Pilota Berezkoak
Larretxeak eta Kurutxarik ezustea eman dute Pauen
40 eta 18 menderatu dituzte Waltari-Ezkurra II.a Biarnoko hiriburuko torneoko finalean
Jon LEUNDA | BAIONA
Olivier Larretxeak eta Andde Kurutxarik eman zuten ezustekoa, herenegun Pauen jokatu zuten Torneoko finalean. Waltari eta Ezkurra II.a, egun dauden bi onenak, txapela lortzeko faborito nagusiak ziren, baina kubatarrak eta urruñarrak 18 kintze besterik ez zituzten egin, eta txapelik gabe geratu ziren.
Larretxea eta Kurutxari hasieratik amaierara nagusitu ziren. Aurkariei ez zieten ezertan ere utzi, eta ongi merezitako garaipena lortu zuten. Berahala aitzineratu ziren markagailuan, eta apurka-apurka zuloa egiten joan ziren, amaieran 22 kintzetako aldea kentzeko.
Andde Kurutxari izan zen partidako onena. Sekulako norgehiagoka egin zuen, ia kintze bat bera ere huts egin gabe. Aurrean Larretxeak ere bikain lagundu zion. Zuraidekoa sasoi betean dago, eta bera jokoarekin dagoenean oso zaila izaten da gain hartzea.
Waltari izan zen finaleko eskasena. Kubatarrak sasoia galdu egin du, ez du orain dela hilabete zuen freskura hura, ez baita gauza bera, bera baino maila askoz ere kaskarragoa duetenen aurka aritu, edo bere mailakoekin aritu, eta hori nabaritu egin du. Orain hiru asteko oporrak eman dizkio enpresak, eta hilaren 24an itzuliko da Armendarizeko Torneoa jokatzeko.
Paxkal Ezkurra ere ez dago bere unerik onenean, baina ari da apurka-apurka izan zuen sasoi puntu hura berreskuratzen. Urruñakoak nahiko partida txukuna egin zuen. Larretxeak zazpi kintze lortu zituen, eta Waltarik, bat gutxiago.
Final horretaz gain, bazegoen beste partida erakargarri bat ere bai. Hasiera batean, Loquilo Lazkanoren aurka zen neurtzekoa buruz buru, baina Urruñakoa min hartuta zegoen, eta beste pilotari batek ordezkatu zuen. Partick Ezkurra izan zen bere lekua hartu zuena, eta 40 eta 30 irabazi zion gainera, pilotari mexikarrari. Ezkurra bakarka oso trebea da, txapela ere jantzita dago, eta amerikarrari ez zion aukerarik eman.
Egia da, Loquillok bazituela arazo batzuk eskuan, baina amaieran ez zen izan ezer, eta normaltasun osoz jokatu zuen. Ezkurrak, berriz, garbi utzi zuen oraindik jokoa baduela, nahiz eta 40 urtetara gerturatu samartuta dagoen.
Loquillok ere atzo utzi zuen Euskal Herria, eta hemendik hilabete eta erdi barru hemen izatea espero dutela esan zion GARAri Jean Michel Idiartek, EPB enpresako arduradunak. «Orain, Mexikora itzuli da, baina berriro etorriko da. Noiz ez dakigu, abuztuaren hasiera baino lehen hemen izatea nahiko genuke, baina oraindik ez dakigu, hemendik hogei bat egun barru zehazki esateko moduan izango gara», esan zuen.