GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Sega

Ormaetxeak irabazi du Gipuzkoako Txapelketako lehenengo saioa

J.L. | DONOSTIA

Jexuxmari Ormaetxeak irabazi zuen herenegun Orendainen jokatu zuten Gipuzkoako Txapelketako lehenengo saioa. Hiru kanporaketa jokatuko dituzte lehiaketa horretan, eta bertan segalari guztiek lehiatu beharko dute. Hala, punturik gehien batzen dituzten lau segalarik lortuko dute finalerako txartela.

Orduerdiko lana egin behar zuten herenegun Orendainen, eta bertako segalaria, Ormaetxea alegia, onena izan zen. Berak 1.819 kilo moztu zituen, eta sasoiko dagoela erakutsi zuen. Bigarren Joxe Gabirondo izan zen, egungo Gipuzkoako txapelduna. Gaztelukoak 1.765 kilo moztu zituen. Hirugarren Alkorta sailkatu zen. Horrek ere lan ona egin zuen, eta 1.713 kilo moztu zituen.

Goikoetxea sailkatu zen laugarren. Egungo Euskal Herriko txapeldunak 1.641 kilo moztu zituen. Azkena, berriz, Arteaga geratu zen. Oraingoz, beraz, bera geratuko litzateke finaletik at. Baliarraingoak 1.368,5 kilo moztu zituen. Bigarren jardunaldia hilaren 10ean jokatuko dute Zizurkilen. Han ez dute herenegungo lan bera izango, abiadura proba izango baita Zizurkilen, eta bost segalariak hantxe izango dira nor baino nor.

Bestetik, Almintza Elkartea ari da abuztuan Austrian jokatuko den Europako Txapelketa prestatzen, eta bertarako kanporaketak egingo dituzte hilaren 16an eta 24an. Izena emateko epea ekainaren 7an amaituko da, eta parte hartu nahi dutenek 615 743 411 edo 756 726 490 telefono zenbakietara deitu beharko dute edo almintzasega@yahoo.es helbidera idatzi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo