GARA > Idatzia > Kultura

Haur Kantari Txapelketaren finalak Euskal Herriko ahots onenak elkartuko ditu Biarritzen

28 bakarlarik edo taldek hartuko dute parte heldu den igandean Biarritzeko Gare du Midin egingo duten ekitaldian. Zazpi probintzietako jaialdi eta txapelketetatik ateratako hoberenak izanen dira presente.

Idoia ERASO | BIARRITZ

Ipar Euskal Herriko txapelketetatik sortu zen Euskal Herriko Haur Kantu lehiaketa eta, egun, Bizkaian indar berria du. «Azken urteetan Bizkaian mugimendu handia dago. Gipuzkoan, aldiz, zailtasunak izaten dira ekitaldia antolatzeko nahiz eta aurten hobetu egin den», azaldu zuen Maite Idirin antolatzaileak. Hobekuntzaren arrazoietako bat antolakuntzako Ainhoa Ansaren parte-hartzea izan da; izan ere, 300 bat haur izan dira Gipuzkoan antolatu bi jaialdietan.

Bizkaian egin dituzten sei kanporaketetan 1.000 haurrek gutxi gorabehera parte hartu dute. Igandean egin zuten finalak arrakasta handia izan zuela adierazi zuen bertako antolatzaile Juanjo Zelaiak. «Lehen aldiz finala Arriaga antzokian egin genuen eta oso ondo joan zen dena». Gertatzaileek nabarmendu nahi izan dute ezkerraldetik heldu taldeak izan direla lehen aldiz. Araban 21 parte-hartzaile izan ziren. 26 partaide bana izan zituzten Zuberoak eta Nafarroa Behereak. Lapurdin inoiz baino haur gehiagok parte hartu zuten 54 talderekin edo bakarlarirekin eta Nafarroan 6 jaialdi izan ziren.

Zazpi probintzietako ekitaldietatik atera kantaririk hoberenak elkartuko dira igandean, baina Biarritzera heltzeko bide ezberdinak jarraitu dituzte. Lurralde gehienetan txapelketa antolatzen bada ere ez berdin Nafarroan eta Gipuzkoan. Azken bi probintzia horietan ez dute finalik antolatzen eta txapelketa beharrean jaialdiak egiten dira. Ez dira lurraldeko abeslariak saritzen, baina epaimahai batek lau hoberenak aukeratzen ditu Euskal Herriko finalerako.

Nafarroan tradizionalki antolatu dituzte jaialdiak, baina Gipuzkoan lehen urtea da horrela egiten dela. Orain arte zailtasunak izaten zituzten antolatzaileak gipuzkoarrak parte-hartzera erakartzeko eta horregatik beste era hori aukeratu dute aurten frogatzeko, eta dirudienez ongi ibili da.

Sorkuntza andana

Kantu ezagunekin parte hartzen duten kantari asko badira ere, aurten sorkuntza andana entzun ahal izan dituzte probintzietako txapelketetan. Nafarroa Beherean eta Lapurdin bereziki kantu berri asko ezagutzeko parada izan da. Lapurdin izan ziren 54 kantuetatik erdia baino gehiago sorkuntzak izan ziren, 28 hain zuzen ere. Nafarroa Beherean ere 12 kantu berri izan ziren parte hartu zuten 26 talde eta bakarlarien artean.

Klasikoek tokia atxikitzen dute, hala eta guztiz ere. Xabier Leteren «Xalbadorren heriotzean» behin baino gehiagotan abestu dute Euskal Herriko gaztetxoek txapelketan. Finalean «Mendian gora» kantu tradizionala Nafarroako Garazi Erbiteren eta Bizkaiako Irantzu Rojoren ahotsetan entzuteko aukera izanen da seguruenik. Antolatzaileen gomendioei jarraiki bi bakarlarietako batek kantua aldatzeko aukera ere bada. Izan ere, epaimahaiaren parte den Maite Idirinek azaldu zuen: «Kantu bera behin baino gehiagotan entzuten denean txapelketa batean, epaimahaiko kideak aspertzen dira eta kantariek irabazteko aukera gutxiago izaten dituzte».

Igandean bukatuko da gaztetxoen kantu txapelketa. Izan ere, bi urtero egiten dute gaztetxoena eta helduena lau urtero soilik. 2008an izanen da berriro helduen txanda eta finala ekainaren 15ean izango da Bilboko Arriaga antzokian.

Fitxa

Tokia: Biarritzeko Gare du Midi aretoan.

Data: Ekainaren 10ean, igandean, arratsaldeko 4etan.

Antolatzailea: Euskal Kantuzaleen Elkartea Kantagintza.

Sarreraren salneurria:

10 euro helduentzat eta 5 euro 16 urte baino beheragokoentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo