Espekulazioa salatu eta etxebizitza eskubidea aldarrikatu dute Sestaon
Ezkerraldeko hainbat kolektibok protesta ekintza egin zuten atzo Sestaoko udaletxearen aurrean, inguru horretan instituzioei egingo zaien berregituraketan eskubide sozialek lehentasuna izan dezaten.
GARA |
Bizkaiko Ezkerraldeko hainbat kolektibo Sestaoko udaletxearen aurrean elkartu ziren, oilo mozorrotan, «habi duin baten eskubidea» aldarrikatzeko. Protesta ekintza horren helburua «Ezkerraldean ematen den espekulazio egoera salatzea eta etxebizitza eskubidearen alde» egitea zen. Ekintzaren ondoren «eskubide sozialek lehentasuna duten instituzio-politikak exijitzen dituen manifestua» udal erregistroan sartu zuten. Manifestu horrek Rivas, Urbinaga eta Simóndrogas auzoei eragiten die, horiek baitira berregituratze planean sartzen diren eremuak. «Etxebizitza eta zerbitzu sozial duinerako aukera izatea» eskatu zuten auzo horietako bizilagunentzat.
Ezagutzera eman zutenez, Etxebizitza Sailak egindako ikerketen arabera 2005etik 2006ra metro karratuaren balioa %8,25 igo zen Santurtzin (3.234 euro), %7,7 Portugaleten (3.151 euro), %8,3 Barakaldon (3.0353 euro) eta 2.802 euro Sestaon. Horrez gainera, Lakuako Gobernuak etxebizitza eskaerari buruz iaz egindako inkestaren arabera, Ezkerraldean beharra dutenak 9.159 lagun dira.
Gastu militarrari alternatiba
Gastu militarretara bideratutako dirua EAEn urtean 1.805,24 milioi eurokoa dela salatu zuten kolektiboek; Gasteizko Gobernuak lur-erosketari eta Babes Ofizialeko Etxebizitzei bideratutakoa, aldiz, 65 milioi eurokoa da. Gastu militarren urteko kopuruarekin gutxieneko soldata-ra iritsi ez eta Etxebiden izena emanda duten 33.836 familiek izanen lukete etxebizitza.