Buruz Buruko Txapelketa
Finala ekainaren 17ra atzeratzea onartu du Ligak
Ontzat jo du Asegarceren eskaera eta Aimar Olaizolak bi aste izango ditu bere laugarren finala prestatzeko
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Abel Barriolaren eta Aimar Olaizolaren arteko Buruz Buruko finala ekainaren 17an jokatuko dute azkenean Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Esku Pilota Enpresen Ligak (EPEL) ontzat eman du Asegarcek eginiko atzerapen eskaera eta, beraz, Aimarrek bi aste izango ditu finala prestatzeko. Gonzalezen aurkako finalerdiaren amaieran, Goizuetako aurrelariak aipatu zuen hamabost egun beharko zituela finalera behar bezala heltzeko eta halaxe izango da.
«Finala, berez, 2007ko ekainaren 10ean jokatzea posible den edo ez erabakitzea baino, bidezkoa da bi pilotariak finalera ahalik eta egoera fisiko onenean iritsi daitezela ziurtatzea. Aurkeztu dituzten dokumentuak aztertuta, baliteke baldintza hori ez betetzea Aimar Olaizolak finalerdia ekainaren 2an jokatu zuela kontuan hartuta», arrazoitzen du Borja Oses Garcia EPELeko Epaile Bakarrak.
Horrez gain, Ligak finalaurrekoaren eta finalaren artean hamabost eguneko tartea uzteko ohitura ere kontuan izan du. «EPELeko lehiaketetan ohiko bihurtu den egiteko moduari jarraituta, desiragarria suertatzen da finalistei, gutxienez, bi asteko tartea uztea finalerdia eta finalaren artean», dio Enpresen Ligak argitaratutako oharrak.
Aurreko bi arrazoiak direla-eta, «ezerk ez du eragozten finala astebete atzeratzea araudiak ezarritako gehienezko epea errespetatuz», Borja Oses epailearen hitzetan. Horrenbestez, Asegarceren eskaera ontzat hartzen da eta finala ekainaren 17an jokatuko dute.
Sarrerak 150 eurotan
Bestalde, egunotan EITBk zabaldu duenez, Buruz Buruko finala bertatik-bertara ikusteko kantxako sarrerak 150 eurotan jarriko dituzte salgai, inoiz ezagutu den preziorik garestiena. Kontuan izan behar da, azken finalak Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatu dituztela eta Arabako frontoian Donostiako Atanon baino jende gehiago sartzen dela, horrek sarreren prezioan izaten duen eraginarekin. Ogetak 2.155 eserleku ditu eta Atanon 1.856 ikusle bakarrik sartzen dira, ia 300 gutxiago. Gainera, korridoreetako sarrerak desagertzen badira -Gasteizen gertatu zen moduan-, ikusle kopurua are eta mugatuagoa izango da finalean.
Dirudienez, kantxako eserlekuez gain, beste sarrerak 100, 70, 50 eta 40 eurotan jarriko dituzte salgai, bigarren solairua eta errebotea tartean.
Pilotariak finalera «ahalik eta egoera fisiko onenean iristea» eta «Ligaren ohiturari jarraituta finalerdiaren eta finalaren artean bi asteko epea ziurtatzea» dira Borja Oses epaileak erabilitako argudioak.