GARA > Idatzia > Ikusmira

Arrosadian polizien larderia nagusitu zen

Arrosadiako jaietan, espero izatekoa zen giro alaia, eta garrantzirik gabeko istiluren bat. Baina igandean istiluak nagusi izan ziren, eta alaitasuna zapuztua. Nafarroan berriro ere agertu zen Poliziaren bortizkeria, udal eta foru poliziek eragin zutena. Eta, ondorioak ikusita, badirudi polizien jardun bortitza ez ezik, neurrigabea ere izan zela. Izan ere, hamar gazte inguru zauritu ziren, eta haietatik zortzi ospitalera eraman behar izan zituzten pilotakaden eta borren kolpeen ondorioz. Lekukoen arabera, gazteek poliziei zergatik kendu zituzten hainbat kartel eta pankarta galdetzea nahikoa motibo izan zen modu bortitzean oldartzeko. Jarrera hori ohikoa da, baina ezin da inola ere normaltzat jo. Ez baita normala jaiak ospatzen ari diren inguru batera sartu eta ikara zabaltzea. Gazteek zergatik kendu zituzten kartelak galdetu zieten poliziei, edozein herritarrek egin zezakeen galdera baita, eta inondik inora ez oldartu ziren moduan oldartzeko motibo. Bestalde, poliziak borrak erabiltzeko eta pilotak jaurtitzeko prest zituztela agertu ziren, eta beste galdera bat egin genezake, haien helburua ez ote zen, kartelak kentzeaz gainera, beste bat. Garaia da larderia hori baztertzeko, baina erantzukizunik handiena ahaztu gabe, eta hori kasu honetan herrialdea eta hiriburua gobernatzen dituen alderdiarena da. Bere ordena igandean bezala ezartzen duen alderdiarena, alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo