Hizkuntza Frantsesaren Gutunaren helburuak bete behar dira eta horretarako, Hizkuntza Frantsesaren Bulegoak enpresari lagundu behar dio programa prestatzen eta aplikazioaren jarraipena egiten. Enpresak egiten du programa eta Bulegoak nola egin behar duen azaltzen dio. Baina enpresek frantseste programak txukun betetzen ez badituzte, Bulegoak programa eten egiten du, hizkuntza frantsesa babesteko batzordean salaketa jartzen du eta, ostean, epaitegiek erabakitzen dute administrazio zigorrak jarri edo ez.

Quebecen, duela hamarkada batzuk frogatu zuten gonbidatzeak bakarrik ez duela balio enpresetako hizkuntz egoera frantsesteko. Porrota gainditzeko, borondatezko hizkuntz politika utzi eta betebeharrezko politika ezarri zuten. Hala, 25 urte ondoren, arrakasta lortzen ari dira, 1996an egindako hizkuntz egoeraren ebaluazioaren arabera. Hizkuntza frantsesaren erabilera orokortua bermatzen ari dira Quebeceko enpresetan, Amerikako Estatu Batuen eta Kanadaren aldamenean. Hau da, ingelesdun merkatua nagusi den eremu batean.

Sailburuordeak aipatzen dituen bi baldintzak -enpresen borondatea eta euskalduntzeko tresnak izatea- baldintza beharrezkoak dira, baina ez dira baldintza nahikoak enpresak eta arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko. Horretarako, hirugarren baldintza bat ere derrigorrezkoa da: enpresei legez ezartzea euskalduntzeko betebeharra. Izan ere, legez agindu gabe, borondatea duten enpresak bakarrik sartuko dira programan. Normala denez, gutxi izango dira, egoera minorizatuan baikara. Gainera, horietatik oso gutxik lortuko dituzte helburuak. Hori aurreikusteko, nahikoa da hurrengo datua aztertzea: zenbat diren Eusko Jaurlaritzaren enpresa publikoen artean beraien jarduna euskaraz bideratzen dutenak.

Arlo sozioekonomikoan arrakasta izateko hizkuntz politika eragingarriagoa behar da. Enpresak, legez ere, euskara planak burutzera behartu ahal izateko Euskal Herri osoan, langileei lana euskaraz egiteko eskubidea ziurtatzeko, hezkuntza sistemak euskaldundutako gazteei euren lana euskaraz egin dezaten bermatzeko, irlanderatze prozesua saihesteko eta euskal hiztun komunitatea berrosatzeko. Eta hori egitea ez da inposatzea, egoera normalizatu batera iristeko ezinbesteko urratsak ematea baizik. Lorpen demokratikoa da, Euskal Herriak jasan duen mendetako asimilazioaren injustiziaren ondorioak gainditzeko.

Jaurlaritzaren menpeko hizkuntza politika ez da hizkuntz garapen iraunkorraren eredu euskararentzat. Gainera, hizkuntz ekologiaren aurkakoa da. Izan ere, ez du euskararentzat galdatzen, gaztelaniak eta frantsesak, bakoitzak bere estatuan, duten berdintasunezko estatusa eta parekotasunezko egoera -eremu politikoan, juridikoan zein soziolinguistikoan-. Beraz, ez du hizkuntzen berdintasuna eta garapen ekitatiboa bultzatzen eta euskararen, euskal herritarren eta Euskal Herriaren bereizkeria indartzen du.

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak prentsaurrekoan adierazi duenez, LanHitz programa «oso errealista» da. Ez nator bat: enpresak euskalduntzeko betebeharra baztertuta, legez agindu ordez soilik gonbidatzea, oso idealista da, hitzaren adierarik txarrenean. Ezinbestekoa da, beraz, esparru politiko eta juridiko berria eraikitzea, legearen aginduz ere, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko prozesua lagundu ahal izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo