Arkaitz Zipitria Mendizabal Ikaslea
Oraingoan ere ziria sartu digute
Sei hilabete eragozpen ugarirekin eta 400.000 euro baino gehi-ago, funtsean lehengoan jarraitzeko. Honen ostean, Arrigorria- gako Urgoiti pasealekuko zati batean oinezkoek lehentasuna ei dugu. Egia da polito geratu dela, baina praktikan ez da ezer aldatu. Izan ere, kotxeak lehen beste pasatzen dira eta asko lehen bezain azkar. Akaso orain norbait harrapatuz gero, zigor ederra jasoko du gidariak.
Eta nire ustez, herriak eta herritarrok behar ugari ditugu estetika kontuetan sartu aurretik:
Bi urteko umeak eskola duinik gabe daude, ez ei dago lekurik. Baina tira, badirudi hau huskeria dela. Izan ere, 5 sartzen diren lekuan 6 ere sartzen dira,, 7ren lekuan 8... Beraz, arazorik ez!
Gazteok ez daukagu gaztetxerik. Ez da hitz egin ez dugulako, saiatu ez garelako, ez! Baizik eta alkateak nahi ez duelako! Arrigorriagan milaka parke daude. Gutxi izaki, beste bat behar zuen herriak. Horregatik, gazteok okupatutako antzinako kuartela (8 etxebizitza) botatzea premiazkoa zen, kuartelak okupatzen zuen hedadura txikian parketxo bat egiteko (egiari zor, benetako beharra zen parke berria: desalojatu gintuztenetik ia urtebete pasatu da eta parkearen arrastorik ere ez daukagu oraindik). Gainera gaztetxearen beharrari ez ezik gazteok dugun etxebizitza arazoa leuntzeko ere balioko zukeen kuartel zaharrak.
Hauteskundeak ospatu diren honetan, badirudi alkate bera eta gazteon zinegotzi bera izango ditugula. Espero dut oraingoan herritarren ordezkari moduan jokatzea eta egiten dutenaren aurrean aurpegia ematea. Eta ez dezatela pentsa orain arte bezain lasai ibiliko direnik sudur puntan jartzen zaiena egiten. Gazteok ez baitugu halakorik onartuko. Gainera, oraingoan bai, Arrigorriagako gazteok merezi dugun gaztetxea lortuko dugu.
Animo gazteak! guk bai egin behar dugula!