Erabakiarekin ados egon arren..., ezin al zen lehenago hartu?
ASIER AIESTARAN
Aimar Olaizolak finala prestatzeko hamabost egun eduki nahi izatea erabat ulergarria iruditzen zait. Are gehiago, horrelako hitzordu batera sasoi betean heltzeko beharrezkoak ere badirela esango nuke. Baina hori esatearekin batera, galdera bat sortzen zait nire baitan: azken orduko lesio larririk egon ez baldin bada, ezin al zen finala atzeratzeko erabakia dezente lehenago hartu?
Izan ere, Enpresen Ligak atzerapena onartzeko erabilitako argudio nagusia -eta ia bakarra- pilotari batek finala behar bezala prestatzeko gutxienez hamabost egun behar dituela baldin bada, nahiz eta arazo fisiko berezirik eduki ez, Olaizola II.a eta Gonzalezen arteko finalerdia atzeratu zen egun berean hartu behar zen finala ere atzeratzeko erabakia.
Gogoeta hori, gainera, garraztasun puntu batekin egiten dut. Pilota munduaren egitura pribatua ikusita, atzerapenak erabat debekatzeko aukera -arazoa sustraitik desagertaraziko lukeen neurri bakarra- aspaldi jo nuen ezinezkotzat, baina astelehen bateko hizpide nagusia igande horretan bertan urteko finalik garrantzitsuena jokatuko duten edo ez izatea penagarria iruditzen zait. Batez ere, azken orduko lesio edo ezbehar berezirik egon ez dela kontuan hartuta. Eta ez da lehen aldia, ez horixe.
Iruditzen zait zaleak baduela finala noiz eta non jokatuko duten garaiz jakiteko eskubidea. Pilotalekura joan behar duenak ere, bere egutegia antolatu beharko du, finalak beste eginbehar garrantzitsuren bat ez oztopatzeko. Geuk ere, kazetari moduan, gure planifikazioak egiteko beti azken egunera arte zain egon beharra ere ez da egokiena. Eta noski, pilotariek, festa honetan zer esan gehien dutenek zalantzarik gabe, beste begirune bat merezi dute.
Horregatik, eta arazoa errotik konponduko ez balu ere, komenigarria iruditzen zait Ligaren araudi anbiguoari lerro hauek gehitzea: «Pilotari guztiek hamabost eguneko atseden epea izango dute gutxienez finalerdiaren eta finalaren artean». Ideia bat ematearren.